Inauterien iragarleak dira kaldereroak, eta nahiz eta inauterietarako hilabete inguru falta izan, festa giroa zabaltzen hasiko dira asteburu honetan Donostian. Larunbat gauean, 350 lagun inguruk parte hartuko dute Kaldereroen konpartsa tradizionalean. Ohiko kantu alaiekin Parte Zaharreko kaleak alaituko dituzte, 22:00etatik aurrera.
Fermin Kalbeton kaletik abiatuko dira, eta Raimundo Sarriegiren plakaren ondoan Begi urdin bat kantatu ondoren, Konstituzio plazara joango dira. Han Donostiako Musika Eskolako Bandako gazteekin kaldereroetako lau kantak abestuko dituzte. Goizaldeko ordu biak bitartean, Parte Zaharreko hainbat kaletan ibiliko dira.
Aurten, hala ere, ibilbidea pixka bat moldatuko dute, Union Artesanara joango direlako. 140. urteurrena ospatzen ari da elkartea, eta haiei omenaldia egiteko bertaraino joango dira kaldereroak, eta plaka bat oparituko diete.
Handik Abuztuaren 31 kalera abiatuko dira, eta Hungariako Kaldereroak aipatzen dituen plakaren ondoan geratuko dira kantatzera. «Oso momentu hunkigarria izaten da hori», dio Ibon Otaegi Kaldereroetako zuzendariak.
Gaztelubideko plazatxoan bukatuko dute kaldereroek euren jarduna.
Otaegiren iritziz, «oso festa hunkigarria da, eta, donostiarrentzat, oso polita»; horregatik, urtez urte gero eta jende gehiagok parte hartzen du jaian; haur, gazte eta helduek bat egiten dute.
Inudeak eta artzainak
Kaldereroen biharamunean aterako dira kalera Kresala dantza taldeko inudeak eta artzainak. Euskal Herria kalean dute hitzordua, eguerdian.
Parte Zaharreko hainbat kale zeharkatuko dituzte 30 bikotek eta 60 bat musikarik. Zortzikoa, arin-arina eta fandangoa dantzatuko dituzte, besteak beste, ibilbidean zehar. Konstituzio plazan, berriz, ekitaldi nagusia egingo dute, eta, hori amaitu ondoren, Bretxan, artzainek hartuko dute umeen ardura eta inudeek artzainen makilak. Kresala taldearen egoitzan —Euskal Herria kalean— bukatuko dute 14:30 inguruan.
JAIAK
Zer. Kaldereroak etainudeak eta artzainak.
Non. Donostian.
Noiz. Larunbatean 22:00etan,kaldereroak. Igandean, 12:00etan, inude eta artzainak.
Asteburuko proposamenak
Zartaginen burrunba Donostian
Larunbat gauean Hungariako kaldereroek hartuko dituzte kaleak; igandean, artzainen eta inudeen txanda izango da
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu