Gasteizko Andra Mari Zuriko jaiak hasteko hilabete eskas falta dela, txosnen batzordeak prest dufesta egun horietarako egitaraua. Gasteizko jaiak ofizialki abuztuaren 4an hasiko dira, baina txosnen gunean bezperan hasiko dira festan. Hain justu, abuztuaren 3an zabalduko dituzte txosnak, kalejira eta «jai hasiera mundial» batekin. Hortik aurrera, festa giroak ez du etenik izango abuztuaren 9ra arte.
Txosnen irekiera festan, besteak beste, urtero txosnek banatzen duten saria emango dute; aurten, duela hilabete batzuk zendu zen Blanki Anteparari ematea erabaki dute, «elkartasunaren emakumezko ikur» izan delako.
Musika emanaldiei garrantzi berezia ematen diete urtero txosnen batzordekoek, eta aurten«programa aberatsa» prestatzen saiatu dira, hainbat musika estilotako eta ibilbide ezberdinetako taldeekin. Hala, abuztuaren 3an Ikasle Eguna ospatuko dute, eta Kokein eta Zea Mays taldeak ariko dira; hilaren 4an, Akerbeltzek joko du; hilaren 5ean Amnistiaren Eguna ospatuko dute, Sumision City Blues, Capsula eta Muturbeltzekin.
Txosnen egun handia izango da abuztuaren 6an, eta egitarau oparoa prestatu dute horretarako: eguerdian, bertso saioa eta herri bazkari ekologikoa izango dira; eta gauez, Itziarren Semeak, Obrint Pas eta DJ Al Khachouff-en kontzertuak eta aparraren jaia antolatu dituzte. Hurrengo egunean, Gazte Eguna ospatuko dute, Rockaina, Lendakaris Muertos eta karaokearekin. Hilaren 8an, berriz, Bad Manners, Makala DJ eta DJ Loro& Stepik joko dute. Eta, jaiei amaiera emateko, Fuel Fandango eta Anai arrebak taldeak arituko dira.
Hamabi taldek osatzen dute Gasteizko Txosnen Batzordea, eta, orotara, sei txosna paratuko dituzte unibertsitate guneetan. Aurten, gainera, Arabako Fracking Ez plataformak bere txosna jarriko du, aurrenekoz.
Urtero legez, jai eredu «parte hartzaile, herrikoi, parekide eta euskaldunaren» aldeko apustuari eutsiko diote txosnek. Jaien izaera herrikoiari eutsi ahal izateko,txosnetan bilduko direnei bertan konsumitzeko deia egin diete batzordekoek.
Zea Mays eta Bad Manners Gasteizko txosnetan
Andra Mari Zuriko jaietarako egitarau «zabala» prestatu du Gasteizko Txosnen Batzordeak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu