Jaiak. Lazkao

Zea Mays eta Ze Esatek taldeek dantzan jarriko dute herria gaur

Pilota partidak, herri kirolak eta kontzertuak izango dira asteburuan; astelehenean kuadrillen eguna ospatuko dute

Ze Esatek taldeak ska musikaz beteko du Lazkaoko plaza. A. CANELLADA/ ARP.
Ilargi Agirre.
2012ko apirilaren 28a
00:00
Entzun
Lehengo asteburuan hasitako bideari jarraituko diote Lazkaon. Parrandak eta festa giroak hartuko dituzte herriko kaleak, berriz ere. Txistularien eresiarekin hasiko dute gaurko eguna goiz goizetik, eta Lapke pilota eskolako haurrek euren abileziak erakutsiko dituzte frontoian, ondoren. Eguerdian udaleko ordezkariek soka dantza egingo dute, udaletxe aurrean. Lazkao Txiki musika eskolako trikitilariak arduratuko dira giroa berotzeaz.

Arratsaldean Afrikako erritmoek aztoratuko dituzte herritarrak, Senegalgo Mlomp taldeak musika eta dantza ikuskizuna emango baitu. Haurrentzako herri kirolak eta pilota txapelketaren finala antolatu dituzte, Plazako frontoian. Indarrak berreskuratzeko, triki dantza poteoa egingo dute, eta musikarekin agurtuko dute eguna hara bildutakoek. Zea Mays eta Ze Esatek taldeen abestiak entzun ahal izango dira, plazan, 22:30ean.

Antzar Gazteak txistularien goiz eresiarekin esnatuko dira lazkaotarrak bihar. Goizean eta arratsaldean haurren abentura parkea jarriko dute herriko hiru gunetan: Euskadi eta Lazkao Txiki plazan eta Areria aurreko plazan. Eguerdian, Getariako udal bandak kontzertua eskainiko du, eta kirolak hartuko du protagonismoa arratsaldean, beste behin ere. Pilotazaleek ederki gozatuko dute. Izan ere, Lapke pilotari gaztetxoen partiden ondotik, Mikel Goñi eta Iñaki Eskuderok Aratz Mendizabal eta Asier Mintegiaren aurka neurtuko dituzte indarrak. Frontoiko tentsioak ahazteko, sardina jana egingo dute iluntzean, plazan, eta playback-a eginez, oholtza gainean nola moldatzen diren erakutsi beharko dute San Benito ikastolako haurrek. Egan musika taldeak kontzertua emango du gauean.

Asteburua pasatu eta gero indarrak gorde dituenak izango du non jarraitu. Kuadrillen eguna ospatuko dute etzi. Jokoak egingo dituzte euren artean, eta Debako elektrotxarangak eta Laket musika taldeak joko dute. Asteartean jarraituko du festa giroak, eta, atseden laburraren ondoren, Lazkaomendiko jaiak iritsiko dira hurrengo asteburuan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.