Euskara

Zeintzuk dira ikustaldi gehien dituzten euskarari buruzko bideoak?

Oihartzuna izan du BBC News Mundok euskarari buruz argitaratu duen bideoak, baina ez da gisa horretako lehenengoa. Ikustaldi gehien dituenak bi milioitik gora ditu.

Paul Jorgensen hizkuntzalaria euskarari buruz egin zuen bideoan, 2016an. Hura da euskarari buruzko bideorik ikusiena. BERRIA
Paulo Ostolaza.
2021eko abuztuaren 31
16:34
Entzun

Zeresana eman du BBC News Mundo kateak sareetan argitaratu duen euskarari buruzko bideoak. Leire Ventas kazetariaren ikus-entzunezkoak euskara eta haren ezaugarriak aztertzen ditu, baita dituen bitxikeriak ere: desagertzeko zorian izan zela kontatzen du, gaztelerak dituen euskararen maileguetako batzuk aipatzen ditu... Bi egunean 100.000 ikustaldi baino gehiago lortu ditu, baina horrenbesteko berritasuna al dakar bideo horrek?

Egiari zor, ez. BBC News Mundo bezalako hedabide garrantzitsu batek euskarari buruzko bideo bat argitaratzeak sekulako oihartzuna du, bai, baina aurretik ere badira asko hedatu diren antzeko bideoak. Artikulu honetan horietako batzuk bildu ditu BERRIAk.

Youtuberen zenbakien arabera, plataforma horretan gehien ikusi den euskarari buruzko bideoak 2,3 milioi bisita ditu. Langfocus erabiltzaileak igo zuen 2016ko maiatzean, eta hark ere arrakasta izan zuen hasieratik: lehen lau egunetan 70.000 ikustaldi inguru izan zituen. Basque - A Language of Mystery (Euskara - Misteriodun hizkuntza)izenburu duen ikus-entzunezkoan azalpenak ematen dituena Paul Jorgensen hizkuntzalari kanadarra da, eta hizkuntza gutxituen inguruko bideo mordoa du.

Plataforman dauden bideo batek baino gehiagok uztartzen dute euskara Euskal Herriaren historiarekin. Badira halako bi, gutxienez, milioi erdi bisita inguru dituztenak. Bat, gainera, The Guardian Erresuma Batuko egunkariak 2011n igotakoa da. Beraz, baditu aurrekariak BBCren bideoak.

Jendea euskaraz hitz egiten entzuteak ere sortu izan du jakin-mina. Wikitongues kanaleko bideo ikusienetako batean, adibidez, Jon izeneko getxotar bat ageri da euskaraz hizketan, sei minutuz. Hark euskaraz azaltzen du nola iritsi zen pare bat urte lehenago New Yorkera (AEB), eta ordutik bizi izandakoaz dihardu. 2013an igotako bideo horrek milioi erdi ikustaldi baino gehiago ditu.

Iaz, baliabide hori erabili zuten gazteleraz egin ohi duten Euskal Herriko pare bat youtuberrek ere bideo bana egiteko. Maik da bat, eta Iban Garcia bestea. Euren erronka 24 orduz euskaraz bizitzea zen, eta hori grabatzea. Bisita ugari dituzte euren bideoek, baina kritikak ere izan zituzten. Izan ere, hainbat erabiltzailek euskararen erabilera erromantikoa egitea egotzi zieten, eta bisitak eskuratzeko baliabide gisa erabiltzea hizkuntza. Maiken bideoak 340.000 ikustaldi ditu, eta ia 200.000 Garciarenak. Garciak badu euskarazko Youtubeko kontu bat ere, baina joan den uztailetik ez du igo bideorik hara.

Antzeko kritikak egin zizkioten urte pare bat lehenago birala egin zen beste bideo bati. Izenburuan galdera bat zuen: «Euskara al da munduko hizkuntzarik ederrena?». Han, @ewiglu erabiltzaileak gaztelerazko eta euskarazko zenbait hitz eta esamolde alderatzen ditu. Youtubera Russia Today hedabideak igo zuen, eta 800.000 ikustaldi baino gehiago ditu.

Euskarari buruzko bideo guztiak, ordea, ez dira gaztelaniaz edo ingelesez. Deigarria da, adibidez, errusierazko bideo bat. «Euskara? Orain azalduko dizut!» da bideoaren izenburua, eta 200.000 ikustaldi baino gehiago ditu. Euskararen jatorriaz hitz egiten du, esaldiak nola osatzen diren azaltzen du...

Euskara beste hizkuntza batzuekin alderatzen duten bideoek ere badute arrakasta. Jarraian ikusgai duzuen bideoak ere 200.000 ikustaldi baino gehiago ditu, eta euskal hitzak gaztelerazkoekin, ingelesezkoekin, frantsesezkoekin eta alemanezkoekin alderatzen ditu, nolabait ere euskara haien oso ezberdina dela erakusteko. James Thomas erabiltzaileak 2013an igo zuen bideo hori.

Antzeko bideo bat du Pedro Rivas youtuber galiziarrak ere, Isabel izeneko neska euskaldun batekin batera; ia 700.000 ikustaldi ditu. Ikus-entzunezko horretan batak besteari bere hizkuntzako hitz bat proposatzen dio, eta besteak haren esanahia asmatu behar du: Isabelek galizierazko hitzen esanahia asmatu behar du, eta Rivasek euskarazkoena.

BBCren bideoak harrera arrakastatsua izan du, batez ere latinoamerikarren artean. Kazetariak bideoaren amaieran azaltzen du euskaldun asko herrialde horretara joan zirela XX. mendean, eta, horren ondorioz, bertan euskal izen ugari daudela. Horri jarraituz, iruzkin zaparrada hasi da: Hego Amerikan geratu diren euskal abizenez aritu dira bertako biztanle asko, eta hizkuntzari buruzko informazio gehiago eskatu dute beste hainbestek. @HellaBasque amerikar euskaldun youtuberrak badu bideo bat haiei buruz, eta 66.000 ikustaldi ditu.

Dena den, batek baino gehiagok ezustekoa hartuko du Youtuben basque hitza bilatuz gero. Izan ere, hitz horren inguruko bideo ikusienak ez dira historiari, hizkuntzari edo Euskal Herriko txokoei buruzkoak, labeko gazta tartari buruzkoak baizik. Dozenaka bideo daude basque burnt cheesecake-a nola egin azaltzen dutenak, eta milioi bat ikustaldi baino gehiago dituzte hainbatek.

Badira beste dozenaka kanal eta edukigile ere euskarari buruzko bideoak igotzen dituztenak, nahiz eta ikustaldi gutxiago dituzten.

Nahi edo nahi ez, hori da euskarak bideo plataforman duen arrasto digitala. Batzuentzat erromantikoegia izango da. Beste batzuek, berriz, esango dute edozein motatakoa izanda ere ona dela edukiak eta ikustaldiak izatea euskararen etorkizunarentzat. Ez da eztabaida berria.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.