Osasuna. Sexologia

Zelan esan esan beharrekoa

Barru-barruko sentipenak azaltzea oso zaila da. BERRIA.
2011ko martxoaren 1a
00:00
Entzun
Bai... aspalditik zure burua jira bueltan dabiltza, gogo gutxirekin, jateko grina ere joan zaizu, eta bera ikusten duzunean baino ez zaizu agertzen benetako irribarretxoa, tamalez irribarre hori askotan kentzen saiatzen zara inork ere ez jakin dezan bera dela zure barneko poza pizten duena.

Bera ikusten duzunean sua sentitzen duzu zure barrenean. Batzuetanzure masailak gorritu ere egiten dira; alboan jesartzen bazaizu eskuak izerditan hasten zaizkizu, eta bihotzaren taupadaren burrunbada entzuten ahal duen galdetzen diozu zeure buruari. Hanka-tartekoaren beroaldia ere sumatzen duzu. Berarekin berba egitea oso gogokoa duzu baina aldi berean ahoa lehortzen zaizu eta berba adimentsu bat ere ez zaizu ateratzen; memeloa ematen duzu. Askotan bera zugana datorrela ikusten duzunean zer edo zer galdetzera zuk ospa egiten duzu. Ez duzu nahi berak zu urdurik ikustea. Beste batzuetan paso egiten duzu eta orduan zeure buruarekin haserretu ere egiten zara.... Gero etxeranzko bidean triste joango zara, zeure burua madarikatzen behin eta berriro

Asteburuetan koadrilarekin egoten zara. Bera ere askotan egoten da hantxe. Eta betiko erritual moduan taberna batean asteko kontuak konpartitzen, zuon jakin-minei bueltak ematen, politika ere aztergai eta zelan ez nesken eta mutilen arteko harremanei buruz berba egiten: ligeak, abenturak, bikotekideak, amestutako gizon edo andre ideala…

Erretzekoa edota edatekoa tartean dagoelarik solasaldia erraztu egiten zaizue. Baina zuri ez, zuk kontrolpean daramazu dena, ez duzu nahi inork jakitea nor den zure benetako kuttuna; are gehiago, pista faltsuak ere eman ditzakezu. Jada oso abila zara, ia-ia ez zara konturatzen ere. Zure ustez lagunek ez dute ulertuko piperrik ere. Batzuetan pentsatzen duzu barre egingo dizutela askotan ziria sartzen dizutelako, ez zaituztelako lagunik edo bikotekiderik ezagutu. Edo zenbatetan pentsatu izan duzu benetan barrena askatuz gero zuon arteko harremana aldatu zela, eta ez onerako hain zuzen ere.

Zelan esan, ezta Jon, aspalditik Mikel maite duzula? Zelan esan ezta Maddalen, Marta ikusten duzun bakoitzean urduri jartzen zarela? Zelan esan partidak jokatzen duzunean hainbeste gozatzen duzula sikiera gertu daukazulako? Zelan esan zure gurasoei? Zer pentsatuko dute?

Zelan esan zenbatetan amestu duzun Martak bere umeak ikastolan utzi ostean zure etxera joaten dela zurekin oheratu nahian?Zelan esan zuk ere gurako zenuela herriko plazan musu bat ematea zure kuttunari, Idoiak Iñakiri ematen dion moduan. Zela esan zure sentimenduak egunero zapaltzeak negargura ematen dizula? Zelan esan zeuk ere ez zenuela imajinatzen 60 urterekin maiteminduko zinela? Zelan esan zuk ez duzula aukeratu nor gustatzen zaizun? Zelan esan kokotaraino zaudela euren galderekin?

Zelan esan.

Ez dakigu. Ez daukagu errezeta magikorik eta. Gura ere ez.

Norberaren bidaia magikoa oso konplexua da.

Barrenak esango digu zein den gure tempoa,erritmoa, prozesua… Eutsi horri!

Beldurra eta desioak beti bidaide. Ez denbora galdu horiek baztertu nahian!

Aukeratu zure bidailagunak, behar izanez gero alboan edukitzeko.

Animo eta bidaia ona egin!
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.