Gasteizko jaiak 

Zeledon, beirarik gabe aurtengoan

Gaur arratsaldean hasiko dira festak Gasteizen. Udalak beira debekatu du Zeledonen jaitsieran, eta plazaren sarreretan kontrolak jarriko ditu. Gero, txosnek hartuko dute lekukoa: euskararekin bat eginez, AEKri emango diote Txosnisaria, euskararen alde eginiko lanarengatik.

Aurreko urteko Zeledonen jaitsierako irudi bat, Andre Maria Zuriaren plaza jendez gainezka zela. MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS.
Gasteiz
2017ko abuztuaren 4a
00:00
Entzun
Hasi da atzerako kontua. Minutuz minutu gertuago dituzte jaiak gasteiztarrek, eztanda egitear baitaude Gasteizko jaiak. Gaur 18:00etan hasi, eta abuztuaren 9ra arteko etengabeko festa izango da Arabako hiriburuan. Horretarako, urtero legez, Zeledon San Migel elizatik Andre Maria Zuriaren plazako beste ertzeraino jaitsiko da. Gaur, ordea, beste urte batzuetan ez bezala, inguruan ez du xanpain botilarik izango, debekatu egin baitute beiraren erabilera.

Andre Maria Zuriko festen leherketaren berritasun nagusia da hori, baina hainbat urtetako neurrien jomuga da aurtengoa. Azken jaietako ildo berari jarraikiz, udalak beirazko ontziak behingoz desagertzeko ahalegina egingo du. Alde batetik, plastikozko zahatoen alde egin berri du, eta Andre Maria Zuriaren plazan bilduko direnei horrelakoak banatuko dizkiete, 0,5 euroren truk.

Beste alde batetik, plazarensarreretan udal langileak jarriko dira, beirazko botilak sartzen ez direla ziurtatzeko. Ez litzateke hain nekeza izango xanpaina ez balitz edari nagusia. Baina, puruari su ematearekin batera xanpaina edatea tradizio bihurtu denez, zaila da beirazko ehunkabotilen sarrera kontrolatzea. Horregatik, Gorka Urtaran Gasteizko alkateak deia egin du Andre Maria Zuriaren plazara «garaiz» joateko.

Suziria botatzea, bestalde, Eva Garcia Saenz de Urturiren eginkizuna izango da. EAJren udal taldeak eman dio ardura hori idazle arabarrari. Idazleak idatzi dituen El silencio de la ciudad blanca eta Los ritos del agua eleberriek «hiriaren izena hedatu» eta «turismoan eragina» izan dutelako aukeratu dute Gasteizko jaiei hasiera emateko.

Datozen egunetan, gainera, lehenbizikoz ez da zezenketarik izango zezen plazan, udalak eginiko eskaintza publikoan inor aurkeztu ez zelako. Aldiz, bigantxak izango dira, eta, beraz, animaliarik akabatuko ez duten erren, batzuen dibertimendu gisa erabiliko dira aurten ere.

Jaietaz gozatzeko puntu nagusienetakoak, aurten ere, Foru plaza, Andre Maria Zuriaren plaza eta haurrentzat Prado parkea izango dira. Txosnekin ahaztu gabe, unibertsitate eremuan muntatuta baitaude jada.

Jaiak, euskaraz bizitzeko

Txosnen gunea izango da, Aihotz plazarekin batera, euskararen arnasgunerik nabarmenena. Hain justu, hiria euskalduntzen eginiko lana dela medio, AEKri emango diote gaur arratsaldean Txosnisaria.

Saria aitorpen bat ere bada; urte askoan euskara ikasteko aukera emateaz aparte, txosna giroa euskalduntzen ere lan handia egin du AEK-k. Hainbat urtetan, gainera, presentzia handia izan dute euren txosna propioarekin; aurtengoan, ordea, saria izango da AEKren lana goraipatzeko modua, ez baitute txosnarik izango.

Kide berriak ere izango dira txosnen gunean: Errekaleor Bizirik eta Berriztu. «Errekaleorrek, Arabako Bertsozale Elkartearekin bat, bere agertoki propioa izango du, eta bien artean egin dute egitarau berezi bat», esan du Jon Ander Elosegik, Gasteizko txosnetako kideak. Hainbat arlotako hamabi kolektibok izango dute txosna; denek, ordea, ez dute karpa propioa izango. Aurten, Elosegiren iritziz, «azpimarragarria da Kalera Kalera ekimenak jarriko duen karpa. Horretaz gain, denon artean ere badugu karpa komuna, eta aurten, berritasun gisa, txosnipizzak eskainiko ditugu».

Gustu aniztasuna ere aintzat hartu da egitaraua egiterakoan; horregatik, «adin guztietako jendeak» ondo pasatzeko moduko emanaldiak eta jolasak antolatu dituzte txosnetan, aurten ere eskaintza «zabala» baitago. Ekitaldirik gehienak gazte eta nagusiek parte hartzekoak badira ere, badaude txikienek gozatzekoak ere: esaterako, abuztuaren 6an, Pirritx eta Porrotxen Irrien lagunak ikuskizuna; eta edozeinek parte hartzeko herri kirolak.

Jaietako egun handi horien ostean zer gertatuko den, ordea, ez daki Elosegik. «Denok galdetzen dugu ea beherakada handia izango den asteburuaren ostean, baina ezingo dugu jakin iritsi arte». Garbi dago txosnak, beraien aldetik, gainbehera saihesten saiatuko direla euren ekitaldiekin.

Susmo hori dute tabernariek; bai, behintzat, David Ruiz de Azua Virgen Blanca jatetxeko langileak. «Abuztuaren 4a eta 5a, ostirala eta larunbata izanik, gehienek egun horiek aprobetxatuko dituzte. Guk Andre Mari Zuriaren egunean izaten dugu lan gehien; gero, beherakada nabarmena izango dela uste dut, askok datozen egunak oporretara joateko baliatuko dituzte eta». Haatik, Gasteizen gelditzen direnek festaz gozatzen jarraituko dute, eta gasteiztarren presentzia handiagoa baliatuko dute giroa hoztu ez dadin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.