Gasteizko Andre Mari Zuriaren jaiak. Zeledonen jaitsiera

Zeledon helduta, agur zuhurtzia

Milaka lagun bildu dira Andre Mari Zuriaren plazan Zalduondoko herritarrari ongietorria emateko eta abuztuaren 9ra arteko jaiak hasteko.

Umore onak eta algarak bat egin zuten gasteiztarren artean . RAUL BOGAJO / ARP.
Jon Rejado.
Gasteiz
2011ko abuztuaren 5a
00:00
Entzun
Minutu bat. Segundo bakar bat. Suziri baten eztandak irauten duen tartean zuhurtasuna atzean utzi eta jaiaren zurrunbiloan bete-betean sartu da Gasteiz. Milaka pertsonak eraldatze ariketa hori irudikatu dute Andre Mari Zuriaren plazan aurten ere. Arratsaldeko sei-seietan, airera botatako milaka litro edarirekin eta milaka pururen kearekin ongietorria eman zioten Zalduondoko herritarrari. Ez da gutxiagorako. Sei eguneko jaia dakar aterki azpian.

Zuhurtziatik muturreko alaitasunerako jauzia modu askotan egin zen atzo Andre Mari Zuriaren plazan. Askok, gazteenek, muga gainditzeko irrika zuten Zeledonek San Migelgo balkoitik jaisten hasi aurretik. Adinak aurrera egin ahala, ordea, eraldaketa egiteko errezeloa erakusten dute zenbaitek. Cava, kalimotxo edo garagardo zipriztinetatik ihes egiten dute hasiera batean, seietan goitik behera bustita bukatuko dutela jakin badakiten arren.

Zuhurtzia gainditzeko mila moduak ikusi ahal izan ziren Gasteizko hirigunean arratsaldeko hiruretatik. Ordurako, Zeledon jaisteko hiru ordu falta zirela, gazte taldeak ikus zitezkeen hirigunera joateko prestatzen. Elastiko zaharra, praka motzak eta zapatila sendoak ziren na-gusi, eta, Gasteizko Udalaren aholkuei muzin eginez, beirazko botilak zituzten gehienek. «Lambrusco botilak baino ez zeuden etxean, eta, honek ere burbuilak dituenez, hartu egin dut», argudiatu zuen Eneko Arzelaik, lagunen aurrean bere burua zuritzeko ahaleginean.

Gazteenek plaza erdian zeuden itzal apurrak bete zituzten hasiera batean. Zeledonek San Migelgo balkoira ateratzeko jarraituko zion bidea asmatu nahian zeuden beste zenbaitek, itzal handirik izan ez arren. Zeledon ukitzen duenak jaietan ligatu egingo duela dio Gasteizen oso ezaguna den kondaira batek. «Ez dut sinesten horretan, baina horrelako mutil puska bati arazorik gabe ukituak egiteko aukera ez dago egunero», dio Maribel Martinezek, barre algaraka.

Kapela laranja eta horiak

Jaiak ofizialki hasi ez arren, hiriguneko kaleetan agerikoa da jai giroa Zeledonen jaitsieraren aurretik. Zalduondoko herritarraren baimenaren zain baleude bezala, dozenaka puxika saltzaile inguratu ziren jaiaren bihotzera, saltzen hasteko minutu gutxi batzuk falta zirela jakinda. Puxikak, ur pistolak, forma guztietako betaurrekoak... Jai guztietako aspaldiko ezagunak zeuden salgai. Dena den, aurten objektu berri bat gehitu da taldera. M-15 mugimenduko kapela horia.

Beren aldarrikapenak gogorarazteko, Euskaltelen laranja kolorearen monopolioa nolabait apurtzeko ahalegina egin zuten. Euro eta erdiren truke saldu zituzten Zeledon jaitsi aurretik. Aldarrikapena marea laranjaren barruan galdu zen, ordea. Patxadaz hartu zuen Miguel Angel Tomas madrildarrak egin nahi izan zuen keinuaren indarrik eza. «Berdin dio askorik ikusten ez badira ere. Azken batean, bi koloreak zitrikoak dira».

Koloreak kolore, minutuak igaro ahala, giroak gora egin zuen. Giroak gora, eta botiletan gordetako alkohol kopuruak behera. Zazpi pertsonarentzat hogeita bost litro kalimotxo prestatu arren, apenas gelditzen zen litroren bat edo beste suziriaren danba entzuteko hogei minutu falta zirela. «Datorren urtean litro gehiago prestatu beharko ditugu, e? Gogoratu!», ohartarazi zuen lagun talde horretako kide batek, soinean zituen arropa bihurrituta pare bat litro aise aterako zituela kontuan izan gabe.

Dena den, kalimotxoa faltan izateko tarte gutxi zegoen. Ohartzerako San Migelgo kanpandorrean zegoen Zeledonen panpina estaltzen zuen Gasteizko bandera kendu zuten, eta plazak eromenerako bidean beste pauso bat eman zuen. Eromen horretan, ordura arte inguruko giroarekin kutsatu gabeko 55 urte inguruko gizon batek poltsikotik txokorra atera zuen. Aluminiozko estalkia kendu zion. Poliki. Zerutik cava, garagardoa eta kalimotxoa eroriko ez balitz bezala. Eta suziria entzutean piztu zuen. Lehen ke ahokadaren ostean irribarre zabala erakutsi, eta Zeledonen abestia abesten hasi zen. Zeledonekin batera, zuhurtzia galdu du Gasteizek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.