Jan ezin dituzten elikagaiak edozein sukaldetan ohikoak direlako, zeliakoentzat oso zaila izaten da etxetik kanpo otorduak egitea. Gabezia horri erremedioa jarri nahi diote zeliakoen elkarteek, eta haientzat menu egokiak prestatzen dituzten Araba, Bizkai eta Gipuzkoako jatetxeen gida kaleratu dute: Paladares sin gluten. Glutenik gabeko menuak eskaintzen dituzten 33 jatetxe sartu dituzte zerrenda horretan.
Ez da zerrenda itxia. Gidaliburuan jatetxe bakoitzaren afixa bana prestatu dute. Jatetxe gehiagok egitasmoarekin bat egin ahala, afixa gehiago erantsiko dizkiote gidari. Ezeba Arabako Zeliakoen Elkarteak abiatu du egitasmoa, eta EZE Euskadiko Zeliakoen Elkarteak bat egin du.
Glutena, jaki askotan
Glutena duten laboreak oso ohikoak dira etxeetako nahiz jatetxeetako sukaldeetan, eta horiek kontsumitzeak atrofia eragiten dio heste meharreko biloetan zeliakoari. Ondorioz, ezinezkoa du jaten dutenaren proteinak, koipeak zein bitaminak xurgatzea. Garia, espelta, garagarra, zekalea, oloa... eta horien deribatuekin landutako elikagaiek kalte egiten diete zeliakodunei: irinak, semolak, almidoiak eta fekulak, besteak beste.
Baldintza horiek aintzat hartzen dituzten jatetxe kopuruak gora egin du urteen joan-etorriarekin, eta horrek erraztasunak eman dizkie zeliakoei. Paladares sin gluten gidan dauden jatetxeetan arriskurik eta arazorik gabe bazkaldu eta afaldu dezakete zeliakoek.
Zeliakoentzat menuak dituzten jatetxeen gida prest
Araba, Bizkai eta Gipuzkoako 33 jatetxe zerrendatu dituzte, 'Paladares sin gluten' gidaliburuan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu