Zementuzko santokristo erraldoi hotzari diosala

Bestek emandako titulua zuen: Che Guevararen kapilaua. 1959an, Iraultzarekin batera etorritako fusilatzeen lekuko izan zen Javier Arzuaga frantziskotarra (Oñati, 1928 Georgia, AEB, 2017). Urteetara, oroitzak idatzi eta liburua idatzi zuen: Gauminean, Jon Aranok itzulia, aurten argitaratzekoa da. Ondoko atalean, 2012tik ari da Arzuaga, iraganari begira.

Casablanco Kristo, Habanara begira. JONE IRAZU.
Miel Anjel Elustondo
2023ko maiatzaren 25a
00:00
Entzun
Gauerdia gaueko hamabietatik goizeko hiruretara doan denbora tartea da. Oso gutxitan gertatu zen hamabiak baino lehen edo hirurak jo eta gero. 1959ko lehen bost hilabeteetan La Cabañan gertatutakoaz ari naiz. Epaitegi iraultzaileek gauerdian deskargatzen zituzten beren gorrotoak, eta botaka egiten beren sententziak: «Hogei urte, hogeita hamar urte, biziarteko zigorra, heriotzara kondenatua». Gauerdian, hormara bidean zihoazenen agur bakoitzaren urraduratik isuritako odoljarioa zen Heriotzaren gela.

Gauerdian banuen pena txiki bat, nonahikotasun dohaina ez izatea, ezin egon aldi berean tribunaletan, Heriotzaren gelan—eta nonahitik deitzen zidatela ere—, itzalen aurkako borrokan. Jainkoarren!, ni, gauerdian, argia eta itxaropenak ereiten, ordurako neuretzat ere erdizka baizik ez nituenak! Gauerdian heriotzaren karabana galtzada-harrizko kale txikitik abiatzen zen presa gabe, erretenaren gaineko zubia zeharkatu, zelaira irten, eskuinera jo, zementuzko santokristo erraldoi hotzari diosala egin eta Ereinotzen hobira sartzen zen.

FUSILATUAK

Gauerdian sei soldaduz osatutako pelotoia, fusilak sorbaldan, gizon baten, biren, hiruren, aurretik jartzen zitzaizkienen bizitzak segaz ebakitzera prestatzen zen. Gauerdian gizon bat edo bi edo hiru, baten batek seinalatutakoak, hiltzera prestatzen ziren zutik eta kopeta gora. Gauerdian ni Jainkoaz mintzatzen nintzaion gizon horri, argia den, maitasuna den, heriotzaz bestaldean itxaroten duen Jainkoaz; Gure Aita errezatzen nuen berarekin batera, eskuan neraman gurutzea eskaintzen nion musu eman ziezaion, besarkatzen nuen, agur.

Gauerdian denok ere misterioak setiatzen gintuen, erantzunik gabeko misterioak. «Non hago Jesus, Pedro, Luis, Jose?Non zaudete?».Sinestunentzat egunsentia misterio bat zen. Gauerdian...

La Cabañan garai hartan gertatutakoen protagonistak hiru ginen: hiltzera zihoana, hiltzen zuena eta hirurok, Jainkoaren pailazo hau, eman nahi zuenik ez zeukana. Orduan hogeita hamar urte nituen; gehitu horri iragan diren beste berrogeita hamahiru urte, eta gaur, 2012ko urtarrilaren 6an, laurogeita hiru ditut. Han eta orduan geure bizitzak gurutzatu genituenok, bidaia luze batetik itzuli diren bi lagunen antzera elkarri bostekoa eman eta bata besteari galde geniezaioke: «Eta, nola joan zitzaizun?».

Alferrik da Pedro Morejoni eta ondoren joan zirenei galdetzea. Berrogeita hamabost hildakoren berri dut, ez gehiagorena, [1959] urteko lehen bost hilabeteetan La Cabañan ez zen fusilatutako gehiagorik izan, nik hormara lagundutako horiexek. Fedearen antenek ezin dute haien erantzuna aditu. Sinets dezakegu, baina ez dakigu. (...)

CHE GUEVARA

Esan dut bigarren protagonista zela fusilaren katu kolpekaria sakatu eta bizitzak ebakitzen zituena. Aginduak obeditzen zituena, alegia. Eta hiltzea agintzen ziona ere bai. Eta haren nagusia. La Cabañako gertaeren arduradun nagusiei buruzko galderak Fidel Castro eta Ernesto Che Guevararen aurrean jarriko gintuzke. Che hil zen. Eta hildakoei, bakea. Bakea eta kito. Hala behar luke, baina...

(...) Nire ustez, Cheren lehen akatsa izan zen historia eta antropologia eta ekonomia eta soziologia, besteren begiekin irakurtzea, Karl Marxen eta besterenekin, eta irakurritakoa dogma bihurtzea. Horrela pentsatzen dutenak errespetatuko ditut, bestela pentsatzen dugunok errespetatzen bagaituzte, baina hanka-sartzea dela deritzot. Cheren bigarren oker handia izan zen uste izatea Sierra Maestran altxatu zirenek gerra irabazi zutela eta, gertakari berdinak beste edozein eskenatokitan errepikatuz, beste gerra bat eta beste bat eta beste bat... gerra guztiak irabaziko zituztela; denbora kontua zela. (...)

Gezur asko esan dira Che deabrutu nahian. Ez dakit zein diren baieztapenen egileak, baina Interneteko orri batzuetan irakurri dut urtarrilaren 2an bertan, presoak fusilatzeko agindua eman zuela, epaiketarik egin gabe, eta parte hartu zuela berrogeita hainbat pertsonaren fusilatzeetan; irakurri dut La Cabañako komandante izan zen denboran hirurehun eta berrogeita hamar pertsona fusilatzeko agindua eman zuela, epaitu eta gero, zerrenda baten arabera; beste batzuek bost ehundik gora fusilatu zituela esaten dute, eta exekuzioetan parte hartu zuela; 1959ko azaroaren 26an La Cabañan berrogeita hamar gizaki baino gehiago fusilatzeko agindua eman zuela, epaiketa eginda edo epaiketarik gabe. Baina hor ez da batere egiarik. (...)

Fidelekin zituen desadostasunak tarteko atera zen Che Kubatik. «Ez ziren baso bereko zuhaitzak», esan nuen behin, eta berriz esaten dut. Mundua askatzera joan zen Che Guevara, konbentzitutaboterea tiroka hartuz askatu behar zela mundua, gerriletako gerraren bidez, eta prozesu horretan ez dakit ez ote zen berez gertatu behar, «gizon berri» bat jaioko zela. Lehenik, Afrikara joan zen, Kongora, ezer ez eta inor ez libratu zuen tokira; Boliviara igaro zen gero, eta ez zitzaion hobeto joan. Diotenez, bera hiltzera zihoazenei esan omen zien gehiago balio zuela bizirik, hilik baino. Uste dut zuzen zegoela, baina ez zioten sinetsi eta hil egin zuten.

La Cabañan ezagutu nuen egunetik zazpi urtera jakin zuen munduak Che Guevara Bolivian hil zena; Liman nengoen ni. Arratsalde hartan hastekoa zen Mirarien Jaunaren bederatziurrena, etanire esku utzi zuten sermoia. Nire lehen hitzak, gutxi-asko, hauexek izan ziren: «Gizon bat hil da!». Eta gurutzean iltzez josita aldarean nabarmentzen zen Kristori zuzenduz segitu nuen: «Zuk badakizu nori buruz ari naizen, espero dut errukituko zintzaizkiola eta haren bidera aterako zinela Aitaren etxera eramateko». Behin baino gehiagotan pentsatu dut Cheren ondoan egon nahi nukeela hura mundu honetatik joan zenean. Nork daki berak ere ez ote zuen horixe nahiko?

FIDEL CASTRO

Noski galdetuko niokeela Fideli: «Eta nola joan zaizu?». Nahiz eta erantzuna ezaguna dugun. «Ondo, oso ondo, ezin hobeto. Iraultza, orbangabea da sorreratik, garaile amaieraraino. Etsaiekdute gauzak hobeto joan ez izanaren errua, zuek duzue kulpa, ez entzun ez ulertu nahi izan ez zenutenok, eta batik bat Amerikako Estatu Batuek, deabruaren satrapa horrek». Fidel, jakina da, antz-azturak hobiraino. Fideli ez dio inork ulertzen, ezta bere buruak ere. Zer gehitu diezaioket nik Kubako iraultzaz alde edo kontra esan denari?

Nire iritziz, Fidel Castroren nortasun kontrolaezinak eragin zuen iraultzaren urek gainezka egitea, eta, uholde eroan, harrapatzen zuten lursail oro urperatzea eta aurkitzen zuten guztia kaltetzea. Pultsu eta erritmo neurtuagoekin gidatu izan balu, bere egundoko NIaren sareak harrapatu izan ez balu, altzo-txakur eta jarraitzaile sutsu zirenak ez beste guztiak etsaitzat hartu izan ez balitu, hurbileko kolaboratzaileak ere etsaitzat hartu izan ez balitu, entzuten jakin izan balu...

Munduaren aurrean iparraldeko «Goliat» garaitu zezakeen «Dabid» moduan azaltzeagatik ez balitz errenditu ekialdeko beste Goliat baten interes eta aginduetara, sekula akatsen bat umiltasunez aitortu izan balu, bat badarik ere, ez balu hainbeste eta hainbeste eta hainbeste gezur esan, eta ez balu hainbeste eta hainbeste eta hainbeste gorrotatu, eta bere buruari ez balio hainbeste eta hainbeste eta hainbeste entzun, eta bere herriari eskaini izan balio eskaintzen omen zion maitasunaren milaren bat... Iraultzak on handia egingo zukeen. (...)

JAVIER ARZUAGA

Orain neu falta naiz nola joan zitzaidan esateko. Nondik joan zitzaidan esango dut lehenbizi. 1960ko ekainean nire herrira, Euskal Herrira joan nintzen, eta gure aitaren heriotzaz arduratu nintzen, eta hiru egun geroago anaia nagusiarenaz, zoritxarreko istripu batetik denok ere zauriturik atera baikinen, eta bera hilik. Ezin izan nuen Kubara itzuli, ez baininduten onartu, eta 1961ean Amerikako Misiolari taldera destinatu ninduten.

Medellinen, Kolonbian, integratu nintzen taldean, eta herrialdea korritu genuen. Ekuadorrera igaro ginen, Miamira bidali ninduten urtebetez eginkizun berezi batean, taldea El Salvadorren berrartu nuen, Perura salto egin genuen; hemen, taldeko buru izendatu ninduten, ezetz esan nuen, hala ere nire gainekoek beren nahia lortu zuten, baina esan nien: «Zabiltzate kontuz, ea buru izan beharrean lurperatzaile gertatzen naizen», eta halaxe izan zen, eta 1968an Amerikako Misiolari talde haren gorpu-lorra ikusi nuen, lurperatzea.

Denbora hartan sermoi asko egin nituen, eta ahal nuen ondoena. Gotzain askorekin eta kardinal pare batekin izan nuen tratua, eta horren ondorioz jabetu nintzen, Elizan, hierarkia eta klero mailan, gutxiengo zirela «Jainkoaren erreinua» Jesusen ebanjelioaren arabera iragartzen eta bizi zutenak, eta gehienek Eliza hezur dislokatu bihurtzen zutela gizartearen aurrerapenaren bidean; Eliza hura zahartuta zegoen, atzera begira eta tripa haztatuz bizi zen; alabaina, Eliza maitatzen segitzen nuen, neurea baitzen.

Ahul eta nagi izan nintzen askotan, eta denbora asko galdu nuen auzoko baratzako sagarrei begira. Nire nagusiaren gustuko ez zen zerbait idatzi nuen. (...) Ez dut ulertzen nola iritsi diren elizgizon batzuk apezpikutzara eta erlijio ordenetako buruzagitzara. Kanporatu egin ninduen. (...)

1974an Puerto Ricoko hondartza batean itsasoak botatako ohola nintzen, hondoratze baten hondar hilkorra, desilusioen eta desengainuen hondakina. Hiru psikologorekin haietako bi apaiz ziren, hitz egin nuen. Denek esaten zuten Elizan on baino kalte handiago egiten nuela, eta apaizgintza uzteko aholkatu zidaten. Erromara sekularizazioa eskatu, eta suhiltzaileak su oihuari baino azkarrago erantzun zidaten. (...)

Hondartzatik oso hurbil bizi zen neska bat ezagutzen nuen. Ezkontzeko eskatu zidan.

—Baina zu baino askoz zaharragoa naiz.

—Ez zaio axola.

—Baliteke axola izatea.

—Ez zaiola axola esan dizut.

Eta ezkondu egin ginen. Berak egin zuen arraun, berak hartu zuen lema, berak xukatu zituen urak, eta nahiz eta nire erruz itsasaldi gogorrak eta turbulentziak zeharkatu beharra gertatu, portu segurura gidatu ninduen, salbatu egin ninduen. Hiru kimu hazi genituen. Hogeita hamazazpi urte geroago, ez gara aberatsak, baina bai zoriontsuak. (...)

LA CABAÑA

Duela gutxi bideo bat bidali didate, lagun batek Habanako kaleetan eta La Cabañan filmatutakoa da. Toki berria iruditu zait, nik ezagutu eta bizitutako La Cabaña bestelakoa zen. Presioz garbitu dituzte harriak, eta kanpokoak ez margotzeko bezainbesteko gustu ona izan dute, hesi guztiak kendu dituzte eta burdina tonaka, dudarik gabe, eta ate berrietan ikusgai utzi duten gauza bakarra da iltze-buruak imitatzen dituen heldulekua.

Kartzelako patioa espazio irekia eta garbia da, oholtza bat du, eta artistek hantxe antzeztu beharko dituzte garai bateko pertsonaia historikoak. Kartzela-geletako aho irekiak historiako kapitulu ezberdinei eskainita daudela suposatzen dut, La Cabaña berria Museo izatera etorri denaren zati gisa. Kaperaren eta heriotzaren geletara daraman korridorearen sarrerako atea itxita dago, eta nire laguna ahalegindu bazen ere ea baten batek ireki ahal eta nahi zion, ez zuen lortu, eta, beraz, ezin izan zuen ikusi nola mantendu duten toki hura, zeinetan kanpotik txuri bihurtzen nintzen eta, barrutik, berriz, kiskali beharrean nengoen.

Epaitegi lana egin zuten gelak abegitsu ageri dira, krema argiz margotuta, eta beren bitrinak eta beirazko arasak antzinako historiaren erakusleiho dira, apika; baina ez, hala ere, duela berrogeita hamar urte bizitako gorrotoen eta minen historiarena. Nire laguna Ereinotzen hobi aldera joan zen; kondenatuak, fusilatu behar zituztenean, txanda zain egoten ziren tokira; marmolezko idulki gisako bat ipini dute han, inskripzio batekin eta katezko burdin hesi batez inguratuta; toki horretan exekutatu zuten abertzale ospetsuren baten oroimenez altxatuko zutela pentsatzen dut.

Eta zein da nire sorpresa, hormak ukitu gabe jarraitzen duela ikusita, xehetasun batekin, [kondenatuak lotzeko] zutoina erauzi eta kendu egin dutela! Euriteek eta pilatutako hautsak belztu egin dituzte duela berrogeita hamar urte balen inpaktuek eragindako zulo txuriak.

Ez dut uste gogoa gauzatuko dudanik, baina Kubara itzuli nahi nuke. Eta, Kuban, ezeren aurretik eta lehen-lehenik, La Cabañara igo nahi nuke, eta oroitzapen erritoaren bitartez, eta, danbor-jolerik eta fokurik gabe, dei egin nahi nieke oraindik han inguruan dabiltzan aingeruei, espirituei eta mamuei, kaioak iduri La Cabañako harri ilun, zahar, higatuen artean hegan dabiltzanei.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.