ATZEKOZ AURRERA. Andoni Fernandez. Musika ikertzailea

«Zenbat aldiz entzun dudan 'gure taldea kaka bat zen'»

1980ko hamarkadan maketak soilik grabatu zituzten Bizkaiko taldeen inguruko liburua argitaratu du Fernandezek. Beste herrialdeetan halakoak egiteko lehen harria izatea espero du.

LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS.
Lander Muñagorri Garmendia.
Bilbo
2017ko abenduaren 26a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
«Denok ezagutzen ditugu Eskorbuto, RIP, Kortatu, Cicatriz eta gainerakoak, baina zer dakigu euren itzalean aritu ziren guztien inguruan?». Galdera egin du Andoni Fernandezek (Bilbo, 1983), argitaratu berri duen liburuaren kontrazalean. Mierda de Bizkaia y sus grupos punks maqueteros 1977-1989 (Bizkaiko kaka eta bertako punk talde maketeroak 1977-1989) du izena, eta maketak soilik argitaratu zituzten 60 talderen erreferentziak eta elkarrizketak bildu ditu, talde horien jarduna aldarrikatzeko. Horretaz aparte, Bandcamp plataforman 42 talderen 57 maketa digitalizatu, eta sarean jarri ditu doan entzuteko moduan.

Komertzialki liburuarentzako izen aproposa aukeratu duzu...

Bai, ala? Kaka bat delako [Barreak].

Onerako ala txarrerako?

Kaka bere soilean. Egia da buruan neuzkan beste izen posibleak nahiko txarrak zirela. Popegiak edo formalegiak. Azkenean, hori atera zen.

1977-1989 urte bitartean maketak soilik argitaratu zituzten taldeekin egin duzu liburua. Talde horiek aldarrikatzeko modu bat da?

Beti izan dut buruan MCD, Eskorbuto edo halako taldeak goian egoteko, behean taldeak egon zirela. Hamar urte daramat punk taldeetan jotzen, eta teloneroak izan gara beti. Jabetu nintzen gure taldea txikia izanda ere baduela bere istorioa. Galdera hori zegoen atzean, non zeuden talde horiek, asko jota garaiko fanzine bateko kritika batera mugatzen zelako horien aipamena.

Erreferentziak topatu eta elkarrizketak egin dituzu. Nola topatu dituzu pertsona horiek?

Garai hartako fanzineen eta Egin-ek ateratzen zuen Bat, bi, hiru gehigarriaren bidez. Kontu hau guztia Artrosis taldearen diskoagatik hasi zen. Ikusi nuen euren maketaren kritika, Santurtzikoak zirela, punka jorratzen zutela, eta 1988 ingurukoak. Abestien izenak eta etxeko telefono bat. Tontoarena eginez deitu nuen, eta musikarietako batek han jarraitzen zuen bizitzen 30 urteren ondoren. Horrek klik bat egin zidan.

Eta zer esan zenion?

Halako lan bat egiteko asmoa nuela. Harrituta geratu zen, erabat. Lehen ideia Euskal Herriko talde maketeroekin egitea zen, baina nahikoa erotu naiz Bizkaikoa egiten... Abiapuntua hori izan zen, ordea.

Eta hortik bata eta besteari galdetzen...

Bai, baina fanzine horiek ere bilatu behar dira. Eta nork ditu fanzine horiek? Ikusten banuen erreferente izan zitekeen norbait, harengana jotzen nuen galdetzera. Punk itxurako adineko inor ikusiz gero ere harengana nindoan ea talderik izan zuen edo fanzinerik bazuen galdetzera. Informazioa biltzea nahiko zaila izan da, underground-aren underground-a izan zirelako talde hauek. Horrela lortu dut informazioa; orain, sekulako fanzine piloa dut etxean.

1980ko hamarkadan jaioa zara, baina garai hartakoek baino informazio gehiago duzula esan daiteke?

Talde batzuei neuk eraman nien euren maketa.

Eta erabat harrituta.

Harrituak lehen deiagatik. Erotua ote nengoen esaten zidaten, taldea gutxietsiz. Zenbat aldiz entzun dudan «gure taldea kaka bat» zela. Hainbeste kaka, azkenean izenburu hori jarri diot. Baina egia da ez zutela baliabiderik, eta kontzertu denak kaka bat ziren, soinu kaskarrekoak. Gehienek esaten zidaten liburua idatzita bazirudiela taldea zerbait izan zela, baina orokorrean kaka bat izan zela. Baina, era berean, gizartearen erantzun bat ereizan zen. Talde horien aurrean egotea, niretzat, MCD edo Cicatrizen aurrean egotea bezala izan da.

Bizkaiko taldeekin egin duzu liburua. Beste herrialdeetakoa egitea buruan duzu?

Ezta pentsatu ere! Bost urte eman dut liburu honekin... Liburu argitaratzea ez zen posible izango Maria Traspaerne eta Igor Mercadoren laguntza gabe. Espero dut liburu hau zerbaiten hasiera izatea. Espero dut gipuzkoarrek halako zerbait egitea, baita arabarrek eta nafarrek ere. Baina, batez ere, Iparraldeko jendeak. Halako zerbait behar dugu, eta hori da gehien baloratu behar dena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.