ATZEKOZ AURRERA. Jon Urrutia. Trakamatraka konpainiako kidea

«Zenbat eta helduago, orduan eta gutxiago erabiltzen da irudimena»

Etxeko gauza arruntetatik musika ateratzea lortzen du Jon Urrutiak. 'Matraka Culinary Center' ikuskizunean pauso bat eman, eta, besteak beste, fruta eta barazkiak ditu instrumentu.

Z / BERRIA.
Amaia Jimenez Larrea.
2023ko irailaren 7a
00:00
Entzun
Musika tresnak egiten ditu Jon Urrutiak (Bilbo, 1978), baina ez nolanahikoak. Eguneroko elementuak birziklatu, eta haiekin egiten ditu. Makulu bat izan zuen bere lehen tresna, eta, geroztik, ez dio sortzeari utzi. Gaur egun, tresna horiek erabiliz, haurrentzako ikuskizunak egiten ditu. Matraka Culinary Center lana sortu berri du.

Musika eta birziklatzeko kontzientzia dira zure ikuskizunen ardatzak. Erraza al da hori haurren ikuskizun batean txertatzea?

Ez dakit erraza den, baina erraza izan dadin egiten dugu lan. Ikuskizunetan, hasieran, jendeak eskailera bat, azenario bat, edo makulu bat jotzen ikusten nau, eta harrituta geratzen da. Baina ikuskizunak aurrera egin ahala, ikusten da publikoa erabat murgilduta dagoela. Erakutsi nahi dugu edozer gauza berrerabil daitekeela, gauzei beste erabilera bat eman ahal zaiela.

Jendea ikuskizunetan murgiltzen dela esan duzu. Horrela, mezua hobeto iritsiko zaie ikusleei.

Bai. Gainera, helduei irudimena lantzen ere lagundu nahi diegu; zenbat eta helduago, orduan eta gutxiago erabiltzen baitugu irudimena. Gure ikuskizunetan helduek ere primeran pasatzen dute.

Haurrentzako ikuskizunek mezu indartsu bat izatea onuragarria izango da, ezta?

Nire ustez, orokorrean arteak beti du mezu bat. Gure lanek beti dute mezu bat, esperientzia polit bat izatea nahi dugu. Ikusleak etxera mezutxo horrekin joatea gustatzen zaigu. Aurreko urtean musika tresnak egiteko liburu bat kaleratu genuen, eta ikuskizunen ondoren salgai izaten dugu. Liburua erosten duenean, jendeari mezua luzaroago geratzen zaio buruan. Gehiago sakontzeko aukera dute.

Matraka Culinary Center ikuskizuna kaleratu berri duzue. Sukaldaritzarekin du zerikusia.

Bai, irailean, besteak beste, Bilboko hainbat auzotan emango dugu, Eszena Kalera zirkuituaren barruan. Jendeak ikusiko du etxeko edozein elementurekin egin daitekeela musika. Oraingo honetan, sukaldeko elementuekin ariko naiz: zartaginak, eltzeak, barazkiak, frutak, pasta...

Nola sortzen dituzu musika instrumentuak janariarekin? Nolakoa da prozesua?

Hasteko, fruta dendara joaten naiz, eta fruta eta barazki egokienak bilatzen saiatzen naiz. Bakoitzetik ale bat baino gehiago erosten dut. Saioa baino ordubete lehenago edo egiten ditut tresnak, ahalik eta ondoena mantendu daitezen.

Erraza da barazki eta frutetatiksoinua ateratzea?

Ez, ez da erraza. Baina, azken finean, tresna batzuk hainbeste aldiz sortu ditudanez, hobeto eta apur bat errazago egiten ditut. Ikerketa lan handia dago tresna bakoitzaren atzean. Azenario bat do eskalan afinatzea ez da erraza. Kuiarekin moldatzea ere ez da erraza izaten. Bero handia egiten duenean, kuiatik ateratzen diren notak grabeagoak izaten dira, eta, hasierako tonu berean mantentzeko, hozkailuan gorde behar da.

Zer-nolako soinua dute barazki eta frutek?

Azenarioak saxofoi baten antza du, eta kuiak dudukaren [Afrikako musika tresna bat] soinua du. Bestalde, limoi eta laranjekin musika elektronikoa egiten dugu, fruitofonoa erabiliz Musika estiloei dagokienez, estilo desberdinak uztartzen saiatzen gara: rapa, rock-and-rolla, Indiako musika, musika elektronikoa...

Etorkizunera begira, ba al du proiektu berezirik Trakamatrakak?

Oraingoz, ikuskizun honekinBilbon eta Euskal Herriko besteherri batzuetan arituko gara. Oportora [Portugal] ere joango gara.Eta etorkizunera apur bat gehiago begiratuz gero, poliki-poliki goaz, baina gauza bereziak egiteko gogoa daukagu. Antzezten ni bakarrik egon ordez, talde itxura hartzeko gogoa dut.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.