Kafearen prezioa

Zenbat ordaintzen dute kafea euskal herritarrek?

Irakurrienen artean egon zen atzo kafearen prezioari buruz BERRIAk egin zuen lana. Sareetan ere eztabaida eragin zuen gaiak, eta hainbat erabiltzaile azken kafearengatik zenbait ordaindu duten esatera ausartu dira.

Nagore Arin.
2021eko irailaren 1a
11:50
Entzun

Harrera itzela izan zuen atzo kafearen prezioari buruz BERRIAk argitaratu zuen erreportajeak. Kafearen merkatuari buruzko nondik norakoak xehatu zituen Imanol Magro kazetariak, eta, haren prezioaren goranzko joeraren arrazoiak zein diren azaltzeaz gain, denbora gutxira kafeak izan ditzakeen gutxi gorabeherako prezioak zein izan litezkeen jaso zuen artikuluan. Sareetan ere bolo-bolo zabaldu zen gaia, eta bada eztabaida edo galdera eremu horretara eraman zuenik ere. Goizalde Landabaso kazetari eta idazleak, kasu, horrela bota zuen Twitterren: «Zuek zenbat ordaindu duzue azken kafe ebakia? Nik 1,40 euro».

Galdera bota eta berehala etorri zen erantzun festa. Hala erantzun zion eztabaidara batu zen lehen erabiltzaileak: «Goiz goizekoarengatik, 1,30 euro. Goiz erdian, atsedena egiten dugunean, 1,40 euro». Horiek izan dira, batez beste, gehien errepikatu diren prezioak, baina badira kafearengatik hori baino dezente gehiago ordaindu behar izan duten kafezaleak ere: «Gaur herrian 1,30 euro, atzo Donostian 2,20 euro, eta oporretan Formentorren (Mallorca, Espainia) 4,5 euro kobratu ziguten kafesne arrunta!».

Kontrara, badira sorpresa politagoak hartu dituzten erabiltzaileak: «Portugalen, 0,70. Ikaragarria!». Edo apurtxo bat garestixeago: «0,90 euro. Ez da broma. Tenerifen». Eta, urrutira joan gabe, Euskal Herrian ere badira sorpresa halakoak: «Beran 1,20 euroan eta Ibardinen eta Dantxarinean euro batean». Donostian ere bai: «Euro bat. Donostian. Kafetegi onenean: Gipuzkoako plazako kafetegian».

Gorakada, izozteen eta inbertsio funtsen ondorioz

Baina zer gertatu da? Arrazoi nagusia eguraldi aldaketa bortitz bat izan da. Uztailaren 20an izotza bota zuen Brasilen, kafeondo gehien dituzten lurraldeetan. 1994az geroztik Sao Pauloko eta Minas Geraiseko estatuetan egon den izozterik gogorrena izan da. Brasil da munduko kafe ekoizlerik handiena: uzta osoaren %38. Izozterako, uztaren hiru laurden bilduta zeuden, baina kalte handia egin dio biltzeko zegoen azken laurdenari, eta ikusteko dago zer eragin izango duen hurrengo urteko uztan.

«Izoztearena ziur egia dela. Baina pandemia betean, Brasil Txina bezalako merkatu berrien bila dabilenean... Ziur zerbait gehiago dagoela igoeraren atzean», azaldu du Gorka Etxenike La Casa del Cafe etxearen arlo komertzialeko zuzendariak. Eta arrazoi du; Fernando Etxabe Cafes Baqueko zuzendari nagusia da, Euskal Herriko kafe eroslerik handiena, eta hark luzatu du azalpena: «Bi arrazoi daude: inbertsio funtsen jarduna eta eguraldia». Banaka azaldu ditu: «Urtarriletik ekainera kafearen kotizazioak %40 igo ziren. Arabica kafeak (Brasil, Kolonbia...) New Yorkeko burtsan (AEB) du merkatua, eta Robustak, Londresekoan. Aktibo erakargarririk gabe, inbertsio funtsak nekazaritza lehengaietan babestu dira pandemian, eta prezioak igo dituzte».

Irakurri xehetasun gehiago, hemen, jatorrizko artikuluan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.