Ez dut eztabaida antzu eta zentzugaberik sortu edo sustatu nahi. Ados nago, gainera. Denontzat hobe ahalik eta hizkuntza gehien ikasi eta menderatuta. Batez ere, erabiliz gero. Beraz, hobe hamaika, hiru baino. Zein hamaika? Horra buru gaiztoari kontzientzia are gaiztoagoak erantzun bat-batekoan itaundua. Noski, logikaz, nahiz eta ingelesa unibertsala omen den, gertutasuna ez al da faktore garrantzitsua? Zergatik ez telebista publikoko edukiak frantsesez eta portugesez ere eman? Hala ere, izan gaitezen zentzudun, mesedez. Haurrentzat onuragarri dena ez al da onuragarri gazte, heldu eta zaharrentzat? Ala gu, haurrekiko despotismo ilustratuaren ideologoak, jakintsuegiak ote gara dagoeneko? Akaso bai, eta, beraz, eskatu egingo diegu gure ondorengoei guk egin ez duguna egiteko. Eta umiltasunez jokatu eta hain jakintsu ez garela aho txikiz onartzen badugu, nola jokatu? Sortuko al dugu, demagun, Mihiluze portugesez, ETB kantxa ingelesez, Hitzetik hortzera gaztelaniaz eta Gaur egun frantsesez? Erokeria iruditu zaizu zuri ere? Bai, agian, pasatu egin naiz. Kanpoan ekoitzitakoak nola ekarri omen da gakoa, eta tur-tur-tur...
Ohartzerako, neure buruarekin izandako bakarrizketa eztabaida antzu eta zentzugabe bihurtu dut. Funtsik gabeak iruditzen baitzaizkit ETBk hartutako erabakiari emandako arrazoiak. Orain, egunero, Teletubbiak ingelesez ematen hasi dira, haurren mesedetan. Hirueletasuna omen helburua. Hain zuzen, gure haurrek euskara, gaztelania eta ingelesa menderatzea. Baina hori hala dela sinetsarazteko ñabardura txiki bat ahaztu dute: politika berria ETBko kate guztietan aplikatzea. Bestela, pentsa genezake, haientzat kate nagusia ETB2, hau da, gaztelaniazkoa dela eta gainontzekoak haren periferia direla. Ez baita kasualitatea, besteak beste, bakoitzean inbertitzen den baliabide eta diru kopurua edo bakoitzean programatzen den saio multzoaren nolakotasuna. Kasu honetan, kasualitatez, umeak euskarazkora bideratzen dira —badakizue, euskaraz haurrei eta txakurrei—, eta gai serioak gaztelaniaz lantzen dira. Eta orain, euskara apur hori, ingelesarekin ordezkatu.
Arrazoi izango du Koldo Izagirrek bere azken liburuan. Frankismo garaiko iluntasunean, eskolan zein kalean, kontua euskara isilaraztea zela, ez gaztelania goratu eta hobetzea. Ez da gauza bera, baina...
Komunikazioa. Ekografiak
Zentzugabekeriaren antzutasuna
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu