Irakurri hemen serie honetako artikulu guztiak
Ikus daiteke ikusi gabe ere. Harrapa daitezke koloreen xehetasunak, lilura dezake haranaren emankortasunak, harritu hegazkinen maniobrek, haiek begiratu beharrik gabe ere. Oroitzapen bat egon daiteke soinuz eta usainez osatua. 2023an lagunekin Mallorcara (Herrialde Katalanak) egin zuen bidaian, Ander Cornejok ez zuen itsasoa ikusi, baina hartaz gogoratzen da: entzumenaren, usaimenaren eta lagunen deskribapenen bidez moldatu zuen haren inguruko irudia. Beste behin, taxilari baten bidez izan zuen Lanzaroteko (Espainia) mendietako panoramikaren berri. Eta beste hainbat ñabardura egin ditu Poloniara egin zuen osteraz, baita Eivissakoaz (Herrialde Katalanak) ere. Esperientzia «aberasgarriak» izan dira horiek denak, Cornejoren irudiko. Ikusi beharrik gabe ere.
Desgaitasunen bat izanagatik, posible baita turismoa egitea. Are, gomendagarria da, Javi Cueva Fekoor desgaitasun fisikoa edota organikoa duten Bizkaiko pertsonen elkarteko aisialdi teknikariaren berbei erreparatuta. «Jendeak zera uler dezan nahi dugu: oztopoak izanagatik ere bidaiatu dezaketela, disfruta dezaketela, eta oporrek bizi kalitatea hobetzen dutela, dudarik gabe». Elkarteak hogei urte inguru daramatza bidaiak antolatzen eta gai horren inguruko aholkularitza ematen, eta, Cuevaren esanetan, epe horretan aldatu egin da erabiltzailearen jarrera: orain «exijenteagoak» dira, oro har. «Hasieran, ia guztiek bidaiatzen zuten eskuko aulkiarekin, eta hoteletan, zortea izatekotan, egokitutako gela bakarra izaten genuen, eta txandakatu egiten ginen horko komuna erabiltzeko». Gaur egun, ordea, ez lukete halakorik onartuko, Cuevaren iritziz.

Ez da hori aldaketa bakarra, dena den. Cuevak igarri du Fekorreko gero eta erabiltzaile gehiago animatzen direla bakarrik bidaiatzera. Elkarteek horretan ere laguntzen diete, aholkularitza emanez, esperientziak irakatsitakoa kontatuz, edo desgaitasunetan espezializatutako bidaia agentziekin harremanetan jarriz. ONCEko erabiltzailea da Cornejo, eta elkarteak oporretan ere lagundu izan dio inoiz. Cornejok bereziki gogoan du 2020an Lanzarotera egindako bidaia. Orduko bikotekidearekin joan zen: biak dira itsuak, eta bakarrik bidaiatu zuten, laguntzaile barik. Cornejok esplikatu duenez, ONCEko Gizarte Zerbitzuek boluntario sare bat dute, eta bertoko emakume batek lagundu zien: kotxez soilik heldu daitezkeen tokietara eraman zituen, eta andre harekin egin zuten Timanfaya sumendiko ibilbidea, besteak beste.
Baina, edonola ere, Cornejok azpimarratu du jende asko egoten dela laguntzeko prest. «Abenturazale hutsak ginenez, Puerto del Carmen inguruko hondartza batera joaten ginen. Bainatzera joaten ginenean, sorosleei eskatzen genien geure gauzak zain zitzatela». Kanarietako beste euskal turista batek ere lagundu zien, eta beste gauza askotarako ondo moldatu ziren biak bakarrik, ingurukoei galdetuta, tarteka taxiak hartuta... Cornejok mugarritzat du bidaia hori; gerora ere bakarrik bidaiatu izan du —2023an, Poloniara, kasu baterako—, baina gehienetan lagunekin joaten da oporretan. Bakarrik edo lagunduta, gutxi dira bidean topatu dituen oztopoak: egokituta ez zegoen bisita gidatu bat, itsua izateagatik ahula dela pentsatu izan duen zaindariren bat... Planifikazioa ere ez da izaten nekeza, haren esanetan: sareko bilatzaileetara eta plataforma espezifikoetara jotzen du, eta bidaia agentzia bidez ere egin izan ditu kudeaketak inoiz.
Dena lotuta
Desiree Ots-ek, berriz, nahiago du bidaia agentziak alde batera uztea —Gautena Autismoaren Espektroko Nahastea duten pertsonen senideen Gipuzkoako elkarteko kidea da—. Uste du agentziek «gauza estandar» bat eskaintzen dutela, baina hark zehatz-mehatz planifikatzea gura du, ahalik eta ezuste gutxien izateko: egun bakoitzean zer egingo duten, nora joango diren, zer ikusiko duten, lekualdaketek zenbat iraungo duten... Ordutegiak bilatzen ditu, baita prezioak ere, eta, kasu batzuetan, aurretik jakin nahi izaten du zerekin egingo duen topo. «Museo batera joan behar badugu, gustatzen zait ikustea nolakoa den barrutik». Beti ez dute aukera hori: Ots kexu da atari batzuetan ez dutela informazio guztia ipintzen, eta batzuetan beste turista batzuek egindako iruzkinetan arakatu behar izaten du daturen baten berri izateko.

Oporraldiaz gozatzeko, bidaia zorrotz aurreikustea premiazkoa da Otsentzat eta haren seme nagusiarentzat. Autistak dira, eta kontrolpean ez duten orok ezinegon handia eragiten die. «Nonbaitera heltzen bagara eta uste baino jende gehiago badago, edo zerbait aldatzen bada —adibidez, tren bat berandu badabil—, horrek nahiko antsietate sortzen digu». Hori dela eta, askoz lehenago hasten da oporrak prestatzen: esaterako, otsailean ekin zion abuztuan egingo duten bidaia planifikatzeari.
Behin tokira iritsita, baina, egoera askotarikoa izan daiteke. Otsek esan du leku asko prestatuta egoten direla, baina beste batzuk herren gelditzen direla irisgarritasunari dagokionez. Aireportuetan, esaterako, esperientzia ona eduki izan du. Zerbitzu berezi bat egoten da desgaitasunak dituztenentzat —Cornejok ere baliatu izan du inoiz—. «Ez duzu ilaran itxaron beharrik; guretzat, itxaronaldiak oso gogorrak izaten dira. Haiek gidatzen zaituzte dagokion tokira, eta ez daukazu gora eta behera ibili beharrik. Horrek asko errazten du dena», aitortu du Otsek. Gisa bereko baliabideak egoten dira beste garraiobide batzuetan ere, baina gerta liteke autistak zerbitzutik kanpo uztea. «Tren batzuetan, aurretik posta elektronikoz laguntza eskatu dugu, eta ukatu egin digute».
Logela bila
Fekorreko erabiltzaileek bi zailtasun nagusi izaten dituzte oporrak planifikatzeko orduan: batetik, irisgarritasuna, eta horren inguruko informazio falta; eta, bestetik, prezioa. «Mugikortasun arazo bat duzunean, bidaiatzea ez da garestiagoa, berez», adierazi du Cuevasek, baina uste du litekeena dela bidaia irisgarri bat erdiesteko hartu beharreko neurri batzuek esperientzia garestitzea. Esaterako, hotel batek zenbat eta kategoria altuagoa izan, orduan eta aukera gehiago egongo dira egokitutako gelak izan ditzan; eta aulki gurpilduna erabiliz gero, baliteke beste norbaitekin bidaiatu behar izatea: seniderik edo lagunik prest egon ezean, laguntzaile bat kontratatu beharra dago, eta horrek bikoiztu egiten du aurrekontua, Cuevak azaldu duenez.

Haren esanetan, leku turistikoetan ohituago egoten dira desgaitasuna duten bidaiariei abegi egitera eta, beraz, prestatuago egon ohi dira. Hain justu, Fekorrek toki turistikoak lehenesten ditu bere oporretako programan: askotan izan dira Kanaria uharteetan, baita Andaluziako kostaldean (Espainia) ere. «Inportantea da hotelak gertu izan dezala bainurako laguntza zerbitzua duen hondartza bat. Garrantzitsua da, halaber, hoteletik gertu aisialdirako aukerak egon daitezela». Kontrara, Otsek izkin egiten die leku turistikoei, eta toki ez hain zaratatsuak lehenesten ditu. «Leku lasaietan egiten dugu lo. Gero, egunen batean eremu turistiko bat bisitatu nahi badugu, joaten gara, baina hori ere ondo planifikatuta izaten dut».
Bidaiari batzuek, baina, nahiago dute beste batzuen esku utzi haien oporrak planifikatzeko lana. Donostiako Bask For All agentzia turismo irisgarrian espezializatuta dago. Euskal Herria bisitatu nahi duten turistei neurrira prestatzen dizkie bidaiak. Askotariko zerbitzuak dituzte, baina, batez ere, bi izaten dira eskatuenak, Jaime Izquierdo agentziaren arduradunaren arabera: ostatua eta hegazkinetik hotelerako lekualdaketa. «Oro har, beste helmuga batzuekin alderatuta, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan irisgarritasuna hobea da: hotel gehienek egokitutako gelak dituzte, baita bi eta hiru izarrekoek ere». Dena den, Izquierdok onartu du hotelek ez dituztela horrelako gela asko izaten eta, beraz, komeni dela denboraz erreserbatzea. «Gure bezero gehienek gutxienez hiru hilabeteko tartearekin erreserbatzen dute, baina, normalean, sei hilabete lehenago hasten dira prestatzen. Haiek ere jakitun dira zer zailtasun topa ditzaketen».
«Jendeak zera uler dezan nahi dugu, oztopoak izanagatik ere bidaiatu dezaketela, disfruta dezaketela, eta oporrek bizi kalitatea hobetzen dutela, dudarik gabe»
JAVI CUEVAFekoor elkarteko aisialdi teknikaria
Gelen eskuragarritasuna ez da buruhauste bakarra, ordea. Bezeroa ailegatu baino lehen, detaile mordo bat bermatuta izan behar dute agentziakoek. «Dena aurreikusi behar dugu, galdera asko egin behar ditugu», laburbildu du Izquierdok. «Gure egitekorik inportanteenetako bat da dena ondo neurtuta egon dadila, behar bereziak dituen jendea agian ez delako gai izango arazo batzuk konpontzeko». Besteak beste, laguntza teknikoak alokatzen dizkiete, gailu batzuk ezin dituztelako hegazkinean sartu; eta gela ere ondo miatuta izaten dute aurretik. «Iaz Donostian egon zen bezero bati aulkia eskuratu genion, ohean barrak ipini genizkion... Aurten ere etorriko da, irailean».