S exu ona edukitzeko baldintzei buruzko artikulu bat idatzi zuen B. Zirbelgeld doktoreak 1978an. Idatzitakoa ez zen berria orduan, eta egun ere baldintzen auzia pil-pilean dago. Nahiz eta Zirbelgeld jaunaren sexu eta ona kontzeptu zein edukien terminoen erabilerak eztabaida artikulua idazteko aukera eman, gaurkoan baldintzen kontuari eutsiko diot.
Gure lanean, hezkuntzan zein terapian, baita gure eguneroko bizitzan ere, konturatzen gara hainbat gauza bideratzeko eta gustura izateko baldintza batzuk behar direla. Lo egiteko, etxeaz gozatzeko, irakurtzeko, lagunekin parrandan joateko... Adibidez, pentsa dezagun zer behar izaten dugun lo egiteko: etxean zaratarik ez, umea loak hartuta egotea, ilunpean edo argitasun pixka bat, armairuko ateak zarratuta, zurrungarik ez... Bakoitzak gure baldintzak dauzkagu, eta gure bikotekideak bereak. Norberak bere beharrizanei eustea ez da kontu makala izaten, baina lagunarekin lo egiten dugunean bionak uztartzea…
Erotikan murgildurik gustura sentitzeko, gauza bera gertatzen zaigu; jabetu ala ez, badaude gauza batzuk behar izaten ditugunak momentua gozagarria izateko. Batzuetan, beharrizan horiek lagungarriak izango dira, baina oso zorrotzak baldin badira, gure kontra joko dute.
Hirutan bana ditzakegu baldintzak. Niri buruz: ni deskantsatuta eta dutxatuta egotea, etxea txukun, umeak ohean, sorpresarik ez, kulero sexyak…
Inguruari buruz: leku intimoa, erromantikoa, gela beroa, ohea…
Nire lagunari buruz: gauza lizunak esan behar ditu, kulero sexyak eta usain goxoa eduki, nireganako gogoa erakustea…
Jolas bat proposatzen dizuet:Zergatik ez dugu bakoitzak argitzen gure jolasteko baldintzak zeintzuk diren? Bakoitzak bere fitxak argi edukita, zelan jartzen garen lagunaren fitxak zeintzuk diren jakiteko bidean? Seguru asko, fitxa batzuk ezagunak dira;beste batzuk beharbada aldatu izan dira, eta auskalo kolore berriko fitxak agertu izango ote ziren. Batak bestearen berri izateak jolas politak bidera ditzake.
Jokoak egunak edota asteak iraun dezake. Ohartxoak lagunari utzita, SMSak bidaliz, belarrira esanez… irudimenak ematen dituen modu asko daude.
Gure ohiturekin, balioekin eta gurariekin bat egiten duten fitxak iraunkorragoak, dibertigarriagoak, ulergarriagoak iruditzen zaizkigu lagunarenak baino. Are gehiago, ez da izango batere zaila bakoitzak bere fitxak aurkeztean edo lagunarenak zeintzuk diren jakiterakoan norbera saiatzea laguna konbentzitzen norberarenak hobeak, arrazionalagoak, kitzikagarriagoak, sanoagoak direla. Momentu horretan sor daiteke bikotekideen arteko eztabaida, gurarien eta arrazoiaren lehiarekin, edo batak bestearen erotikaren ulermenak ekartzen duen sinergia.
Zelan saiatzen garen gure desioak bateratzen: bateraezinak direnak erronka moduan hartuz, norberak beste era batera moldatuz bideragarriagoa izateko, fantasia eta rol jokoak baliabidetzat hartuz, baldintza bakoitza zatitu benetako muina agertuz…
Zelan beste iskin batean elkartzen garen, zelan eremua zabaltzen dugun… Zelan horrek guztiak dakarren beldurraz, estualdiaz eta desioaz berba egiten dugun... Zelan biluzten garen berba egiteko.
Osasuna. Sexologia
Zer behar dut erotikan murgiltzeko?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu