Zer dakar telebistara 2011k?

ETBk fikziorako duen proiektu berri bakarra gaztelaniaz da, 'Vaya semanita'-ko Jonan eta Txori pertsonaiena

urtzi urkizu
Donostia
2011ko urtarrilaren 2a
00:00
Entzun
Krisialdi ekonomikoak baldintzatuko du aurten ere urtea, neurri batean bederen. Datozen lerroetan generoz genero, gaiez gai, telebistak 20011. urtean ekarriko diguna:

Telefilmak

ETBk enkargua egin dio Tentazioa ekoizpen etxeari Bernardo Atxagaren Soinujolearen semea eleberriarekin gidoi bat idazteko, etorkizunean telefilm bat egiteko asmoz. EITBko 2011ko proiektuetako bat bezala aurkeztu bazen ere, Tentazioa ekoizpen etxetik adierazi dute proiektu hori noiz gauzatu daitekeen ez dakitela. Gauzatuko den ere ez. TVEk gertaera historikoetan oinarritutako telefilmak egiteko asmoa du. Horietako bat El asesinato de Carrero Blanco izango da, urtearen lehen seihilekoan bi zatitan emango dutena. Unax Ugaldek Argalaren rola jokatuko du eta Jose Angel Egidok Carrero Blancorena. Zuzendaria Miguel Bardem da. Tele5n Albako dukesaren inguruko telefilmaren bigarren zatia egingo dute.

Telesailak

Euskaraz Goenkale telesaila baino ez da egingo, momentuz. ETB2rako Jonan y Txori umorezko telesaila egingo du Pausokak, Vaya semanita-ko pertsonaietan oinarrituta. Antena3ek La reina del sur, El barco eta Javier Camarak protagonizatutako sitcom bat estreinatuko ditu. La Sextak umorezko telesail berri bat egingo du, Antonio Molero aktorearekin. Tele5k Piratas, Vida loca eta Angel o demonio telesailak estreinatuko ditu.

Albistegiak

Hamaika Telebistako Bat eta Bat albistegia ikuspegi nazionaletik egiten ari dira egiten gero eta gehiago, zazpi herrialdeei begira. Aurten Iker Zabalak aurkeztuko du albistegia, Urtzi Urrutikoetxearen ordez. Urrutikoetxeak Bilbo Hamaikako zuzendari lanari helduko dio gehiago. Bestalde, Tele5-Cuatro bat-egitearen ondorioz, Cuatroko iluntzeko albistegia 20:00etan emango dute bihartik aurrera.

Mahai-inguruak

Hamaika Donostian mahai-inguru saio bat ari dira prestatzen eta hemendik aste batzuetara estreinatuko dute. Inaxio Esnaola izango da aurkezlea eta Hurbilean jarriko diote izena. Gipuzkoako gizarte gaiak jorratuko dituzte batik bat. La Sexta2 katean, berriz, hilabete honetan bertan hasiko dira Al rojo vivo eztabaisa saioa ematen. Aurkezlea Antonio G. Ferreras izango da. La Sextatik iragarri dutenez, Espainiako LTDko eskaintzan ildo editorial kontserbadorea ez duen tertulia bakarra izango da.

Dokumentalak

Iñaki Gabilondok Transición y Democracia 13 ataletako dokumental saioa aurkeztuko du ETB2rako. Juan Pablo Fus historialariak zuzendu eta koordinatuko du saioa. Kate berean hilabetero Cronicas de dokumental saio berria emango dute. ETB2n beste dokumental saio bat ere hasiko da urtarrilean: Capital Cultura. Euskal Herriko sortzaileak izango ditu protagonista, Julio Flor eta Jose Fernandez de la Sotaren eskutik.

Telebista kartara

Uda iritsi aurretik jarri nahi dute martxan ETBren Telebista kartara eskaintza. ETBren artxibo historiko ia osoa internauten eskura geldituko da. Horrez gain, ETBko azken zazpi egunetako parrilla osorik eskegiko dute. Iñako Gurrutxaga Eitb.com-eko edukien arduradunak zuzendaritzari proposatu dio creative archive license izeneko sisteman jartzea artxiboko irudiak, 2004. urtean BBCk hainbat hilabetez jarri zuen moduan. Horren bitartez herritarrek irudiak erabili ditzazkete, dirua lortzeko ez bada.

Ikus-entzunezko kontseiluak

Nafarroan, Katalunian eta Frantzian ikus-entzunezko kontseiluak dauden bezala, Euskal Autonomi Erkidegoan ez dago halakorik. EHUko irakasle batzuek horren beharra eman dute argitara eta gaia agintarien mahai gainean egongo da. Espainia mailan ere mota horretako kontseilu bat eskatzen ari dira aspaldi, eta Jose Antonio Rubalcabak iragarri du hilabete batzuetan martxan egon daitekeela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.