ATZEKOZ AURRERA. Xavier Roige. Antropologoa eta irakaslea

«Zer izan nahi dugun hausnartzeko tokia ere bada museoa»

Roigeren iritziz, museoak kohesio sozialerako espazioak dira. Ordea, erakunde publikoek aurrekontuak murrizten dizkiete krisi garaian, eta horrek kolokan jartzen du museoen «funtzio soziala».

Izaro Zinkunegi Barandiaran.
Donostia
2018ko urriaren 23a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
«Gizarte bat definitzen duen hori da ondarea: nolakoa den eta nolakoa izan nahi duen». Hala dio Xabier Roige (Bartzelona, 1960) antropologoak. Bartzelonako Unibertsitateko irakaslea da, eta ondarea eta erakunde publikoen parte hartzea du aztergai, besteak beste. Horretaz aritu zen Donostian joan den astean, Krisi ekonomikoak, kultur ondarea eta museoak kongresuan. Hezkuntza, filosofia eta antropologia fakultateak (EHU), Oiasso museoak eta San Telmo museoak antolatu dute kongresua.

Nola uztartzen dira ondarea eta krisi garaiak?

Gizartean badago finantzaketa publikorik behar ez duen ondare bat, gure kultura eta identitateari lotua. Baina, bestalde, bada kultur politikei lotutako ondare bat ere. Gizartea nolakoa den identifikatzeko, beharrezkoa da ondare hori zaintzea.

Nolako eragina izan zuen 2008ko krisiak ondarean?

Krisi ekonomiko deitzen diogun aldi haren aurretik inbertsio publiko handiak egin zituzten erakundeek museoetako ekipamenduetan. Krisiak, ordea, finantzaketa publikoaren krisia ekarri zuen, eta aurrekontuak murriztu ziren. Museoek euren finantzaketa topatu behar zuten ideia zabaldu zen.

Zer ondorio izan ditu horrek?

Zentro berrien sorrera murriztu da. Hori nabaria da, aurretik hiperinflazio edo museomania moduko zerbait ere egon baitzen. Sorrera murriztu bada ere, museoak ez dituzte itxi oro har. Horren ordez, haien egoera txartu da: lan arloan azpikontratazioak nagusitu dira, eta langile iraunkorrak gutxitu. Jarduerak ere murriztu egin dira. Museo txikiei eragin die nagusiki.

Nolakoa izan beharko luke erakunde publikoen parte hartzeak?

Museoa ez da zer izan garen pentsatzeko toki bat soilik: zer izan nahi dugun hausnartzeko tokia ere bada. Kohesio sozialerako lekua izan behar du, hitz egiteko eta publikoa galdekatzeko espazioa. Erakunde publikoek funtzio sozial hori sustatzen duten ekintzak bultzatu behar dituzte.

Zer funtzio izan behar du museoak?

Museo batek ez dizkizu erantzun guztiak eman behar; estimulatu egin behar zaitu; hunkitu egin behar zaitu, edo informazioa bilatzera bultzatu. Gizartearen kezkez hitz egin behar du, beldurrik gabe: kulturartekotasunaz, identitate nazionalaz...

Sortu al da halako proiekturik?

Bai, gauza berri asko ari dira sortzen: aldarrikapen politikorako museo komunitarioak jaio dira zenbait herrialdetan, nagusiki Latinoamerikan. Gai ugari lantzen dituzten museoak sortu dira: kulturartekotasuna, kaleko artea, homosexualitatea, immigrazioa... Lehen, Europa zen ondarearen zentroa munduan; orain, zabaltzen ari da hori.

Nolako eragina du turismoak ondarean?

Turismoak museoen ugaritzea eragin du, ondorio positibo eta negatiboekin: museoak sortzea bultzatu du, eta hori positiboa da; baina turismoan lan egiten duten erakunde asko sortu dira, eta, ondorioz, museoak gainezka daude. Haietara joan behar delako doa jendea, ez artelanak ikustera. Publikoaz gain, herritarrak ere biktima dira, hiriak eurak bihurtu baitira museo zenbaitetan.

Globalizazioak ere badu eraginik.

Bai. Museoak katean sortzen ari dira: frankizia iritsi da, hor dago Abu Dhabiko Louvre museoa, esaterako. Zentro publiko batek haren marka eta irudia saldu du kultura erabat ezberdina duen herrialde batean museo bat sortzeko.Museo handiek erakusketak saltzen dituzte, eta horrek artearen globalizazioa eragin du. Artea unibertsala da, baina, neurri batean, artea mendebaldartu egin da joera horrekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.