Zeramikaria

Saioa Aiala: «Zeramika etengabeko ikasketa da; ikasketa infinitua, amaigabea»

Hondarribiko baserriko tailerra platerez, erretiluz, kaikuz, kikaraz eta pitxerrez beteta dauka. Aialak zeramika ikastaroak ematen ditu han: «Edertasuna egunerokora ekartzen saiatzen naiz».

Saioa Aiala zeramikaria tornuarekin pieza bat egiten. ESTITXU ORTOLAIZ
Saioa Aiala zeramikaria tornuarekin pieza bat egiten. ESTITXU ORTOLAIZ
Kristina Berasain Tristan.
2025eko uztailaren 24a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Arbasoen baserrian dauka zeramika tailerra Saioa Aialak (Donostia, 1975). Hondarribiko Arkolla auzoan dago Etxeberri. Jaizkibelen magaleko etxeko ate marroia zeharkatzean koloretako unibertso bat dago: platerak, erretiluak, kaikuak, kikarak, pitxerrak... «Ukuilua izan zen lekuan daukat zeramika tailerra. Hemen berdez inguratua nago, eta txoriz eta ardiz».

Lohiart izena du zure markak.

Bai. Lohi hitza asko gustatzen zait, daukan esanahia... Azkenean, horrekin egiten dut lan. Lohiarekin artea edo sormena egiten dut. Buztin pusketa bat pieza eder bat bihurtzean datza nire lana; lohia eskuetan hartu eta forma polit bat ematean. Asko gozatzen dut.

Nola hasi zen dena?

Debako Arte Eskolara joan nintzen. Espezialitate bat baino gehiago zeuden, eta nik zeramika aukeratu nuen. Gero, Gasteizko Ofizio eta Arte Eskolan ibili nintzen. Horrela ezagutu nuen zeramika. Gerora, ikastaro espezializatu ugari egin ditut. Katalunian, esaterako, hango maisu baten tornu ikastaroak jaso ditut. Igeldoko Undermounten antolatzen dituzten ikastaroetan ere izan naiz: oso zeramikari onak etorri dira, maila gorenekoak.

Saioa Ayala zeramikariak egindako pieza bat.
Saioa Aiala zeramikariak egindako pieza bat. NAGORE LEGARRETA
Eta halako batean baserrian tailerra zabaldu zenuen...

Oso naturala izan da. Duela hogei bat urte nabil mundu honetan, baina orain dela lau bat urte sartu nintzen erabat buru-belarri. Hasieratik sentitu nuen zeramika luzerako izango zela, bat-bateko maitemina izan zen, baina gero pixkanaka joan naiz. Lehenengo, tornu bat erosi nuen eta etxean hasi nintzen; gero, labea behar nuela jabetu nintzen, eta orduan hemen irudikatu nuen nire burua. Ukuilua izan zen lekuan daukat zeramika tailerra. Hemen berdez inguratu nago, eta txoriz eta ardiz. Oso pozik nago maite dudan lanbidean ari naizelako.

Hementxe ematen dituzu ikastaroak, ezta?

Bai. Tornu ikastaro bi egin berri ditugu. Urritik ekainera asteroko ikastaroak ematen ditut, eta tarteka, larunbatetan, ikastaro monografikoak. Hondarribian abuztuaren 16an eta 17an egingo den azokarako piezak prestatzen nabil orain. 

Enkarguak ere egin dituzu...

Bereziki baxerak egiten ditut, bai partikularrentzat bai jatetxeentzat. Hondarribiko Laia jatetxearentzat egin dut lan, batez ere. Eneko Atxaren Azurmendi jatetxerako ere egin ditut piezak. Hiru Michelin izar ditu.

Saioa Ayala zeramikariak egindako piezak.
Saioa Aiala zeramikariak egindako piezak. NAGORE LEGARRETA
Bereziki tornuarekin egiten duzu lan...

Asko gustatzen zait tornua. Denbora oso azkar joaten zait. Gustatuko litzaidake mantsoago joatea... Konturatu gabe pasatzen zait eguna. Tornua hipnotikoa da, nahiz eta hasieran, ikasten ari zarenean, frustragarria ere baden. 

Edertasuna egunerokoan. Horixe irakur daiteke zure sare sozialetan. Hori al da zure lema?

Bai, zeramika erabilgarria egiten dut, baina, bai, gustatzen zait edertasuna bilatzea, saiatzen naiz horretan, koloreen, esmalteen, formen eta abarren bidez. 

Pieza bat labean sartu eta inoiz ez dakizu oso ondo zer aterako den...

Hala da! Hori da zeramikak duen puntu magikoa. Esmalteekin dena kontrolatzea ezinezkoa da, beti daukazu sorpresatxoren bat. Egia da gero eta gehiago jakin, ba, orduan eta gehiago kontrolatzen duzula; azken batean, hau ere zientifikoa da. Dena pisatu egiten da, eta formula batzuk daude, baina labearen berotasunak emaitza aldatu dezake, edo pieza labearen beheko edo goiko aldean jartzen den... Inoiz ez dira aterako bi pieza berdin.

Horrek ere bere xarma dauka...

Bai, eta dena eskuz egitea, artisaua izatea... Zeramika diziplina aberatsa eta konplexua da. Teknika asko daude, bide asko, aukera asko... Pieza bat oso modu ezberdinetan egin daiteke. Zeramika etengabeko ikasketa da; ikasketa infinitua, amaigabea. Ni horrek elikatzen nau, beti ikasten egoteak...

Saioa Ayala zeramikariak egindako pieza bat.
Saioa Aiala zeramikariak egindako pieza bat. NAGORE LEGARRETA
Ikasten eta jolasten?

Ikasten, jolasten, esperimentatzen, probatzen, sakontzen, huts egiten, baina batez ere gozatzen. Lan bakoitza, pieza bakoitza, erronka txiki bat da. Organikoak izeneko serie bat egin dut, kokoaren eta zuhaitzen enborren azala irudikatuz...

Modan al dago zeramika?

Baietz esango nuke. Pandemiatik gauzak eskuekin egiteko joera dago; sorkuntzarekin lotuta dauden diziplinetara gerturatu gara.

lotsabako

  1. Zeramikari bat? Ezingo nuke bakar bat esan. Nire ibilbidean bereziki markatu nauten hiru esango ditut: Ramon Fort, Avelino Carrasco eta Ana Felipe Royo. Zeramikari onak izatez gain, pertsona ederrak dira.
  2. Leku bat? Itsasoa.
  3. Oporretan, nora? Baztan aldera joango naiz bost eguneko ibilaldi bat egitera, motxila hartuta. Gero, Palentziako [Espainia] herri batera; lagun batek ‘pueblo’-a dauka han.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.