Biniloaren alde mintzo da Eneko Abrego Inoren Ero Ni taldeko abeslaria. Beren lehen lana CD formatuan atera zuten, baina biniloa hautatu dute hurrengo bi etan; formatu horretan kaleratu dituzte Gronhölm eta Fosbury izeneko diskoak. Biniloan baino ez dituzte saldu, gainera. «Kaxa barruan CDa ere sartu dugu, halere, formatu hori erabiltzen dutenentzat». Estetikoak dira biniloaren alde erabiltzen dituen argudioetariko batzuk, baina badago kutsu filosofikoagoa duenik ere.«Orratza eta diskoaren artean kotaktu fisiko bat dago biniloarekin, eta horrek soinu propioa sortzen du. Diskoaren arabera jasanezina da, batzuetan, baina beti du zentzu fisiko hori. CDarekin dena da izpi, laser eta horren gisakoak. Biniloak beste kutsu bat du; artisautzatik gertuagokoa».
Ez da horien bien arteko alde bakarra. «CDa oso formatu arrunta da», dio Abregok. «Biniloarekin zer ikusirik ez du. Biniloaren tamainako kaxa batzuk koadroen parekoak dira, kasik. Aukera handiagoa ematen du diseinua lantzeko. Artelanak egiteko egokiagoa da». Baina dena ez da begi, eta belarriari ere begiratu behar,bata edo bestea aukeratzeko. «Naturalagoa da biniloaren soinua». Eta hain zuzen, naturaltasun hori da, gainera, taldeak lortu nahi duena. Zuzenean eta elkarrekin grabatu dituzte azken bi diskoetako kantak. Ahotsa aparte, baina tresna guztiak batera. «Nabaritzen da aldea. Akats txikiak ere entzuten dira gure azken diskoetan; baina, nire ustez, akats txiki horiek dira, hain zuzen, soinuari kutsu natural hori ematen diotenak. Beste ukitu bat ematen diote». Diskurtso osoago baten parte da, beraz, biniloarena aldeko hautua Inoren Ero Niren kasuan.
Biniloaren goraldia
Lokalean kanta berriak ateratzen dabiltza orain taldeko kideak, eta ekaina alderako grabatu nahi dute lan berria, iraila aldera kaleratzeko. «Gure laugarren diskoa; gure hirugarren biniloa jarraian. Formatu hori aukeratuko dugu oraingoan ere. Hori da asmoa, eta hori egingo dugu».
Gero eta gehiago dira, Abregoren hitzetan, bide bera hartzen duten taldeak, gainera. Eta izenak ematen ditu: Anari eta Lisabo, esaterako. Joera orokorrago baten barruan dago dena, ordea, Abregoren aburuz. «Goraldian da biniloa. CDak izan zuen bere momentua, baina oso formatu arrunta da, eta indarra galdu du».
Eneko Abrego. Inoren Ero Ni taldeko abeslaria
«Zerbait fisikoa dago biniloekin; CDarekin ez»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu