Euskaltzaina

Adolfo Arejita: «Zergatik ez diogu euskara batuari gure nortasuna ere erantsiko?»

Euskararen Herri Hizkeren Atlasa gizarteratzea da Euskaltzaindiaren Berba-mintzoak bildumaren helburua. Adolfo Arejitak koordinatu du, eta garrantzia eman dio hizkuntzaren beraren emaritik edateari.

Adolfo Arejita, aurreko astean, Bilbon. ARITZ LOIOLA / FOKU
Adolfo Arejita, aurreko astean, Bilbon. ARITZ LOIOLA / FOKU
Mikel Elkoroberezibar Beloki.
2025eko maiatzaren 9a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Herri adina hizkera ditu euskarak, eta horiek denak jasoak ditu Euskaltzaindiak Euskararen Herri Hizkeren Atlasean. Hura gizarteratze aldera, Berba-mintzoak bilduma sortu dute; lehen alean asteko egunei, urtaroei, urteko hilabeteei, egunaren atalei, agurrei eta egun seinalatuei erreparatu diete. Denboraren gurpilean liburua kalean da jada, eta Adolfo Arejita euskaltzaina (Bilbo, 1953) arduratu da hura koordinatzeaz. 

Lan horren guztiaren atzean zenbat herri daude?

Hizkuntza atlasari bagagozkio, 145 euskal herri edo auzogunetako informazio zuzena dago, testigantza zuzena. Liburuetan biltzen dena da hitz bakoitza nola esaten den lekuetan, baina hitz horren inguruko mundua dago hezurdura horren atzean. Hitzek badute euren memoria, euren oroimena, eta euren inguruan badituzte konnotazioak, esaerak, iritziak eta legendak. Denetik dago: hitzek euren arima dute. 

Arima hori erakusteko xedea duzue Berba-mintzoak bildumaren bidez?

Bai. Zientzia mailako parametroekin egiten da hizkuntza atlas bat, eta hori lehendik dago eginda. Berba-mintzoak bildumaren helburua da zientzia gizarteratzea, dibulgatzea. Ez dadila geratu hor gordeta apalategietan edo artxiboetan, baizik eta hori zirkulazioan ipintzea, gizarteak gozatzea eta gizartean horrek bizi berria hartzea. 

Zein da herri hizkerak ikertu, jaso eta zabaltzearen garrantzia, zure ustez?

Euskaraz bizi izan da gizarte bat, eguneroko gai guztiak gogoan eta aho-mihitan erabili dituena, baina idatzizko tradizioan mundu hori zati txiki batean baino ez da gorde islaturik. Horren azterketa sistematiko bat egin behar zen, eta orduan abiatu zen Euskararen Herri Hizkeren Atlasa egiteko ahalegina. Konnotazio inportantea eduki du, galdetegi bat egin delako aztertzeko zein izan den euskaraz bizi izan den gure gizarte tradizionalaren bizimodua. Hortik dator, beraz, gu orain plazaratzen ari garen Berba-mintzoakbildumaren ahalegin hau. Zer du euskarak inportanteagorik bizirik irautea baino? Euskara bizi da, eta bizirik izate horri ere garrantzi ikaragarria ematen dio Euskaltzaindiak, ez bakarrik arauari. Bizirik irauteari berari, hura bermatzeari eta transmisioari. Hortik doaz ahaleginak.

Izan ere, nekeza izango da euskara osasuntsu bat izatea herri hizkerei eutsi gabe, ezta?

Argi dago. Aldi batean ez geneukan batasunik, eta batasuna zen lehentasuna. Batasun formal bat badugu, nahiz eta ez dagoen burutua. Kontua da batasuna bera ere lehen baino askoz ere konplexuagoa dela. Barietate askotan bizi da euskara, eta leku batzuetan askoz indartsuago dago beste batzuetan baino. Eskola ezinbestekoa da, baina horrekin batera garrantzia dauka idazle edo kazetari batek aurreko belaunaldi batetik jaso dituen formulak bere idatzizko lanetan txertatzeak. Euskarak hizkuntza estandarra dauka, baina bizirik dauka oraindik hizkuntzaren beraren emaria. Hori ere eredu landura eramatea ezinbestekoa ez da izango, bizirik irauteko ez delako beharbada derrigorrezkoa izango, baina hizkuntza koloretsu, bizi, adierazkorragoa, horiek transmititzen eta gizarteratzeko gai dena, askoz ere ederragoa da.

«Garrantzia dauka idazle batek aurreko belaunaldi batetik jaso dituen formulak bere idatzizko lanetan txertatzeak»

 

Hitzen atzean dagoena argi ikusten da lehen alean, denborari eskainitakoan.

Bai. Ahalegindu gara. Primadera-ren edo igandea-ren atzean zer dagoen, adibidez. Testiguak onak izan diren neurrian, hor mundu bat dago. Gure lana da hori erakustea, gaurko jende gazteak ulertuko duen erara. Azken batean, herri ondarea diogunean, ez dauka ez aitarik, ez amarik: herri hiztunen gizarte bat dauka. Eskiulako [Zuberoa] puntatik eta Getxoko [Bizkaia] puntaraino badago euskaraz bizi izan zen gizarte bat, diferentzia handiekin ere puntu batzuetan adostasun handiak dituena. Hizkuntzaren erabilera horrek mezuetan, esapideetan eta legendetan uste baino batasun handiagoa erakusten du muga guztien gaindi.

Astelehena da adibide bat?

Bizkaiko sartaldean ilena ere esaten dute. Ikusten da erromanizazioaren epeak ez direla berdinak izan ekialdetik sartaldera. Asteartea da euskararen eremu osoan, salbu sartaldeko eremuan. Asteartea-k martitzena dauka, eta horrek latinaren arrastoa. Sartaldean erromantze hizkuntzaren eragin sarkorragoa dago. Azken batean, hitzek adierazten dute hizkuntzaren beraren historia.

Igandea, domeka eta jaia formetan ere ikusten da hori?

Erdibideetan gertatzen da forma neutroago batek estaltzea forma berezi bat. Domeka esaten den eta igandea esaten den lekuen artean jaia-k hartu lekua. Kuriosoa. 

Eta hirurak dira euskara batuaren parte.

Bai, jakina. Euskara batuan idazten dugu, baina zergatik ez diogu gure nortasuna ere erantsiko? Euskara batuan barietate antzekoa bermatu daiteke idazleen sentsibilitateen arabera. Bereziki, bera idazle sentitzen denean. Kazetari batek ahalik eta eredurik orokortuena edo adostuena egingo du, baina iritzi artikulu bat edo zeure sinadura utzi nahi duzun zerbait idatzi nahi baduzu, garrantzi handia dauka zure nortasuna adierazteak. Horrek indarra ematen dio, eta lekua dauka hizkuntza estandar batean. Hizkeraren isla ikustea gustatzen zaigu, eta forma horiek ere euskara batua dira.

lotsabako

Zein da zureen duzun herri hizkera?
Nireena Morgakoa [Bizkaia] da.

Aurrerago hiri hizkerak ere aztertuko dira?
Nik ez. Herrietako emaria hiriratzea maite dut, kaleratzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.