Hendaiako errugbi taldetik pasatu zen goi mailara, 2003an, Baionan sartuz. Sasoia zailtasunekin joan zaio taldeari, entrenatzaile aldaketak tarteko, eta Top14ari eusteko, sufritu egin dute.
Aurtengo sasoia gorabehera batzuekin iragan da. Gogorra izan da?
Egia da aurten gauza anitz pasatu direla Baionako taldean zelaian, baina kanpoan ere bai. Urte zaila izan da, bereziki emaitzak ez zirelako hor. Gu kirolariak gara eta beti nahi dugu irabazi. Orduan, taldeak galtzen duenean, beti zaila da, zeren eta bakoitzak ikusi behar baitu bere jokoan zer dagoen gaizki, zer egin hobeto taldea aurrera eramateko. Baina urtea ongi bukatu dugu, eta oso gauza ona da hurrengo urterako, taldea elkartu baita zailtasunean eta gauza anitz ikasi baititugu. Aurten talde bat sortu da.
Entrenatzailea ere kanpo igorri zuten. Holakoetan taldeak oreka atxikitzen du?
Erran dudan bezala, gu jokalariak gara. Beraz, gure lana zelaikoa da. Egia da entrenatzailea aldatzea ez dela beti erraza, baina aski handiak gara, badakigu ez dela beti entrenatzailearen kulpa. Orduan, aldaketa bat denean, erran nahi du guk ere dena aldatu behar dugula aurrera segitzeko eta taldea salbatzeko. Taldeak oso ongi erantzun du, zelaian lan eginez eta emaitzak hobetuz.
Holako momentuetan zuk ere, jokalari gisa, presio handia ukanen duzu, ez?
Presioa beti hor da. Guretzat gauza ona da, gora eramaten gaituelako. Dena erraza balitz, ez genuke hobetuko. Galtzen dugunean, lan handiagoa egiten dugu, eta une batean lanak ordaintzen du.
Miarritzen ere, sasoi honetan, zailtasunekin ibili dira. Bi taldeek bat egitea posible litzateke edo utopia hutsa da?
Galdera hori beti entzuten da. Egia da aurten zailtasunetan ibili garela, baina bi taldeak aurrera joan dira. Oraingoz ez dut ikusten talde bakar bat, baina zergatik ez; eta, segur aski, momentu batean talde handi bakar bat izanen da Euskal Herrikoa. Baina oraingoz bi talde daude, eta nik, jokalari gisa, ez dut uste hori ezagutuko dudanik.
Entzuten da errugbi talde identitario bat falta dela. Irlandan probintziaka ari dira, hirika aritu partez. Zer diozu horretaz?
Egia da, baina talde bakoitzak ere identitatea badu: euskal identitatea. Gero badira herri batzuk probintziak dituztenak eta Eurokopan oso indartsuak direnak. Orduan, zergatik ez euskal probintzia bat egin Europako Txapelketan euskal identitate batekin?
Athleticek egiten duen bezala, posible litzateke euskal talde batek lekuko errugbi jokalariak bakarrik hartzea?
Beharbada, bai. Bagara euskal jokalari anitz goi mailan. Baina zailtasuna da errugian jokalari anitz behar direla. Futbolean, askoz gazte gehiago dabil eta errazagoa da profesional asko ateratzea. Baina pentsatzen dut jendeak horretan sinisten badu talde handi bat egin daitekeela, errugbi kulturan Euskal Herriak lekua baitu. Garrantzitsuena sinistea da.
Baionako zaleen artean ikurrin eta euskal kantu anitz badira. Hortik haratago, zinez euskal girorik bada?
Euskal giroa txikia da maila profesionalean, baina ez da ahantzi behar errugbi profesionalak leku txikia duela. Errugbia herri guztietan bada, eta hor bai, euskal giroak garrantzi handiagoa du. Baionak beti nahi izan dio euskal kulturari lekua eman. Ez da ahantzi behar Euskal Herrian gaudela; gure oinarriak lekua hartzen du.
Anoetan jokatu dituzue partidu batzuk. Zer diferentzia sentitzen duzu Anoetaren eta Jean Daugerren artean?
Ez da gauza bera. Baionako Jean Dauger zelaia etxean da, gure markak baditugu. Anoeta ere gure etxea da, baina zelai handiagoa da. Ez dugu egunero jokatzen 30.000 ikusleren aurrean. Ez da gauza bera. Nihaurek oso gustuko dut Donostian jokatzea, nire familiarentzat hurbilago baita.
Baionako taldean zure lekua irabazi duzu. Nola ikusten duzu geroa? Beti hor, edo aukeren arabera?
Lekua pixkanaka egiten da. Orain errugbia nire lana da eta ez du anitz irauten; orduan, kanpora joan behar banaiz, joango naiz. Oraindik urte bat gelditzen zait hemen, Baionan. Baina badakit errugbia finitu eta gero Euskal Herrira itzuliko naizela.
Beste kontu bat. Errugbi munduan, iduri luke homosexualitatea tabu bat dela. Batek azal dezake homosexuala dela edo errugbiko giroak zailago egiten du?
Ez dut uste errugbian beste nonbait baino tabu handiagoa denik. Egia da gure lanean bakarrik mutiko artean gaudela eta beharbada jokalari homosexual batek beldurra izan dezakeela errateko. Baina niretzat, behintzat, ez da arazorik. Mutil artean, homosexualitatea kirol batean ere ez da askotan aipatzen. Duela hiru urte, Galesko jokalari batek comming out bat egin zuen, eta oso ongi pasatu da errugbi munduan. Baina egia da gutxi hitz egiten dela horren inguruan.
Aretz Iginiz
«Zergatik ez euskal probintzia bat egin Europako Txapelketan?»
Hendaiako errugbi taldetik goi mailara pasatu zen. Baionan fitxatu zuten, 2003an, eta urte bat gelditzen zaio kontratua bukatzeko. Errugbia du ofizioa Aretz Iginizek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu