Komunikazioa. Ekografiak

Zergatik?

Jokin Labaien.
2011ko urtarrilaren 5a
00:00
Entzun
Irakurri al zenuen atzo orrialde honetako albistea? ETB1ek %2,2ko ikusle kuota izan du 2010ean, eta ETB2k %9,4koa zuen izenburu. Datua kezkagarria da zenbakien txikitasunari erreparatuz. Eta kezka handitu egiten da albistearen garapenari so.

Alderaketa ezinbestekoa baita ulermenaren mesedetan. Datuok gainontzeko kateek izandakoen aldamenean jar daitezke. Dena den, haur ginela, ingurukoei begira egotea jokabide okerra dela ikasi genuen etxean. Hala, hobe geure buruaz alderatu. Gainera, era horretan, ETB1en jarraipena era logikoan balora daiteke. Ez baita posible, Euskal Herriko ikus-entzuleen osotasuna aintzat hartzea. Hobe euskal hiztunen kopurura mugatu. Futbola salbu, normalki hizkuntza menperatzea —gehiago ala gutxiago— ezinbestekoa baita telebistako emanaldiak jarraitu ahal izateko. Eta, hala ere, %2,2 baxua da. 2003an, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, %6,2ko ikusle kuota izan zuen kate berak. Beherakadaren arrazoiak asko izan daitezke. Eskaintzaren kalitateaz eta unean uneko bulegoetako gatazkez gain, horiek ere bildu ditzakeen batek arduratzen nau bereziki: katearekiko atxikimenduaren galerak. Eta katearen diodanean, katearen sorrera eragin zuten arrazoiak esan nahi dut. Eta arrazoiek, halabeharrez, balio batzuetara naramate. Urrun baikaude, telebista gisa, euskara eta Euskal Herriko kultura sustatzetik. Urrun, ikus-entzuleok, euskara eta Euskal Herriko kultura eskaintza hori gozagarri sentitzetik. Azal nadin. Ez dut euskarazko telebistaren jarraitzailea militantziagatik izan nahi. Telebistak telebista izan behar du; euskarazko telebistak euskarazko telebista; eta euskara eta Euskal Herriko kultura sustatzeko telebistak berdin. Baina egun batean —sentitzen dut, ni ere ez naiz inoiz izan zen zehazteko gai—, euskara eta Euskal Herriko kultura sustatzeari utzi genion. Euskarazko izatea zama bihurtu genuen. Eta gaur, telebista baino ez gara. Beste guztiak bezalakoak gara. Kontua ez da desberdinak izatea. Noski. Dena den, gurea ez dute besteek hizpide hartuko.

Auzoan ez du jakingurarik pizten. Eta gurerik ezean, zer axola digu kate batek ala besteak. Areago, gainontzeko askok baliabide gehiago izanda, gurdiak auzorantz tira. Izan ere, LTDaren itsasoa ez da aitzakia. Zenbaitzuek mantendu egin baitituzte ikusle kuotak. Eta ez, telebista kontsumoak ez du behera egin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.