Zertarako balio dute egunkariek?

Denetariko moduak daude paperezko egunkariak berrerabiltzeko: zapatak lehortu daitezke, gorputza berotu daiteke, sua pizteko balio du eta baratzean jarduteko. Hitz berriak sortzeko eta historia ezagutzeko ere balio dute berripaperek.

EGUNKARIA ZAPATETAN
Egunkariek zapatak lehortzeko ere balio dute. MAIXA OLANO
Mikel Elkoroberezibar Beloki.
Donostia
2024ko urtarrilaren 27a
05:00
Entzun

Egunkarien helburu nagusia da herritarrei egiazko informazioa ematea: gertatzen denaren berri izateko eskubidea dute, eta egunkariek ematen dute hori bermatzeko bidea. Erreferentziazko pertsonen iritziak jasotzeko ere balio dute, baita entretenitzeko ere. Egunkarien paperezko edizioek, ordea, beste gauza askotarako ere balio dute; adibidez, zapatak lehortzeko, txirrindularien gorputzak berotzeko, sua pizteko, baratzean jarduteko, hitz berriak sortzeko eta historia ezagutzeko.

Zapatak lehortzeko

Jose Galatxek urte asko daramatza Donostiako Amara Berri auzoan zapatak konpontzen. «Gutxik daukagu lanbide hau, eta lan asko pilatzen zaigu. Ea, bost minutu», esan du, eskuan duen zapata parea albo batera utzita. «Egunkariek informatzeko balio dute: ez dute zerikusirik zapatekin!». Hala ere, aitortu du hark ere, Euskal Herriko etxe gehienetan bezala, egunkari papera zapatak lehortzeko erabiltzen duela: «Egunkarien papera ezin hobea da zapatetako hezetasuna xurgatzeko».

Zapatak, normalean, euriarekin bustitzen dira. Haien azalaren arabera, barnealdea gehiago edo gutxiago bustiko da, edo batere ez. «Katiusketan eta Goretex duten zapatetan ez da sartzen, baina gainerako guztietan bai», nabarmendu du Galatxek. Euriarentzako zapatarik okerrenak, berriz, larruzkoak direla esan du: «Larrua ezin hobea da oinentzat, baina urarentzat ez du balio. Horretarako, hobea da plastikozko zapata, larruzkoa baino. Larruak poroak ditu: animalia baten azalak ileak ditu, gizakiok ditugun moduan, eta horiek poroak dira. Guk ere baditugu. Poro horietatik sartzen da ura».

Gaineratu du maiz konpontzen dituela urak eragindako «triskantzak» jasan dituzten zapatak: «Urak zapataren azalari kalte egiten dio, eta orbanak uzten ditu zapatetan». Behin zapatak bustita, egunkari papera «oso egokia» da hezetasuna xurgatzeko, baina prebentzio lana egiteko —bustitzea saihesteko, alegia— betuna gomendatu du; zapaten azala babesteko aerosolak ere salgai daudela erantsi du.

Gorputza berotzeko

Mendiko portu bateko aldapan behera doazenean, goi mailako txirrindulariek nahikoa lan dute egunkari bat irakurtzen hasteko; ez dute irakurtzen, alegia. Dena den, haiengandik oso hurbil izaten dituzte egunkariak: maillotaren eta barruko kamisetaren artean, hain zuzen ere. «Hotzarekin, haizearekin eta bustita gaudenean erabiltzen dugu egunkari papera. Hotzetik babesteaz gain, gorputza dezente sikatzen du», azaldu du Markel Irizar txirrindulari ohiak; Lidl-Trek taldeko zuzendaria da egun.

Egunkari papera mendatea bukatzen denean hasten dira erabiltzen, aldapan behera hasten direnean, gorputza berotzeko: «Goraka esfortzu handia egiten dugu, eta bero handia sortu ostean, gorputza izerditu egiten da: kamiseta bustitzen da. Beheraka, aldiz, esfortzu askoz txikiagoa egin behar denez, gorputzaren tenperatura jaitsi egiten da. Gainera, abiadura handia hartzen dugu, eta hotzaren sentsazio termikoa areagotu egiten da».

Txirrindulariek ez dituzte egunkariak aldean eramaten, aldapan behera doazenean gorputzari itsasteko: zaleek ematen dizkiete egunkariak. «Badakite preziatzen ditugula, eta ekartzen dizkigute», esan du Irizarrek. Sei segundoan baino gutxiagoan jartzen dute egunkaria maillotaren azpian, eta aldapa jaitsi ostean kentzen dute: «Beheraka goazenean, baserriren bat ikusten badugu bertakoei botatzen diegu, normalean jendeak zakarrontzira botatzen duelako. Gainera, egunkaria kendu ostean hobeto hartzen dugu arnasa. Ez dizu uzten betiko moduan arnasa hartzen».

Irizarrek nabarmendu du egunkari papera dela egokiena, ondo xurgatzen duelako eta zurruna delako: «Sukaldeko paperak ere ondo xurgatzen du, baina ez dauka zurruntasun hori eskuan hartu eta formalizatzeko. Egunkariak badauka gogortasun bat: nik eskuan hartzen dudanean ez da doblatzen eta nahiko erraz sartzen da».

Sua pizteko

Errezilen (Gipuzkoa) bizi da Rosa Lete, nahiz eta izatez Azkoitikoa (Gipuzkoa) den. Egunero leitzen du egunkaria —BERRIA, zehazki—, baina, irakurraldia amaitu ostean, egunkari papera berrerabili egiten du. Beheko sua du etxeko salan, eta ekonomika sukaldean: bietako sua pizteko erabiltzen ditu egunkariak. Beheko sua pizteko prozesua azaldu du: «Beheko suan aurrena egunkari papera ipintzen dugu, eta gainean txotx batzuk. Tiroa irekitzen dugu, eta su ematen diogu orduan. Gero, atea ixten dugu. Indarra hartzen duenean, tiroa ixten dugu. Bestela, segituan erretzen ditu egurrak. Indarra hartzen duenean, egur potoloak sartzen ditugu».

Nabarmendu du egunkari paperak erraz hartzen duela su, eta horregatik erabiltzen duela sua pizteko. «Neguan pizten dugu beheko sua, hotz handia egiten duenean. Kalefakzioaren aldean, goxoagoa da beheko sua. Pasatzen dena da beti egon behar dugula adi egurra sartzeko; kalefakzioari, botoiari ematen diozu, eta kito». Gainera, beheko suaren kristala garbitzeko ere erabiltzen du egunkaria: «Egunkaria pixka bat busti, bertan dagoen errautsetan igurtzi pixka bat, eta harekin kristala garbitu gero».

Ekonomikako suak denetarako balio du: gaineko txapan janaria prestatzeko, labea berotzeko, janaria bero mantentzeko eta sukaldea epeltzeko, besteak beste. Ekonomikako sua pizteko prozesua beheko suarenaren antzekoa dela azaldu du Letek; atetxo bat du egunkari paperak, txotxak eta egur zatiak sartzeko, eta tiroa paretan dauka. «Gureak behean beste ate txiki bat dauka, hortik zakarra kentzeko. Aurreko egunean piztuta eduki baduzu, aurrena zakarrak kendu behar dira», azaldu du.

Beste su batzuen aldean ekonomika «makalagoa» dela aitortu du Letek: «Baina denbora baldin badago, goxatuta irteten da janaria. Potajea-eta ipintzeko beste zera bat ematen dio».

EKONOMIKA
Rosa Leteren ekonomika, piztuta, Errezilen (Gipuzkoa). IRATI URDALLETA LETE

Baratzean jarduteko

«Egunkariek zertarako balio duten? Zakilixut ezagutzeko, eta haren eguneroko eroaldia ikusteko. Ondoren, denetik jakiteko: informatzeko. Hori, behintzat». Jakoba Errekondo paisajista eta agronomoak, Antton Olariagaren zintari erreparatzeaz gain, baratzean jarduteko ere eskura izaten ditu egunkariak. Nabarmendu du nekazaritzan erabilera asko dituela egunkari paperak. «Hasteko, papera bera ere baratzetik dator, landareetatik. Orain nekazaritzako hondakinekin sortzen ari dira papera, ez bakarrik zuhaitzak bota eta egurrarekin», zehaztu du.

Adibide bat eman du: «Ereiteko ontzitxoak egiteko ere erabiltzen da, eta zuzenean paper eta guzti landaketa egiten da, badakigulako papera desegingo dela lurrean, landare hori birlandatzen dugun egunean». Haziek dituzten loreak bildu eta buruz behera zintzilikatzeko ere egunkari papera erabiltzen dute baserritar askok, baita hainbat hazi lehortzeko ere; esaterako, ohikoa da kalabaza haziekin erabiltzea.

Mikaztasuna kentze aldera, hainbat landare zuritzeko ere erabiltzen da egunkari papera —kardoarekin eta apioarekin, esaterako—, baita konposta egiteko ere: «Papera birrinduz gero, ongarriarekin nahasten da, luharrarekin edo simaurrarekin, eta hor konpostatzen da. Oso lagungarria da».

Hitz berriak sortzeko

«Gaur egun ez da posible hizkuntza bat funtzionala izatea, hizkuntza hori ez baldin bada erabiltzen komunikabideetan», nabarmendu du Irene Arraratsek, BERRIAko euskara arduradunak. Euskarazko hedabideek —ondorioz, egunkariek ere bai— hizkuntzaren normalizazioan eginkizun garrantzitsua dute, eta balio dute, besteak beste, hitz eta esapide berriak sortzeko edo ohikoak ez direnak gizarteratzeko. «Egunkariak irakurleari terminologia bat ekartzen dio, bestela jasotzen ez duena. Gure lana da egunero sortzen diren zalantzak argitzea», azaldu du Arraratsek.

Adibide bat jarri du: euskal herritar. «Ez naiz atrebitzen esaten Egunkaria-n sortu zenik, baina Egunkaria-ren hasieran erabaki behar zen vascos edo basques nola esango genuen: euskaldun, euskotar? 1990. urtearen inguruan, erabaki zen euskaldun hitza euskal hiztun adierazteko bakarrik erabiliko zela Egunkaria-n. Beraz, beste modu bat behar zen, eta euskal herritar erabiltzea erabaki zen. Gaur arte», kontatu du Arraratsek.

Finean, zerbait adierazteko premia dagoenean sortzen dituzte egunkariek hitzak edo esapideak. Hauek dira beste adibide batzuk: aktore hasiberri onena, klima aldaketa, izatezko bikote. Adostu-rekin gertatutakoa esanguratsua dela nabarmendu du Arraratsek: «Ados hitza normal erabiltzen genuen, eta jende guztiak ulertzen zuen. Gogoratzen naiz behin titulu batean ez zela kabitzen ados-en ondoko aditza, eta baten batek esan zuen: ‘Eta adostu jartzen baldin badugu?’. Gaur egun edonork esaten du, baina garai hartan hizkera guztietara zabaldu gabea zen; ekialdeko hizkeretan bakarrik erabiltzen zen. Animatu ginen, eta jarri genuen. Pentsa zer bide egin duen geroztik! Gaur egun Euskal Herrian ez dago inor ez dakienik». 30 urte inguru baino ez dira igaro erabaki hori hartu zutenetik: «Ez naiz hain zaharra!».

Historia ezagutzeko

Egunero, goizeko seietan, Iñaki Egaña historialaria lagun batzuekin bere auzoko taberna batera jaisten da, eta ordu eta erdi igarotzen dute paperezko egunkariak irakurtzen eta edukien inguruan eztabaidatzen. Bere irakurraldiak, ordea, ez dira goizeko ohiturara mugatzen: «Niretzat, iturri historiko garrantzitsua dira egunkariak; ez dira bakarrak, baina bai garrantzitsuak. Funtsezkoa da egunkariak irakurtzea. Egunkarietan idatzita dago azken berrehun urteetako historia».

«Nik, historialari gisa, zalantzan jartzen dut dena», aitortu du Egañak. Horregatik, denetariko ildo editorialetako egunkariak irakurtzen ditu ikerketa lana egiteko: «La Voz de Guipúzcoa errepublikanoa zen XX. mendearen hasieran, eta El Día jeltzalea zen. Biek esaten zutena askotan ezberdina izaten zen, baina gertatutakoa hor azaltzen zen, eta zerbait egon bazen, egunkari baten bidez jakin dezakezu».

Egunkariek «pistak» ematen dituztela nabarmendu du; adibidez, Donostiako Gamazada ikertzeko garaian: «Duela 130 bat urte, Donostian sarraski bat egon zen. Manifestari batzuek Gernikako arbola abestu zuten, eta historialari guztiek aipatu zuten guardia zibilek hiru hildako eragin zituztela. Iazko urtemugan egunkarietara joan nintzen, eta ikusi nuen zauritu larriak egon zirela. Horrek eman zidan abiapuntu bat. Aurkitu nuen hurrengo egunetan beste hiru hildako egon zirela. Ehun urteren ondoren, historiaren interpretazioa aldatu egin dugu: sei hildako egon ziren. Egunkariak abiapuntua izan ziren hori ikertzeko».

USCAL-HERRIKO GASETA
'Uscal-Herrico Gaseta', euskaraz argitaratutako lehen aldizkaria. Agosti Xahok zuzendu zuen 1848an. FRANTZIAKO BIBLIOTEKA NAZIONALA

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.