Jaiak. Gernika

Zesta puntak Gernikan 50 urte bete ditu, eta indartu egin da azken hamarkadan

Zesta puntako jokalari gazteek irakurriko dute aurtengo pregoia, Jai Alai frontoiaren 50. urteurrenean

Zesta puntako jokalariek irakurriko dute pregoia. BERRIA.
2013ko abuztuaren 10a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Gernikako Jai Alai frontoiak 50 urte bete ditu aurten. Hori ospatzeko asmoz, udalak pregoia irakurri eta txupinazoa botatzeko ardura eskaini die Euskal Jai eskolako zesta puntako kirolariei. Poz handiz hartu dute proposamena, eta eskolako kirolari gazteek hartuko dute beren gain ardura hori. Hitz gutxi dituzte prestatuta; jaiak baino astebete lehenago ere ez zuten guztiz zehaztuta esango zutena. «Jai onak izateko esango diegu herritarrei, guztiek batera ospatzeko. Motza izango da hitzaldia, minutu bat baino gehiago ez du iraungo, badakigu eta jendea txupinazoa botako zain egoten dela une horretan, eta ez gu entzuteko gogoz», esan du hori egiteaz arduratuko den Roke Alberdik.

Unai Lekeikabaskoa, Jon Martija, Markel Urtubi eta Xabier Urrutxua taldekideekin batera botako du. Urduritasun pixka bat izan arren «plaza gizonak» direla nabarmendu du Alberdik. «Aurtengoa berezia izango delako, gogo gehiago dugu jaiak hasteko, eta bai, urduritasun pixka bat ere bai». Festen hasierako protagonistak izango dira, eta ardura hori sentitzen dute gainean. Baina 19 urte inguru dituzte bostek, eta festarako gogoarekin daude jada, herriko gazte gehienak bezala.

Bizitza osoa zesta puntan

Hain zuzen, 8 urterekin hasi ziren zesta puntan jokatzen; hamaika urte daramatzate horretan. Gustuko dute. Gernikan kirol horrek indar handia izan duela nabarmendu dute. «Garai batean, zestako jokalaria pertsona garrantzitsua zen; gauzak asko aldatu dira urte hauetan, tradizioa erabat aldatu da». Indarra galduz joan dela uste dute. Hala ere, azken urteetan indar hori berreskuratzen ari delakoan daude. Eta horrek poztu egiten ditu. «Haurrek gustuko izaten dute, baina helduagoak direnean utzi, eta beste kirolen bat nahiago izaten dute». 19 urte inguruko zortzi gazte daude gaur egun Euskal Jai eskolan, eta 10 urte inguruko hogei bat. Alberdik eta haren adinekoek astean bi entrenamendu egiten dituzte, eta udan torneoak izaten dituzte Euskal Herrian.

«Lagun artean aritzen gara, eta oso ondo pasatzen dugu; azken batean, hori da garrantzitsuena». Horregatik, ziurtatu dute etorkizunean ere jokatzen jarraitzeko asmoa dutela.

Txupinazoaren ostean, festa

Erraldoi eta buruhandien konpartsa izaten da txupinazoaren osteko protagonista. Herriko kale ezagunenetatik barrena haur, gazte eta helduen irribarreak ateratzen dituztenak. Ezagunak dira herrian, eta gazteenak momentu hori noiz helduko zain egoten dira. Mazaga musika taldearen laguntza izango du konpartsak bide honetan zehar. Eta musika taldearen doinuekin, erraldoi eta buruhandien maskuri soinuarekin eta haien jantziek duten kolorearekin hasiko dira festak.

Bihar ere egitaraua ekintzaz beteta egongo da. 11:00etan dianaren doinuarekin hasiko da eguna, egunero bezala. Gazteak taldeko txistulariak eta Busturialdeko dultzaineroak izango dira horren arduradunak.

Jarraian, 12:30ean, kalejira egingo dute Bermeoko erraldoiekin; horien helburua ere txikienak alaitzea eta horiekin batera jolastea izango da. Ordu berean elkartasun brindisa egingo dute txosnagunean, eta, 13:00etan, euskal kantak kalerik kale kantatuko dituzte. Betiko doinu ezagunak izango dituzte ahoan Arrano Kantari elkarteak eta Urdaibai Kantagunea elkarteak. Bi talde horiek alaituko dituzte herriko kale ezagunenak.

19:00etan, herri kirolen txanda izango da. 19:30ean, berriz, protagonistak haurrak izango dira, haientzat egindako magia emanaldia ikusteko aukera izango dutelako. 20:00etan, Eskandalue elektrotxarangak girotuko du festa. Beraz, haur, gazte eta helduek lekua izango dute jaietan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.