Zortzigarren entzierroa

Zezen saldoa bitan banatuta

55. aldia izan dute Miura ganadutegiko zezenek sanferminetako entzierroetan. Zezen puskak izan dira, baina aurtengo azkarrenetakoa izan da gaurkoa.

Zezenak plazara sartzen, gaurko entzierroan. JESUS DIGES / EFE
Julen Otaegi Leonet.
2023ko uztailaren 14a
08:34
Entzun

Aurtengo sanferminetako entzierroek eredu bati jarraitu diote: arinak eta azkarrak izan dira gehienak. Zortzigarrena eta azkena, gaurkoa, aurrekoen oso antzekoa izan da. Miura ganadutegiak 55. aldia izan du sanferminetako entzierroetan, eta zezen puskak ekarri ditu Iruñera: seitik lau 600 kilogramotik gorakoak dira —beste biak ez dabiltza urruti—. Zama soinean, baina mantso ez; entzierrorik laburrenetan bigarrena egin dute aurten.

Sei zauritu izan dira gutxienez, Nafarroako Gurutze Gorriaren arabera. Horietatik lau kolpeengatik izan dira, bi San Domingo kalean, bat Udaletxe plazan eta beste bat Mercaderes kalean. Beste bi korrikalari ere artatu dituzte erori ostean, bata odoljario handi bat zuela, eta bestea, zaurituta.

Zezen saldoa elkarrekin joan da entzierroko ibilbidearen lehen erdian, Estafeta kalera arte. Bertako kurban banatu da bitan, joaldun batek irrist egin duelako. Aurrea hartu dute hiru zezenek eta joaldun batek, eta atzean geratu dira besteak. Bereizita zeharkatu dute Estafeta kalea, eta ez dira ikusi bueltan zezen plazako atea zeharkatu arte. Bi minutu pasatxoan sartu da lehen saldo txikia, eta atzetik joan zaio bigarrena; bi minutu eta hogei segundotan amaitu da gaurko entzierroa. Atzokoak baino hiru segundo gehiago iraun du, baina gainontzekoak baino laburragoa izan da. Atzean geratu da, behintzat, sanferminetako entzierrorik luzeena: 1958ko uztailaren 12an, atzean geratu zen Miurako azken zezenak ordu erdi behar izan zuen zezen plazako atea zeharkatzeko.

2023ko sanferminetako entzierroak:

Uztailak 7: 2.32
Uztailak 8: 2.23
Uztailak 9: 2.52
Uztailak 10: 2.21
Uztailak 11: 2.21
Uztailak 12: 2.23
Uztailak 13: 2.17
Uztailak 14: 2.20

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.