ATZEKOZ AURRERA. Pilar Otegi. Gipuzkoako Plataforma Antitaurinoko bozeramailea

«Zezenketak ez egitea etika kontua da»

Zezenketak «garaiz eta lekuz kanpo» daudela aldarrikatu du Otegik. Salatu duenez, udalak «babestu» egiten ditu horiek, zeharka bada ere.

JON URBE / FOKU.
ane insausti barandiaran
Donostia
2023ko abuztuaren 12a
00:00
Entzun
Hiru zezenketa izango dira aurten Illunben, Donostiako Aste Nagusiaren egunetan. Horien aurkako protesta antolatu du Gipuzkoako Plataforma Antitaurinoak. Gaur izango da, 18:00etan, Bulebarretik hasita. Plataformako bozeramailea da Pilar Otegi (Donostia, 1955), eta «faenarik onena egiten ez dena» dela aldarrikatu du.

Zezenketen aurka aterako zarete kalera. Zer eskatuko duzue?

Eskatuko dugu zezenketarik ez izatea. Batez ere, hori. Lekuz eta denboraz kanpo daude. Halakorik ez izatea nahi dugu, ez hemen eta ez inon.

Faenarik onenaren saria bertan behera uzteko ere eskatu diozue udalari.

Jabetu gara zinegotzi batek toreatzaile bati horrelako sari bat eman ziola. Eta pentsatzen dugu: «Nola, ba?». Egiten ez dena, horixe da faenarik onena. Faena hitzak, berez, zentzu peioratiboa dauka, gauza maltzurra da. Erokeria da guretzat.

Udala konplize egiten du horrek?

Bai, horrek adierazten du udalak nolabaiteko elkarbizitza daukala zezenen hilketarekin. Beti jokatzen du haiekin zerikusirik ez balu bezala, baina, gero, sari bat ematen diete, eta horrek adierazten du, nolabait, udalaren babesa dutela.

Leku publikoetan zezenketei lotutako publizitatea dagoela ere salatu duzue.

Kontua da zer erraztasun ematen dieten publizitate hori ezartzeko, bai zuhaitzetan, eta bai autobusetan, adibidez. Atzo bertan ikusi nuen autobus barruko pantailan.

Hori ere geldiaraz dezake?

Udalak badauka modua ez dadin egon ez zezenketarik ez publizitaterik. Kontua da leku publikoetan egiten dela publizitatea. Dirua jasotzen duela? Bai, eta zer? Dena ez da dirua. Gainera, gogoratu dezagun: bi urtez ez zen zezenketarik izan. Eta ez zen ezer gertatu.

Eta herritarrek zer diote?

Frogatuta dago ez dituztela nahi. Egin zen inkesta bat, herritarren pertzepzioa biltzeko, udalak berak antolatuta. Hor agertu zen donostiarren %71 ez zegoela ados udalak eraikin publikoak horrelako ekintzetarako uztearekin.

2016an zezenketei buruzko Donostiako herri galdeketa egiten saiatu zineten, gero debekatu zuten arren. Halakorik egin nahiko zenukete berriz?

10.000 sinadura baino gehiago jaso genituen, eta udalak eguna jarri zuen galdeketa hori egiteko. Bitartean, [Espainiako] Ministroen Kontseiluak erabaki zuen debekatzea. EAJ ez ikusiarena egiten hasi zen hor: «Guk egin nahi dugu, baina Espainiak ez digu uzten». Badaude beste formula batzuk jendearen iritzia eskatzeko. Adibidez, Urrezko Danborra emateko erabiltzen dutena, online kontsultarena. Baina halakorik ez dute nahi, eta ez dute egin.

Iaz sortu zenuten Gipuzkoako Plataforma Antitaurinoa, hainbat eragile elkartuta. Indarrak batzeko beharra ikusi zenuten?

Denbora asko daramagu lanean, eta, hasieran, zezen plaza egitearen aurkako mugimendua ginen. Hura eraiki zutenean bihurtu ginen zezenketen aurkako mugimendu. Gero, hainbat izendapen izan dira, eta azkenekoa da iazkoa. Gehienbat PACMA, Eguzki eta Donostia Antitaurina ibiltzen gara lanean, eta eragile gehiago gehitu ziren iaz; hogei bat guztira. Gure atzean badago jende pila bat. Ea larunbatean [gaur] jende asko biltzen garen.

Norbaiten falta sumatzen duzue?

Udalarena. Ikusten dugu zezenketak babesten dituztela. Haien argudioa da ekintza partikularra dela, eta ezin dutela debekatu. Eta guk ulertzen dugu ezin dutela debekatu, baina ez dugu ulertzen zergatik uzten dieten eraikin publiko bat horrelako ikuskizun bat egiteko, jakinik donostiar gehienak aurka daudela. Erabakia etikoa da; etika aurretik dago.

Lizarran [Nafarroa], asteburuan, gizon batek bigantxa bati heldu zion, eta ziplo utzi zuen. Horrelako jarrerak ohikoak dira?

Ez dugu zalantzan jartzen: jendea ez dago ados, eta bideoan ere hala ikusten da. Plataformaren barruan ekologistak daude, baina animalistak ere bagaude, eta ez ditugu onartzen ez zezenketak, ez entzierroak. Ez litzateke halakorik egon behar.

Zein dira plataformaren aurrera begirako erronkak?

Plataforma Antitaurinoa da, eta ulertzen da zezenketen aurka gaudela. Baina Gipuzkoakoak ere bagara, eta Debara, Azpeitira... zezenketak dauden lekuetara joaten gara batzuk, pankarta eta guzti, aurrean jartzeko.

Uste duzu posible dela zezenketak luze gabe amaitzea?

Espero dugu hurrengo urtean ez egitea, ez baitago horretarako arrazoirik. Ez dakigu, baina hala izatea nahiko genuke.

Manifestazioaz gain, zer plan duzu Aste Nagusirako?

Txistulari alardea ikustea. 20:30ean da, larunbatean [gaur]. Erraldoiak ere gustatzen zaizkit.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.