Ehunka urteko bidaia baten mugarriak dira aldare taurobolikoak, Ama Handiaren omenez egin diren sakrifizioen lorratzak. Herri, garai eta sinesmen askotan gurtu izan da Ama Handia, naturarekin lotutako dibinitatea eta gainerako jainkoen sortzailea, eta tokian-tokian izen bat edo beste eduki du. Erromako Inperioan, zehazki, Zibele esaten zioten. Asia Txikitik, egun Turkia den eremutik, bereganatu zituzten erromatarrek harekin lotutako sinesmenak eta errituak.
Ovidio poeta erromatarrak (K. a. 43- K. o. 20) Fasti lanean kontatu zuenez, Bigarren Gerra Punikoan, Kartagoko Anibal jeneralaren armada Erromaren atarian zegoelarik Mediterraneo Itsasoa gurutzatu eta Alpeen mendilerroa gainditu ostean, hari gailentzeko egin beharrekoak kontsultatu zuten erromatarrek liburu sibilinoetan. Magna Mater, Ama Handia, Erromara ekarri behar zutela izan zen ebazpena. Espedizio bat bidali zuten Pesinuntera, Zibeleren jatorrira, eta haren monolitoa hartu zuten, ustez zerutik eroritako harri bat.
K. a. 204. urtean heldu zen Zibele Erromara. Inperioak gerra irabazi zuen hiru urte geroago, eta jainkosari tenplu bat eraiki zioten Erromaren bihotzean, Palatinoaren barruan, enperadoreen etxearen eta ustez Romulorena izan zenaren aldamenean. Eta, poliki-poliki, inperioaren luze-zabalean hedatu zen haren gurtza. Kultu misteriko bat da Zibelerena; hau da, haren kide direnei baino ez zaizkie helarazten sinesmenaren nondik norakoak, Juanjo Hidalgo historialari eta arkeologoak azaldu duenez. Sakrifizioan oinarrituta dago. Erromatar erlijioan, panteoi zabal bateko jainko jakin bati eskaintzen zitzaion animalia —Jupiterri, Marteri, Zeresi...—, uzta oparoa izateko edo erditzea ondo joateko, kasurako. «Aldiz, kultu misterikoek, eta Asia Txikitik datozen erlijio guztiek —kristautasunak barne—, salbazioa hitzematen dute», ñabartu du Hidalgok.
«Aldarea egiten zuenak salbuespen fiskala zuen tributuetan, eta ospea ematen zion: hau da, lan bat ordaindu duzu enperadorearen alde, beraz, gerora faboreren bat helduko zaizu»
JUANJO HIDALGOHistorialaria, arkeologoa eta Elexazarko aztarnategiko zuzendaria
Taurobolio deritzo Zibeleren omenez egindako sakrifizioari: odolaren bidezko errito purifikatzaileak ziren, odol bataioen gisakoak, eta, normalean, zezena hiltzen zuten. Kasu batzuetan, criobolium delakoetan, ahari bat sakrifikatzen zuten; eta, bideragarria bazen, hala zezena nola aharia. Hori dela-eta agertzen da zezen baten burua aldare tauroboliko gehienetan. Batzuetan, pieza enkargatu zuenaren izena ere zizelkatzen zen, baita sakrifizioa noren onurarako zen ere.
Egun Euskal Herria osatzen duten lurraldeetara heldu zen orobat Zibeleren gurtza, inperioaren hedapenaren eskutik. Nafarroan, zazpi aldare tauroboliko topatu dituzte; Araban, bi, horietako bat Amurrio ondoan (Araba) dagoen Elexazar herrixka erromatarraren aztarnategian —Hidalgok zuzendu zituen hango indusketak—; Aragoin (Espainia), Nafarroatik oso gertu dagoen eremu batean, hamazazpi atzeman dituzte; Bureban, Burgos ipar-ekialdean (Espainia), hamabi topatu ditu Hidalgok, oraindik publikatu gabeak —horretan ari da lanean orain—; eta, Frantzian, 50en berri dute.
Bizkaian, bakarra dago, oraingoz. 2018an, Artzentalesko Traslosheros auzoan ura bideratzeko kanalizazio batzuk egiten ari zirela, hondeamakina batek atera zuen argitara harria, eta Bilboko Arkeologi Museoan egon da ordutik. Ikusgai ipini dute orain, Museoa aztarnaz aztarna programaren barruan. Urtarrilaren 31ra arte bisitatu ahalko da.
Gurtzaren xehetasunak
Oro har, III. mendetik V.era artekoak dira Euskal Herrian topatu diren aldareak. Tradizioa ez da askoz zaharragoa. Hidalgoren esanetan, 160. urtekoa da aurkitu den aldare taurobolikorik zaharrena, Anibal garaitu eta hiru mende baino gehiagora ondua. Lyonen (Frantzia) atzeman zuten —Lugdunum, garai hartan—, eta aldeetako batean Taurobolium inskribatuta duelako jakin zuten haren erabilera.
Hiru fase ezarri dituzte adituek. Lehen faseko aldareetan egiten ziren sakrifizioak —160. urtetik 250era— enperadoreari edo instituzioei ondo joan dakiekeen gauzatzen ziren, historialariak esplikatu duenez. Besteak beste, Antonino Pioren eta Septimio Severoren izenak ageri dira zizelkatuta tarte horretako monolitoetan. «Pertsona batek zergatik ordaintzen du enperadoreari ondo joan dakion? Salbuespen fiskala zuelako tributuetan, eta ospea ematen ziolako: hau da, lan bat ordaindu duzu enperadorearen alde, beraz, gerora faboreren bat helduko zaizu», xehatu du historialariak.
Onuradunak beste batzuk dira, ordea, bigarren faseko aldareetan —III. mende erdialdetik IV.aren hasierara—. 50 urte horietan, seme-alaben, emaztearen eta beste senide batzuen alde hil zituzten animaliak, eta hala ageri da zehaztuta aldareetako batzuetan. IV. mendean garatu zen azken fasea: kristautasuna indarra biltzen ari zen —380. urtean inperioko erlijio bakar izendatu zuen Teodosio enperadoreak—, eta arbuiatu egiten zituen sinesmen paganoak.
Etxekotutako gurtza
Dagokien tokian aurkitu dituzten aldare taurobolikoei dagokienez, testuinguru arkeologikoak erabileraren ertzen bat edo beste argitu du. Izan ere, aldareak eremu domestikoetan agertu ohi dira. Baserri bat zen Elexazar (Amurrio, Araba), esate baterako. Hiru eraikuntza zituen: etxe handi bat zuten, etxe erantsi bat —lantegia—, eta behien ukuilua. Hau da, ez zen ustiategi handi bat, Juanjo Hidalgo aztarnategiko zuzendariak zehaztu duenez. I. mende hasieratik erabili zuten baserria, 250-270 bitartean abandonatu zuten arte. Aldarea bitan zatituta agertu zen, lekuz kanpo; zati handia geletako batean topatu zuten, baina ezin dute jakin zein zen zehazki aldarearen kokapena. «Irudikapenean, taurobolioa baserriko leku publiko batean ipini dugu, kideek ikusteko moduan», zehaztu du Hidalgok.
Hori horrela, Etor Telleria Bilboko Arkeologi Museoko zuzendariak uste du litekeena dela herrixka erromatar baten aztarnak egotea Traslosherosko (Artzentales, Bizkaia) aldare taurobolikoa agertu zen tokitik gertu. «Han inguruan ez dugu topatu zantzurik, baina posible litzateke».
«Zibele hiru faseetan agertzen da», azpimarratu du Hidalgok. Alegia, aldareak ez zeuden erlazionatuta zezenaren kultu indigena batekin, baizik eta guztiz erromatarra zen Zibele jainkosarekin; sarritan, baita haren seme-maitale Atisekin ere. Iberiar penintsulako hegoaldean, Betika probintzia erromatarraren parte izan ziren eremuetan, Atisen kultuak presentzia handia zuen; Euskal Herri inguruan, aldiz, hondarrekoa da Atis, eta Zibelerena zen gurtza, nagusiki.
Desberdintasunak daude, era berean, monolitoen taxuan. Hidalgoren irudiko, aldare «perfektua» da Periguex-koa (Frantzia), kasu baterako, lau aldeak baitaude zizelkatuta. Hots, informazioz beteriko pieza bat da. Aurpegietako batean, idatzita dago nork ordaindu zuen aldarea eta noren onurarako; beste batean, zezenaren aurpegia dago, eta sakrifizioan erabiltzen ziren tresnak, hala nola labana; hirugarrena sinbologiaz lepo dago: Atis zuhaitzarekin, frigiar kapelua...; eta, azkenekoan, bi txirula, elkar jotzen duten txindata batzuk, eta ahari baten burua —criobolium-a—.
Testuinguruaren garrantzia
Sinpleagoak dira Euskal Herrikoak. Elexazarkoak aurpegi bakarra du markatua, eta zezen burua agertzen da soilik, ez dago beste irudirik edo idazkunik; Traslosheroskoan ere, zezenaren irudia baino ez da ageri 230 bat kiloko harrian, eta, inguruan, zirrinda bat, Etor Telleria Bilboko Arkeologi Museoko zuzendariak azaldu duenez. Irudi garbia da, begiak eta adarrak oso ondo ikusten zaizkio, zuzendariaren ustetan, baina ez du bestelako ikonografiarik. Aurpegia zeharkatzen duten hiru lerro, besterik ez, beharbada oihal bat iradoki dezaketenak. Gainaldean ez dago aztarnarik, eta lautua dago. «Teorietako bat da aldare hauen gainean zezen eskulturak jartzen zirela», adierazi du Arkeologi Museoko zuzendariak.
Helduleku gutxi eskaintzen ditu Artzentalesko piezak, testuinguru arkeologikotik kanpo agertu baita, beste aldare askorekin gertatu den bezala: adibidez, eraikinetako hormetan berrerabilita topatu dituzte zenbait, Telleriak nabarmendu duenez. Baina Arkeologi Museoan nahiko ziurtzat dute aldare taurobolikoa dela, Zibeleri eskainitako pieza bat. «Esaten dute Burdin Aroan ere zezenak eta ahariak bazutela euren sinbolismoa. Baina ikusita Elexazarren zer topatu zen, eta Nafarroan eta Aragoin ere oso antzeko irudiak daudela, erromatar mundura joaten gara zuzenean», argudiatu du Telleriak.
«Burdin Aroan ere zezenak eta ahariak bazuten euren sinbolismoa. Baina ikusita Elexazarren zer topatu zen, eta Nafarroan eta Aragoin ere oso antzeko irudiak daudela, erromatar mundura joaten gara zuzenean»
ETOR TELLERIABilboko Arkeologi Museoko zuzendaria
Elexazarko monolitoa bere testuinguru arkeologikoan agertu zen, baina ez du taurobolium adierazita, eta ez dago irudikatuta Zibelerentzako sakrifizioetan erabiltzen zuten tresnarik. Hori horrela, ezin da guztiz ziurtatu aldare taurobolikoa denik, baina litekeena da hala izatea, Hidalgok defendatu duenez. Lehenik eta behin, III. mendeari lotuta dagoelako, monolitoaren ondoan topatu zen txanpon bati esker ezarri denez. Gainera, erabat erromanizatuta zeuden Elexazarko bizilagunak, eta ez dago autrigoien kastro baten edo Burdin Aroaren zantzurik.
Hala Hidalgok nola Arkeologi Museoko teknikariek Arellanoko Musen Herrixka (Nafarroa) aztarnategi erromatarra izan dute erreferentzia ondorioztatzeko haiek aurkitutakoa ere aldare taurobolikoa dela. Arellanon, bi aldare agertu ziren erritoa egiten zen leku berean, eta zezenaren burua dute zizelkaturik bakarrik, modu eskematiko batean. Hala ere, testuinguruak zehazten du haien funtzioa. Monolitoen erdian, plataforma bat dago, eta agerikoa da suaren erabilera, ikatza eta gorritutako lurra, Telleriak aletu duenez.
Iruña-Veleia aztarnategian ere (Araba) antzeko monolito bat agertu zela gogoratu du Hidalgok, inskripzio batekin: Veleiarren errepublikako esklabo Eukarpusek aldare hori eskaini zion Mater Dea-ri; alegia, Zibeleri. «Beraz, Veleian garrantzitsua zen Zibeleren kultua. Litekeena da haren tenplu bat ere egon izana», ondorioztatu du Hidalgok. «Elexazar ez dago urrun, Bizkaia ere ez... Baskoien, karistiarren eta autrigoien inguru honetan, moduren batean errotu egin zen Zibeleren gurtza, aldare horiek ziurtatzen dutenez».