Internet egunero erabiltzen dugu, eta batzuk konektatuta daude etengabe, etxean, lanean, sakelako telefonoan. Ezinbesteko baliabidea bihurtu da, baina, atzera begira, gezurra badirudi ere, ez da pasatu hainbeste denbora lehenengo enpresak edo entitateak Internetera konektatu zirenetik, eta are gutxiago lehenengo etxebizitzek egin zutenetik. Zer esanik ez, egungo tarifa lauak edo etengabeko konexioak heldu ziren garaia ez dago batere urrun.
ARPANET,Interneten hasierak
Interneten historiaren lehen lerroak 1960ko hamarkadan idatzi ziren, eta J.C.R. Lickliderrek, AEBetako fisikari, matematikari eta psikologoak, idatzi zituen. Lickliderrek garai horretan jada, lehenengo sarea garatu baino lehen, aurreikusi zuen pentsamendu-gune erraldoi bat, non gizakiek eta makinek elkarrekin lan egiten zuten sarean eta auzolanean gizartearen mesederako.
Ideia horretan oinarrituta, ARPANET jaio zen. ARPANET lehenengo ordenagailu saretzat hartzen da. AEBetako Defentsa Sailaren eta unibertsitatearen azpiegituraren bitartez sortu zen 1969an, eta 1990. urtera arte Interneten ardatz nagusia izan zen. Horrela, 1971n, 23 ordenagailu zeuden konektatuta ARPANETera, unibertsitateetan eta ikerketa gune ezberdinetan. 1981ean, 213 ordenagailu zeuden konektatuta, eta kopuru horrek handitzen jarraitu zuen; horrela, 1983an, 500 ordenagailu zeuden konektatuta. ARPANET ez zen sare hierarkikoa, nodo guztiak ekipotenteak ziren, eta ardura berdina zuten sarean.
Posta elektronikoa 1972. urtean asmatu zen, eta urte bat geroago trafikoaren %75 zerbitzu horri zegokion, bistan dago dagoeneko zerbitzu horrek lortutako arrakasta. FTP 1973an sortu zen, ARPANETen fitxategien mugimendua errazteko.
TCP/IP, egungo Interneteko oinarria
Interneten historiaren hurrengo mugarria TCP/IP protokoloen garapena izan zen; ikerketa urte askoren ostean, 1983an protokoloen diseinua amaitu zen eta gaitu zen. Protokolo horiek arautzen dute egungo ordenagailu sareen diseinua eta garapena. Eta sortzaileen asmoa izan zen bitarteko sendoak sortzea informazioa era fidagarri batean garraiatu ahal izateko ordenagailu sareetan.
Teknologia horren arrakasta puntuetariko bat, ziur asko, aurkezteko era izan zen. Izan ere, TCP/IP protokoloen diseinuak banakako txosten irekiak bezala hedatu ziren zientzialari eta ingeniarien artean, era horretan, sortzaileek ez ezik, beste guztiek ere iradokizunak eta iruzkinak egin ahal zituzten hasierako diseinuaren inguruan, eta, horrela, teknologia hobetu. Protokoloen dokumentazio ireki hori erabiltzen jarraitzen da, RFC edo Request for Comments (Iruzkin eskaerak, euskaraz) dute izena, eta zenbaki batekin bereizten dira, dokumentu bakoitza Internet protokolo edo teknologia bakoitzaridagokio. Helbide honetan kontsultatu ahal dira ingelesez: http://www.rfc-editor.org/RFCoverview.html#history. Adibidez, HTTP protokoloaren RFCa, RFC 2616 da, eta helbide honetan ikus daiteke:http://tools.ietf.org/html/rfc2616.
Mundu Zabaleko Amarauna, 'www'
www (World Wide Web) edo web, Mundu Zabaleko Amarauna euskaraz, 1989. urtean jaio zen, eta teknologia horren bitartez Interneten dagoen informazio erraldoia lotuta dago hiperlink deritzonak erabilita. Tim Berners-Lee izan zen asmatzailea, eta www osatzen duten hiru zutabe diseinatu zituen. Alde batetik, web zerbitzaria, hau da, eskatzaile bati web orrialdeak ematen dizkion aplikazio bat, eskatzailea, web arakatzailea izaten da. Beste alde batetik, HTML lengoai informatikoa web orrialdeak eraikitzeko eta haien arteko loturak sortzeko erabil daitekeena. Hirugarrenik, HTTP protokoloa, web orrialdeen transmisiorako nabigatzaile eta zerbitzariaren artean.
ZIBERGELA. Interneten historia
Internet egunero erabiltzen den baliabidea da, baina enpresetara ez zen duela denbora gehiegi iritsi, eta are gutxiago etxebizitza askotara. Horregatik, interesgarria da eguneroko baliabide horren historia ondo ezagutzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu