ATZEKOZ AURRERA

Zientzia, abentura bihurtuta

Ostegunetik Naukas jaialdia egiten ari dira Bilboko Euskalduna jauregian. Hamar minutuko hitzaldi laburrek osatzen dute, eta zientzia abentura zirraragarria izan daitekeela erakusten du.

Lluis Montoliu ikerlari katalana, gaixotasun arraroez berbetan Naukas jaialdian. ARITZ LOIOLA / FOKU.
gotzon hermosilla
Bilbo
2023ko irailaren 17a
00:00
Entzun
AEBetan Manhattan izeneko ikerketa egitasmoa 1942tik 1946ra egon zen indarrean, eta azken bolada honetan ezagun egin da Oppenheimerfilmari esker. Los Alamos hiriko laborategietan garatu zuten, eta guztiz sekretupean atxikitako egitasmoa izan zen. Baina zientzia fikzioa sekretu hura agerian uztear egon zen: han lan egiten zuten zientzialari asko zientzia fikzioaren oso zaleak ziren, eta Astounding zientzia fikzioko aldizkariaren arduraduna konturatu zen ez zela normala harpidetza asko Los Alamos hiritik gertuko leku batean biltzea, eta denek posta kutxa zenbaki berbera edukitzea helbide bakartzat.

Istorio hori, eta hori bezain jakingarriak diren beste istorio batzuk entzun dituzte Naukas zientzia hedapenerako jaialdian parte hartzen ari direnek.Joan den ostegunean hasi zen profesionalentzako jardunaldi batekin Bilboko Euskalduna jauregian, eta gaur amaituko da umeentzako saio berezi batzuekin, EHUren Bizkaia aretoan. Jaialdia 2011n sortu zen, pandemiak iraun bitartean antolatzeari utzi zioten, eta aurtengoa hamahirugarrena da.

Molde berezia erabiltzen dute Naukas jaialdian: hainbat hitzaldik osatzen dute egitaraua, baina hitzaldi bakoitza hamar minutukoa da. Denbora tarte horretan, irakasle, ikerlari eta zientzialariek gai bati buruzko kontu jakingarriak aletzen dituzte, modu arin eta erakargarrian, eta, zenbaitetan, umorea ere baliatuz. Zientziaren inguruko bakarrizketak dira, aspertzeko betarik ematen ez dutenak, eta, kasu askotan,ikusleak irribarretsu eta gehiago jakiteko gogoz uzten dituztenak.

Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikerlari Ambrosio Lizeagak Gerard O'Neill AEBetako fisikariaren ametsa kontatu du: 1970eko hamarkadan, espazioan 10.000 lagun inguru bilduko zituzten bizileku autonomoak sortzea proposatu zuen. Paula Serras EHUko irakasleak olatuetatik energia sortzeko bideak azaldu ditu, eta Euskalmeteko Onintze Salazarrek ohartarazi du eguraldia iragartzeko metodo azientifikoek hainbat arrisku dakartzatela.

Azken bolada honetan denen ahotan daude adimen artifizialari buruzko kontuak, eta gai horrek ere tokia izan du Naukas jaialdian. Deustuko Unibertsitateko Helena Matutek alor horretako zenbait ikerketaren berri eman du, eta Javier Pedreira blogariak adimenaren definizioaz egin du gogoeta.

Begien bistakoa da hizlari gehienak komunikatzaile apartak direla. Ironia erabili dute batzuek, umorea besteek, eta denek informazio eta datu ugari eman dituzte modu atsegin eta errazean. Gustura daude entzuleak, eta Eva Ferreira EHUko errektoreak ekitaldiaren hasieran eskatu bezala, txalo ozenez saritu dituzte hizlarien ekarpenak.

Ukitu berezia

Juan Ignacio Perez Iglesias EHUko Kultura Zientifikoa katedraren arduraduna da: «Dibulgazio zientifikoa oinarri duen [Espainiako] estatu osoko jaialdirik handiena da Naukas, eta haren ezaugarria da hitzaldi guztiek ukitu berezia daukatela, edukiaren aldetik edo formaren aldetik. Entretenigarriak dira, eta, batzuetan, oso dibertigarriak. Eskarmentuz dakigu hitzaldi bat aspergarri suerta dakiokeela pertsona bati, baina oso arraroa da hurrengoa ere aspergarri izatea».

Teresa Valdes-Solis ingeniari kimikoa da, eta INC Ikatzaren Nazio Institutuko ikerlaria da Asturiasen (Espainia). Aurtengoarekin, bederatzi aldiz joan da jaialdira, eta ilustrazio zientifikoan aritu ziren emakume aitzindariez hitz egin zuen ostiralean: «Zientzia dibertigarria izan daiteke, baina batez ere, pasioz beterikoa izan behar du. Hizlari askok ez dute umorea tresna gisa erabiltzen, baina pasioz beteriko istorioak kontatzen dituzte».

Entzuleak behintzat pozik daude. Miguel Angel Calero Bilbokoa da, eta orain arte Internet bidez jarraitu du jaialdia, baina aurten estreinako aldiz Euskaldunara etorri da: «Jende gehiagok baliatu beharko lituzke ekitaldi hauek».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.