Datorren asteko estreinaldiak

Zientzia fikzioa falta zuen

Genero batetik bestera salto eginez, kalitatea oinarri duen filmografia ikusgarria ondu du Ang Lee zinemagileak. 'Gemini Man' filmean, Will Smithek du rol nagusia

Will Smith eta Mary Elizabeth Winstead aktoreak filmeko eszena batean. BERRIA.
Gontzal Agote.
2019ko urriaren 5a
00:00
Entzun
Genero jakin batera lerratu gabe, ibilbide zinematografiko emankorra egiten jakin du Ang Lee zuzendariak. Horren bidez, maiz zinemagile askok nahiko luketena lortu du: arrakasta komertzial handiak, baina, era berean, kalitate mailari uko egin behar izan gabe.

Taiwanen egin zituen komediekin ezaguna egin zen Lee: 1993an, Xi Yan egin zuen, homosexualitatearen inguruko filma, eta, harekin, Berlingo zinemaldian Urrezko Hartza irabazi zuen. Hurrengo urtean, beste komedia bat egin zuen Yin shi nan nu, eta hark ere harrera ezin hobea izan zuen.

Haien ostean, Britainia Handira egin zuen, eta, han, Jane Austenen eleberri batekin ausartu zen. Sense and Sensibility drama erromantikoa zen, Kate Winslet eta Emma Thompsonekin, eta Oscar sarietarako atea ireki zion Leeri. Zazpi izendapen jaso, eta bakarra irabazi zuen, gidoi egokiturik onenarena.

1997an, berriz, Hollywoodera ailegatu zen. Urte horretan, film bikain bat egin zuen The Ice Storm, Rick Moodyren izenburu bereko eleberriaren gainean.

Oso ongi joan ez zitzaion western bat egin ostean, Taiwanen bere filmik arrakastatsuena egin zuen zinemagileak, Wo hu cang long, arte martzialak filmatzeko era irauli zuen istorio ikusgarria. Harekin, beste lau Oscar sari irabazi zituen; besteak beste, ingelesez besteko filmik onenarena.

Superheroiekin ere ausartu zen Ang Lee, baina 2003an Hulk pertsonaiaren gainean egin zuen istorioak ez zuen batere harrera ona izan. Hala ere, hurrengo urteetan beste hiru film esanguratsu kateatu zituen: Brokeback Mountain —hiru Oscar eraman zituena, horien artean zuzendari onenarena—, Se Jie—Veneziako Urrezko Lehoia irabazi zuena— eta Life of Pi —beste lau Oscar sari eskuratu zituena—.

Azkenik, duela hiru, urte orain arteko azken filma estreinatu zuen, Billy Lynn's Long Halftime Walk. Irakeko gerraren ingurukoa zuen gai nagusia, baina nahiko oharkabean pasatu zen.

Efektu bereziei esker

Orain, berriz, bete-betean zientzia fikzioan murgildu da Ang Lee, Gemini Man filmarekin. Ez da nolanahiko erronka izan, efektu bereziek garrantzi handia baitute istorioan. Izan ere, hiltzaile batek bera baino gazteagoa den klon bati egin behar dio aurre. Horiek horrela, 51 urte dituen Will Smithek jokatu du rol nagusia, eta bere arerioa 23 urteko Will Smith bera da, baina ehuneko ehunean irudi digitalen bitartez egina.

Gaur egungo teknologiak halako trikimailuak egitea ahalbidetzen du. Hain zuzen ere, proiektua urte luzez geldirik izan zen, aktore bakar batekin bi rolak egitea aukera teknikorik ez zegoelako. Hori dela eta, orain urte batzuk, bi aktore desberdinekinegitea pentsatu zuten,baina azkenean ideia baztertu zuten.

'GEMINI MAN'

Zuzendaria. Ang Lee.

Aktoreak. Will Smith, Clive Owen, Mary Elizabeth Winstead, Benedict Wong, Linda Emond, Kenny Sheard.

Herrialdea. AEB.

Urtea. 2019.

Iraupena. 118 minutu.

Generoa. Zientzia fikzioa.

Ostiralean estreinatuko dute Hego Euskal Herrian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.