Sanferminologoa

Zientzia fikzioko hiria

Hiriak bizirik jarrai dezan, hiriaren desagerpenaren alde egiten duen iraupenerako mekanismoa dira sanferminak: Iruñea desagerrarazteko bolbora bidezko erasoa.

Inigo Astiz
2011ko uztailaren 7a
00:00
Entzun
Iruñearen aurkako eraso bat dira sanferminak. Hiriaren aurkako ekintza batekin hasten dira, horregatik; bolborarekin. Sinbolikoa baino ez da erasoa, zenbait antropologoren ustez, eta baliteke hala izatea, bai, baina bolbora da festei hasiera emateko erabiltzen dena, halere. Eta, azken finean, bolbora bolbora da, eta lehertu egiten da. Mikroorganismoetan gertatzen den gisan, autogarbiketa funtzioa betetzen duen elementua dira festak Iruñerentzat, gehien-gehienetan. Hiriak bizirik jarrai dezan, hiria jaten duen biziraupenerako mekanismo autofago bat. Leherketa kontrolatu bat: deskontrolarena. Baina hiria behin betikoz desagerraraziko duten beldurrez izaten dira hiritarrik kontserbadoreenak urtero, iruindarrik iruindarrenak. Ez dakite sanfeminen ostean Iruñeak Iruñea izaten jarraituko duen.

«Festa lehertu da» esaten dute kazetariek gehienetan, baina hori ez da zientifikoa. «Hiria lehertu da» esan behar lukete, zuzen aritu nahi izanez gero. Hiriaren desagerpena baita sakonean jendeak festarekin ospatzen duena. Iruñeren azkena. Bolbora bidezko Iruñeren ukapen errituala da txupinazoa, eta leherketa horren jarraipena dira festak. Askatasun garaia. Aitaren legea (amarena orain ez hainbestera arte) txikitu izanaren poza adierazten dute iruindarrek festetan (Freud, S., 1910). Akabo Iruñea, hasi dira sanferminak.

Sanferminik gabe Iruñea desagertu egingo litzatekeela diote hainbat zientzialarik (Urmeneta, M., 2010; Barandiaran, A., 2005). Haien arabera, Iruñea ezinezkoa litzateke sanferminik gabe. Entelekia bat, zientzia fikzioko hiria. Eguzki sistemako lehen bost planetak txiki-txiki egingo lituzkeen leherketa kosmiko zuri eta gorri batez mintzo da Barandiaran, adibidez, bere testuetan. Eta inplosio batez, aldiz, Urmeneta. Iruñea ezinezkoa da sanferminik gabe, autore horren arabera. Bere baitarantz tolestuz desagertuko litzateke hiria, haren ustez. Aztarnarik utzi gabe.

Ziudadelako gotorlekua

Bideraezina da Iruñea sanferminik gabe, autoreon ustez. Estuegia, hiritarren behar eta nahietara moldatu ahal izateko. Horregatik muxukatzen dituzte beren bizilagunak iruindar katoliko estuek; horregatik jartzen dute Black Eyed Peas tabernarik alternatiboenean; horregatik dantzatzen dituzte jotak iruindarrik modernoenek... Legerik ezin, salbuespenik gabe. Eta hori dira sanferminak: salbuespena.

Hiria desagerrarazteko saio eta boikotak gorabehera, bizirik jarraitzen du Iruñeak sanferminetan, halere. Erresistentzian. Indartsu eta arriskutsu, leherketaren ondoren gelditzen diren hiri pusketan. Udaletxeko plazara ikurrinak sartzen saiatzen direnen aurka oldartzen diren Udal Polizien borretan, alkoholaren aitzakian entzuten diren komentario sexistetan eta kalean festa egin ahal izateko debekuetan, adibidez. Horietan dago Iruñea.

Hiriaren erdigunean babesten da Iruñea sanfeminetan, beste zenbait historialari eta konspirazio teorialariren arabera (Arruti, A, 2009). Inork bilatuko ez lukeen lekuan. Hiria erabat lehertzeko beste bolbora biltzen duen gunean: Ziudadelan. Han pizten dira su festak, eta han ezkutatzen dira Iruñea zutik eusten duten indarrak. Ez da egiaztatutako teoria, inor ez baita gai izan oraindik festetan Ziudadela barruraino sartzeko. Giza adimena ez da hain urrun heldu (Hawking, S., 1997).

Ziurra dena da arriskutsua dela zientzialarientzat Iruñeko leherketetara gehiegi hurbiltzea (Ignazio Loiolakoa, 1521). Beharrezkoa den distantzia kritikoa galtzera bultza dezake ikerlaria, eta hori ez da batere detonologikoa. Barka, deontologikoa.

Egindako azken neurketen arabera, bederatzi egun iraungo du leherketak, eta galaktikoa izango da borroka: zientzia fikziokoa dirudien festa, zientzia fikziokoa dirudien beste hiri horren kontra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.