Zientzia, flashen bidez

FotCiencia argazkilaritza zientifikoaren sariketako 50 argazki onenen erakusketa zabaldu dute Donostian, baita 'NanoArt21' nanoteknologiaren ingurukoa ere

Maite Alustiza.
Donostia
2010eko irailaren 22a
00:00
Entzun
Aquariumeko Nautilus aretoan «txikiaren harrotasuna, handiaren harrokeria», dio ahots batek. Pedro Miguel Etxenikeren hitzak dira, DIPC Donostia International Physics Centerreko presidentearen hitzak. Aretoa ez da oso handia, ezta hura betetzen duten obren tamaina ere, baina lanok duten edukia nahikoa da aretoa aberastasunez betetzeko. FotCiencia sariketako 50 argazki zientifiko onenak ikus daitezke atzotik Aquariumeko Nautilus aretoan. Artea eta zientzia batera doazen erakusketa honetan, zientziaren inguruko bestelako ikuspegi bat eta ikuspegi bitxia eskaini nahi diote jendeari.

Erakusketa zabaldu orduko, bisitari ugari bildu ziren argazkiak ikustera: mota guztietako arrainek obrei begiratzen zieten kristalaren beste aldetik. Lehiaketa egin duten zazpigarren urtea da aurten; argazkiak ikusteko aukera urriaren 10 arte izango da egunero, 10:00etatik 13:00etara eta 17:00etatik 20:00etara. «Artea, zientzia, teknologia eta natura dira hitz gakoak; etorkizunaren aldeko apustua lau arlo horietatik abiatuta egin behar dugu», adierazi du Carlos Ruizek, Kutxako Gizarte Ekintzako presidenteak. Gaiak konbinatzea modan dagoela dio; lehen bakoitzak gai bat lantzen zuela, eta orain fusioa gailentzen dela. Eta hala ikus daiteke erakusketan. Erreaktore nuklearrak, beldarrak, marrubiak, teleskopioak, zelulak, hegaztiak, polena... Nahaskia osatu dute lau diziplinen artean. Eta nahaskiaren barruan beste nahaski bat; txanpinoiena, hain zuzen. Horixe baita erakusketan ikus daitekeen errezeta zientifikoetako bat. Jateak hilzaitzake edo zergatik egiten dute burrunba eltxoek?;hausnarketara bideratzen dituzten lanak.

Eskala txikiko erakusleihoa

Argazkilariek ere hausnartu beharra izango zuten lehiaketan parte hartu aurretik. Arrakasta lortzeko formularen inguruan honela dio Vicente Zaraguetak, Aquariumeko presidenteak: «Arrakastaberriztatzean datza, baina ez edonola; bide jakin bati jarraituz berriztatu behar du argazkilariak». Haren ustetan, teknika da argazkilariak horretarako duen talisman miresgarriena.

Teknika ezberdinak, artelan ezberdinak lantzeko. Nanoteknologiaren inguruko erakusketa bat ere zabaldu dute, Bretxa merkataritza gunean. NanoArt 21 erakusketak nanoteknologia ezagutzera eman nahi dio jendeari, eta urrunekoa dirudien arren, eguneroko bizitzan lekua baduela. Teknologiaren adar bat da nanoteknologia, neurri txikia duten egiturak eta makinak fabrikatzen dituena.

Hori ere urriaren 10 arte bisitatu ahal izango da, 09:00etatik 21:00etara, astelehenetik igandera bitarte. ExpoFotciencia bezala, doan da; biak, Artearekiko Pasioa programaren barnean daude. Hogeita zortzi artistak egindako artelanak ikus daitezke merkataritza guneko korridoreetan. Bizpahiru lan panel bakoitzeko, bakoitzari dagokion azalpenarekin. Horretan ere badago zer ikusi, zeren inguruan hausnartu. Honela dio artelan batek: «Ikusiz gero, ikusten duguna ikusten dugu?».
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.