ZIENTZIA. Izozmendiak Wilkins izozgunean

Karbono dioxido isuriak mugatzea ezinbestekotzat jo dute adituek, eta bitartean, Antartikako izozgune ezagunenetako bat izozmendi erraldoietan hausten hasi da.

Irune Lasa.
Donostia
2009ko apirilaren 30a
00:00
Entzun
Karbono dioxido isuriak lehenbailehen gutxitzeko beharra atzo bertan azpimarratu zuten Nature aldizkarian azaldutako hainbat ikerketatan. Horien arabera, ehundik gora herrialdek gutxitu asmo dituzte emisio horiek, betiere planeta 1990. urteko tenperaturaren aldean bi gradu baino gehiago ez berotzeko. Baina, adituen ustez, zaila izango da helburu hori betetzea, «karbono gosean oinarritutako garapen globalak orain arteko erritmoan jarraitzen badu».

Mende amaierarako berotzea bi gradutara mugatu nahi bada, ikerketa horietako baten arabera, orotara 3,7 bilioi tona karbono dioxido isuri beharko lirateke gehienez, betiere karbonoaren zikloko ziurgabetasunak aintzat hartuz. Eta dagoeneko kopuru horren erdia isuri da atmosferara.

Izozguneari begira

Beste inon baino gehiago igartzen da beroketa Antartikako penintsulan. «Hego hemisferioanazkarren berotu den gunea izan da Antartikako penintsula, eta zalantza gutxi daude hori dela aldaketa hauen eragilea», azaldu du Erresuma Batuko Antartikako Behatokiko David Vaughanek.

Wilkins izozgunean gertatzen ari direnak dira Vaughanek aipatutakoak. Europako Espazio Agentziak (ESA) aste honetan erakutsi ditu izozguneari satelitetik ateratako azken argazkiak. Duela hiru aste halakoen bidez ikusi zen nola hautsi ziren izozgunea eta haren bitartez lurra Charcot uhartearekin lotzen zuen izotzezko zubia.

Orain Wilkins izozgunearen iparraldean izozmendiak askatzen hasi dira, haren ezegonkortasunaren seinale. Dagoeneko 700 metro koadro galdu ditu izozguneak, eta, ikerlarien arabera, litekeena da datozen egun eta asteetan itsasoratutako izotz eremua 3.300 metro koadro ingurukoa izatea. Izozgunea hegoalderago egonkortuko dela uste dute, baina ez dakite Latady irlarekiko lotura hautsiko duen. Wilkinsekoarekin, guztira, zortzi dira azken urteetan Antartikan atzera doazen izozguneak. Ez dira itsasoaren maila handitzeko modukoak baina bai ikerketarako aproposak. Azken 50 urteetan Antartikako tenperatura 2,5 gradu igo da, munduko batez bestekoa baino sei aldiz gehiago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.