Eta zerbait gehiago ere proposatzen dute ikerlari hauek. Ypresiar/Lutetiar muga hori ikertzeko munduko tokirik egokiena Gorrondatxeko ebaki geologikoa dela. Horixe defendituko dute asteburu honetako eztabaidan: muga geologiko horretako estratotipo izendatzea Gorrondatxeko ebakia, hots, Getxo bazter hori munduko erreferentzia izatea duela 50 milioi urteko Lurraren ikerketan aritzen diren zientzialarientzat.
Bilkura erabakigarria
Izan ere, izendapen hori eman edo ez erabakitzeko, asteburu honetan Getxon bilkura egingo dute garai horretan adituak diren nazioarteko hainbat geologok. Proposamena EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko Estratigrafia eta Paleontologia Sailaren ekimenez dator, Zaragozako Unibertsitateko Lurraren Zientzietako Sailaren sostenguarekin.
Bihar hasiko du bilkura Estratigrafiaren Nazioarteko Batzordeak, Getxoko Igeretxe hotelean: goizean Ypresiar/Lutetiar mugari buruzko ikerketa berrien aurkezpen eta eztabaida izango da, eta arratsaldean bisita egingo dute guztiek Gorrondatxeko ebakira, haren ezaugarriak zuzenean ezagutzeko. Larunbatean, eztabaida baten ostean, erabakiko dute Gorrondatxekoa estratotipo izendatu ala ez.
Behin hor erabakia hartuta, izendapen hori berretsi egin beharko dute Geologia Zientzien Nazioarteko Batasunean. Orduan, ofizialki, Gorrondatxe derrigorrezko bisita toki bihurtuko da adin horretako material geologikoak aztertzen dituen zientzialari ororentzat. Ustekaberik ezean, bi erabakiguneetan Gorrondatxe garaile aterako da.
Prozesu bera izan zen Zumaiako Itzurun hondartzako azaleramenduan bi estratotipo ezarri zituena. Paleozeno epokako bi muga dira haiek: Daniar eta Selandiar estaien arteko muga -orain 61 milioi urteko arrokak dira- eta Selandiar eta Thanetiar estaien arteko muga -58,7 milioi urteko estratoak-.
Gorrondatxen estratotipo edo eredu izendatzear duten muga gazteagoa da; 48,6 milioi urte ditu soilik.
Lurraren liburua
Zer dira, baina, muga horiek? Lurra duela 4.600 milioi urte sortu zen eta ordutik igarotako guztia arroketan jasota gelditu da. Arroka horien azaleramenduak baliatzen dituzte geologoek gertakariak ikertu eta irakurtzeko. Eta gertakari horiek denbora eskala batean ordenatzen dituzte, Garai Geologikoen Eskalan. Aldietan banatzen da eskala hori, urtea hilabeteetan, hilabeteak asteetan eta asteak egunetan banatzen diren moduan. Horrela, eonak eratan zatitzen dira, erak periodotan, periodoak epokatan, eta epokak estaietan (ikusi azpian).
Aipatutako Lutetiar estaia, adibidez, Eozeno epokan kokatzen dute eta 48 milioi urtetik 40 milioi urtera bitarteko garaia hartzen du. Eozeno epokan gaude, Paleogeno eraren zati batean. Paleogenoa, modu berean, Zenozoiko eraren zati bat da, eta era hori Fanerozoiko eonaren parte bat da.
Paristik Getxora
Lurraren liburuaren kapitulu hauek duela 200-150 urte hasi ziren ezartzen. Hain zuzen, 1883. urtean definitu zuen De Lapparentek Lutetiar estaia. Parisko azaleramendu batean ezarri zen estratotipoa, adin horretako arroken ikerketarako eredu izango zen ebaki geologikoa. Hortik dator estaiaren izena, Paris hiriaren erromatar izenetik (Lutetia).
Jakina, De Lapparenten garaian, begi bistako fosilak ziren estaiak banatu eta definitzeko eskura zituzten marka bakarrak. Orain, aurrerapen teknologikoei esker, geologoek makrofosilak bakarrik ez, mikrofosilak eta mikroskopio berezietan soilik ikus daitezkeen nanofosilak ere aintzat har ditzakete Lurraren historiaren liburu horretako kapituluak definitu eta aztertzeko. Eta ez horiek bakarrik; materialetako isotopoak edota polo magnetikoen alderanzketaren zantzuak ere badauzkate markagailutzat.
Adierazle berri horiek guztiak eskura dituztela, geologoek estratotipoak berriz ezartzea erabaki zuten, betiere aurretik ezarritako aldiak errespetatuz. Estratotipoen berrikuntza prozesu horretan sartzen dira Zumaiako izendapenak, baita Gorrondatxeren hautagaitza ere.
Ypresiar estaiaren amaiera eta Lutetiarraren hasiera markatzen duen muga munduan hainbat tokitan dago azaleratuta. Parisko agerpenaren ikerketarako egokitasuna baztertu egin zen, besteak beste mugaren bi aldeetako arroketan etenaldi handiak daudelako. Eta, Gorrondatxekoarekin batera, orain arte Agost-eko (Murtzia, Espainia) ebaki geologiko bat egon da Ypresiar/Lutetiar mugako estratotipo izateko hautagaitzan.
Baina, Bizkaiko hondartzako azaleramendukoak abantaila gehiago ditu estratotipo izateko. Parisen ez bezala, Gorrondatxen ez dago etenaldirik Ypresiar/ Lutetiar mugaren inguruan.
Milaka urteko zehaztasuna
Eta ez hori bakarrik; zehaztasun handiko ebaki geologikoa da Gorrondatxekoa. Mugaren alde banatara, hamar bat metroko tartean, 60.000 urteko historia biltzen dute geruzek, eta horrek zehaztasun handia ematen die ikerlariei, Aitor Payrosek azaldu duen bezala: «Guk [geologook] normalean milioika urtez hitz egiten dugu, ezin izaten garelako zehaztasun handiagorekin ibili. Baina hemen milaka edo hamarka mila urtez ari gara. Lurraren historiaren kapitulu horretarako orrialde mordoa du ebaki honek».
Horrez gain, Lurraren polo magnetikoaren garai hartako alderanzketa ere Gorrondatxen argiago, hobeto ikusten da Agosten baino.
Aurretik ezarritakoa errespetatu nahian, haren izena mantentzen da, baina Lutetiar estaiaren hasiera definitzeko markagailu berriak ezarri behar dira. Markagailu hori nannoplankton espezie baten agerpena izatea da EHUko taldeak proposatzen duena.
Duela 48 milioi urte, bizidun berri bat agertu zen Lurreko itsasoetan: Blackites inflatus. Nannoplankton karedun bat zen, zelula bakarreko izakia, eta karezko estalki bat zuen, orratz formakoa. Estalki horren fosilak, beste hainbaten artean, Gorrondatxeko sedimentu geruzetan ere agertzen dira.
Gorrondatxeko Ypresiar/Lutetiar muga estratotipo izendatzen bada, nazioartean ikerketa gune bilakatuko da. Horrek esan nahi du erakundeek babes handiagoa emango diotela tokiari eta ikertzaileentzat txukun mantenduko dutela.
Apo lasterkariarekin
Getxoko hondartza ederrera joaten diren geologo, paleontologo, klimatologo eta abarrek, gainera, adiskide berezi bat izango dute lagun itsaslabarretan, Gorrondatxeko hondartzan bizi baita euskal kostaldean galtzeko arriskuan dagoen apo lasterkaria (Bufo calamita).