ZIENTZIA. Olagarroa lanabesak erabiltzen ikusi dute

Koko azalak bildu eta garraiatzen ikusi dituzte olagarroak Indonesiako kostaldean. Lanabesak erabiltzen dituen lehen ornogabea dela defenditzen dute aurkikuntza egin duten zientzialariek.

Irune Lasa.
Donostia
2009ko abenduaren 17a
00:00
Entzun
Banekien olagarroa lanpetua zebilela koko azalak manipulatzen, zerbaitetan bazebilela. Baina ez nuen pentsatuko bat-batean pilatutako azalak hartu eta korrika joango zenik. Benetan irudi komikoa zen; ez dut inoiz hainbeste barre egin ur azpian». Indonesiako kostaldeko uretan beste hiru aldiz ikusiko zuen olagarroen portaera bitxi hori Julian Finn-ek, Australiako Victoria museoko itsas biologoak.

Egia esanda, irudiak badu komikotik zerbait. Bere gorputza gorantz begira pilatutako kokoazalen gainean hedatzen du olagarroak; orduan, garroak zurrun jarri eta koko azalak hartuta, garropuntetan ibiltzen hasten da. Koko azalak, gero, behar duenean babestokiak muntatzeko erabiltzen ditu.

«Askotan behatu eta grabatu izan dira olagarroak maskorretan ezkutatzen. Baina ez nuen pentsatzen koko azal batzuk pilatu eta itsaspean trostan ibiltzen den olagarrorik topatuko nuenik», azaldu du aste honetan Victoria museoko Mark Normanek. Horren taldeak artikulua publikatu du Current Biology aldizkarian.

Lehen aldia da ornogabe bat lanabesak erabiltzen ikusten dena. Hala uste du behintzat ikerketa talde horrek. «Gauza bat da inguruko objektu bat hartu eta babes gisa buru gainean jartzea, beste gauza bat da, ordea, oso ezberdina, objektu hori biltzea, kokatzea, modu bitxi horretan garraitzea, eta beharrezkoa bada babesgarri gisa muntatzea», azaldu du Normanek.

Julian Finnen ustez, portaera hori lanabesen erabilera da, hainbat arrazoirengatik. Esaterako, olagarroak ez ditu koko azalak etxebizitza iraunkortzat erabiltzen, karramarro ermitauek egiten duten moduan; aldiz, etorkizunerako erabilera baterako garraiatzen ditu olagarroak. Portaera hori, gainera, kostu handikoa da olagarroarentzat, bai beharrezko energia aintzat hartuta, bai une horretan zefalopodoa oso babesgabe dagoelako.

Zientzialari taldearen arabera, milaka urtean olagarro espezie horrek (Amphioctopus marginatus) antzeko gauzak egingo zituen hutsik aurkitzen zituztenmaskor bikoekin, baina Indonesiako kostaldeko biztanleek erabili eta itsasora botatako koko azal erdiak adibidez arinagoak dira olagarroentzat, alternatiba egokia. Hala ere, ez dago argi nola ikasi duten olagarroek portaera hori, kasu bakoitzean euren kabuz ikasi duten edota bata besteari begiratuta.

Etorkizunean erabiltzeko lanabes garraio hori aurkikuntza dela uste du Imperial College Londoneko Christopher Birdek. Baina ipar beleen lanabes erabilera ikertzen diharduen zientzialari horren ustez, basa bizitzan lanabesen erabilera soilak «portaera hori nola garatu duten ezagutzen ez dugun heinean» ez du zertan esan nahi animalia kognitiboki sofistikatua denik.

Hasiera batean lanabesen erabilera gizakien ezaugarria zela uste bazen ere, gero eta gehiago dira lanabesak erabiltzen ikusi diren animaliak. Tximinoak, izurdeak, beleak... Hori bai, orain arte behatutakoak ornodunak ziren guztiak.

Olagarro hauena ustekabeko aurkikuntza dela uste du, halaber, EHUko Medikuntza irakasle eta neurozientzietan aditu Jose Felix Martik. Hala ere, portaera hori ezin dela adimenarekin edo garatutako burmuinarekin lotu zehaztu du. Ornogabeek, nolabait esateko, garun primitiboadute, eta olagarroarena ez da ornodunena bezainbeste egituratutako burmuina.

Donostiako Aquariumeko biologo Amalia Martinez de Murgiaez da askorik harritu. Olagarroak beirazko ontziei tapa jiraka askatzeko gai direla gogoratu du. «Eta ikusi behar zenuke gure akuarioan bere txokoa egiteko nola biltzen dituen maskorrak, harriak... Dekorazio guztia hondatzen digu». Ukitzeko akuarioan dute Octopus vulgaris bat. Ez da ohikoa hori, besteak beste, ihes egiten saia daitekeelako. Kontu handiz ibiltzen dira akuarioetanolagarroekin txoko harrigarrienetan sartzeko joera izaten dutelako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.