Ezarian. Zientzia

Zientzia sarien argiak eta itzalak

Ikerlari frankok salatu izan du berak egindako ikerketa beste batek erabili izana, tartean Nobel saridunak. Jules Hoffmann azken Medikuntza Nobel saridunaren eta haren menpeko Bruno Lamaitre ikerlariaren arteko aferak berriro piztu du zintzotasunaren eta, finean, merezimenduen eztabaida zientziaren barruan.

2012ko apirilaren 15a
00:00
Entzun
Lehen uste batean, zientzialaria pertsona zintzoa da. Erruz lan eginez eta ikertuz, gizartea garatzeko eta gizakien bizimodua hobetzeko baliagarriak izan daitezkeen aurkikuntzak lortzea du helburu. Finean, gizakiak mendez mende egin dituen, eta oraindik ere egiten dituen, itaunei erantzun nahi izaten du. Baina, maiz, ahaztu egiten zaigu zientzialaria pertsona arrunta dela, bere bertuteekin eta akatsekin, eta, batzuetan, iruzurraren tentazioan eror daitekeela, eta beste norbaiten lana bere mesedetan erabili. Nobel saridun batzuei ere egin izan zaizkie salaketak. Azkena, Jules Hoffmanni egindakoa izan da; Hoffmannek Medikuntzaren Nobel saria jaso zuen iaz.

Zientzian iruzurra noiz hasten den zehaztea zaila da. XVII. mendea jo daiteke zientzia modernoaren abiapuntutzat, orduan sartu baitziren arrazoiketa induktiboaren metodoak. Ordura arte, zientzia gehiago zen espekulazioa, zientzia baino. Iraultza XIX. mendeko azken urteetan gertatu zen, entseguen ebaluazio eta datuetan oinarritutako txostenak metodo bihurtu zirenean.

Hainbat adibide

Beste norbaiten lana norberarena balitz bezala erabili izanaren adibideak ez dira falta zientziaren historian. Genetikaren historian eztabaida bizia eragin zuen Rosalind Franklinen aferak. Aurreko mendearen erdialdean, Franklin DNAren egitura molekularra argitzeko lehian ibili zen beste ikerlari batzuekin batera: Francis Crick, James Watson eta Maurice Wilkinsekin, besteak beste. Hirukote horrek Medikuntzaren Nobel saria irabazi zuten 1962an, DNAren helize bikoitzeko eredua deskribatzeagatik. Baina saria Franklinen lanaren emaitzak haren baimenik gabe erabilita lortu zuten. Franklin 1958an hil zen, obarioetako minbiziarekin. Lau urte beranduago, ez Watsonek eta ez Cricketek ez zuten aipatu ere egin Franklin Nobel saria jasotzean, haren ekarpena erabakigarria zela jakin arren.

Orainaldira etorrita, azken eztabaida joan den urteko Medikuntzaren Nobel saridunetako batekin sortu da,Jules Hoffmannekin. Ikerlaria immunitate sistemaren ikerketagatik saritu zuten. Baina hara non ustekabea, Bruno Lemaitrek berak egindako ikerketak harenak balira bezala aurkeztea leporatu dio Hoffmanni. Dirudienez, aurkikuntza egin zuena, Bruno Lemaitre alegia, saritu beharrean, haren buru izandako Jules Hoffmann immunologo entzutetsua eta Frantziako Zientzien Akademiako presidente ohia saritu zuen Suediako Akademiak. Hoffmannek eta beste bi lagunek irabazi zuten Nobel saria, berezko immunitateak nola funtzionatzen duen aurkitzeagatik. Birusen, bakterioen, onddoen eta harren kontrako lehen defentsa lerro bat aurkitu dute. Lehenago egiten die aurre, eta ohiko immunitate sistemak baino galdera askoz ere gutxiago egiten ditu.

Akademiak Hoffmann saritu zuen, sistemaren gakoak aurkitu zituelako Drosophila euliaren genetika erabiliz. Ideiak gure espeziera ekartzeko aukera eman zuen aurkikuntzak. Arazoa da lan hori ez zuela Hoffmannek egin, hark zuzentzen duen Estrasburgoko Ikerketarako Zentro Nazionaleko laborategian ikerlari ari zen Lemaitrek baizik. Hark egin zituen erabakigarriak izan ziren ikerketa guztiak.

Informazio hori Lemaitrek berak eman du. Salaketa alde bakarrekoa da, baina Lemaitrek oso zehatz oinarritu du, eta behinddiscoveries.com bere webgunean azaldu du. Lemaitrek salatu duenez, Hoffmannek ez zuen bere egiten duen lana ikertu ez ikuskatu ere egin. Lemaitrek bost urte egin zituen Hoffmannek Estrasburgon zuzentzen duen laborategian lanean doktoregai izan zenean. Lemaitrek salatu du ikerketa hori guztia berak bakarrik egin zuela. Hoffmannek ez omen zuen doktoregaiaren lanean interesik izan, harik eta egindako ikerketaren inguruko artikulu bat Cell aldizkariak argitaratu zuen arte. Orduan Hoffmannek ere sinatu omen zuen lana. Hori izan da, Lemaitreren arabera, Hoffmannek egin zuen gauza bakarra.

Hitz gutxitan esanda, Nobel saria jaso duen ikerketari Hoffmanek egindako ekarpen nagusiena haren aurka egitea izan da.

Komunikabideek aferaz galdetu diotenean, Hoffmanek lorea besterik ez du izan Lemaitrerentzat. Berak zuzentzen duen laborategian ekarpen handiak eta oso onak egin zituela aitortu du. «Aspalditik ezagutzen dut. Haren salaketek atsekabetu egiten naute. Zientzialarien irudi okerra ematen dute. Hau ez da ego lehiaketa bat, talde lana baizik». Lemaitrek Nobel saria berak bezainbeste merezi zuela ez du onartu, baina laguntza handia eman zuela dio. Hiru artikulu sinatu zituzten elkarrekin, non bera zen lehen egilea.

Saritutako gaiak garrantzi zientifikoa ez eze, ekonomikoa eta industriala ere badu. Aurkikuntzak ospea eta onarpena ez eze, diru sarrerak dakartza. Hoffmanen arabera, aurkikuntza 60ko hamarkadan hasi zen lantzen, Yaleko irakasle bati esker, eta harrezkero Europako zein Amerikako ikerlari askok lan egin dute gai horretan. «Lemaitrek aurkikuntza ikaragarriak egin zituen oso froga zailen bidez, baina bakarrik bost urtez aritu zen hemen. Nik 1978tik zuzentzen dut laborategia, eta baliteke horregatik etortzea saria gurera», adierazi du. Hori esanda, ez ditu doktoregaiaren salaketak gezurtatu nahi izan. Hoffmannekin batera aritzen diren ikerlariak ere ez dute ezezkorik esan.

Hainbat adibide

Lemaitre eta Hoffmannen aferak, zoritxarrez, badu aurrekaririk. Duela 60 urte gertatutako akats baten kopia dirudi. Artean estreptomizinaren aurkikuntzagatik emandako Nobel saria ez zioten aurkikuntza egin zuenari eman, haren tesi zuzendariari baizik. Istorio hori zaharragoa da, baina eztabaidak hor segitzen du, eta aurki argitaratuko den liburu batean irakurri ahal izanen da. Peter Pringle kazetari britainiarrak egindako ikerketa bat da. Ikerketaren arabera, Albert Schatz Rutgers unibertsitateko (AEB) doktoregai gazteak aurkitu zuen estreptomizina, tuberkulosiaren aurkako lehen sendagai eraginkorra, 1943an. Alabaina, haren tesi zuzendari izandako Selman Waksmanek lortu zuen irabazia eta Nobel saria. Walksmanek, saria ez eze, Merckfarmazia konpainiak patentearengatik ordaindutako dirua ere bereganatu zuen. Pringleren liburua, Experiment eleven (Hamaika esperimentu) heldu den maiatzean kaleratuko du Walker & Co argitaletxeak, ingelesez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.