Adimen artifizialaren inguruko albiste negatiboak gorabehera, teknologia horren potentzialtasunari erreparatzen dio Gisela Baños fisikari teoriko eta dibulgatzaileak (Madril, 1981). «Teknobaikortzat» du bere burua. Bilbon izan zen atzo, EHUko Kultura Zientifikoko Katedrak antolatutako Generoa eta zientziaren komunikazioa jardunaldian.
Zientzia fikzioaren garrantzia nabarmendu duzu hitzaldian. Nola ari dira erabiltzen adimen artifizialaren garapenean?
Zientzia fikzioa garapen zientifikoaren bihotzean dago. Historikoki, zientzialariak eta zientzia fikziozko idazleak elkar ezagutu dute, baita elkarrekin kolaboratu ere. Adibidez, Isaac Asimov idazleak eta Marvin Minsky zientzialariak adimen artifizialaren inguruko kongresu bat antolatu zuten.
El sueño de la inteligencia artificial liburuan (Shacleton Books, 2024) oso atzera egiten duzu adimen artifizialaren jatorrian arakatzean. Adibidez, XIX. mendeko ehungailua aipatzen duzu. Zer harreman dute?
Hasierako ehungailuak eskuzkoak ziren, baina XIX. mendetik aurrera programagarriak izaten hasi ziren. Txartel zulatu batzuk zituzten, eta, horiei esker, ehuntzeko prozesua automatiza zitekeen; askoz denbora gutxiago behar izaten zen. Makina bat programatzeko gaitasunak eraman gaitu informatika modernora. Haurra zela, ehungailu programatu horiek ikusi zituen Ada Lovelacek —amak [Anna Isabella Milbanke] fabrikak ikustera eramaten zuen—. Geroago, Charles Babbagen makina diferentzialarekin topo egin zuenean, bi gailuen arteko lotura egin zuen Lovelacek: makina bat erabil zitekeen edozein gauza sinboliko adierazteko. Makinak programatu baditzakezu, algoritmoak sor ditzakezu; eta algoritmoak sor baditzakezu, matematika soilik ez, baizik eta musika, lengoaia eta abar ere adieraz ditzakezu.
«Algoritmoak sor baditzakezu, matematika soilik ez, baizik eta musika, lengoaia eta abar ere adieraz ditzakezu»
Beraz, adimen artifizialaren aurreneko eredua adierazpen sinbolikoa izan zen?
Bai. Ada Lovelace konturatu zen makina batekin operazioak egin zitezkeela, baina ez soilik gehikuntzak, kenketak, biderketak, zatiketak... Sinboloekin adieraz dezakegun edozer formalizatu dezakegu makina batekin. Aurrerago, Alan Turingek ideia hori berreskuratu zuen. Eta Claude Shannonek demostratu zuen operazio logikoak kodifikatu zitezkeela etengailu eta errele multzo batekin. Hala sortu zituzten lehen ordenagailuak, erraldoi haiek.
Helburua adimen artifizial orokor bat zen?
Kuriosoa da. Shannonek eta Turingek Bell laborategietan [AEB] kointziditu zuten Bigarren Mundu Gerran. Ez zuten proiektu berean lan egiten, ezin zuten euren proiektuez hitz egin gerraren kausaz, baina egunero elkartzen ziren laborategietako kafetegian, solastatzeko. Shannonek elkarrizketa horietaz hitz egin zuen urte batzuk geroago, jada adinekoa zenean. Behin, Turing oihuka hasi ei zen kafetegi erdian: «Shannon zoratuta dago! Makina bat erabili nahi du musika egiteko!». Hortaz, bazuten ideia. Gainera, Turing sare neuronal bat programatzen ahalegindu zen Manchesterren [Erresuma Batua] egon zenean. Orduko teknologiarekin, ordea, ezin zen halakorik egin.
Liburuan azaldu duzu softwarea (konputazioa) eta hardwarea (robotika) batera garatu direla. Zer harreman izan dute?
Hasieran, bereizi ezinak ziren. Izan ere, mundu fisikoarekin hartu-emanak izan zitzaketen sistemak sortu zituzten aurrena, handik ikas zezaten zibernetikaren bidez. Baina konputagailuak sortu ostean eta 1950eko hamarkadatik aurrera, ikusi zuten askoz zailagoa zela robot bat egitea eremu digital batetik ikas dezakeen algoritmo bat sortzea baino. Algoritmoei, datuei, metabertsoan bizitzeari buruzko ideia horiek nahiko berriak dira. Rodney Brooksek esaten zuen adimen artifizialak ingurune fisikotik ikasi behar zuela, gizakiok bezala, egokitzeko ahalmena izan zezan; ez zela nahikoa datu batzuk sartzea.
«1950eko hamarkadatik aurrera, ikusi zuten askoz zailagoa zela robot bat egitea eremu digital batetik ikas dezakeen algoritmo bat sortzea baino»
Bide horiek berriz elkartzen ari dira? Ikusita robot berriak zelako oihartzuna izaten ari diren... Garrantzia ematen ari zaio ostera adimen artifizialaren gorpuztasunari?
Industrian, 60ko urteetatik dauzkagu mila gauza egiten dituzten robot adimentsuak. Baina robot antropomorfiko bat egitea oso zaila da: ez dute orekarako gaitasunik, erori egiten dira. Horretan lanean ari dira, baina kuriositateagatik baino ez, nik uste. Gainera, diru gehiago lortzen da algoritmoekin robotekin baino.
1980ko hamarkadan, adimen artifiziala laborategitik atera zen. Enpresak hura erabiltzen hasi ziren, aplikazio praktikoak sortu zituzten. Zerk eragin zuen aldaketa?
Lehen udan [1956-1974], adimen artifiziala unibertsitatean zegoen. Noski, ordenagailuak oso garestiak ziren: zientzialariek gauez programatu behar zituzten, ezkutuan kasik. 1980ko hamarkadan, ordenagailu pertsonalak zeuden: merkeagoak ziren, jada ez zuten zertan instituzio batean egon. Eta garai hartan baikorrak ginen oraindik: etorkizuna heldu zedila nahi genuen, makinak aditua ordezka zezala.
2011n adimen artifizialaren hirugarren uda hasi zela diozu.
Adimen artifiziala herritarren esku ere badago orain. Eta orain gertatuko dira gauza interesgarrienak. Izan ere, akademian ikerketa helburu jakin batzuk dituzu; enpresan, etekinak handituko dituen funtzio batzuk. Baina herritar arruntek beren erabilera propioak topatuko dituzte. Ikusi beharko da nora eramango gaituen horrek.
Hasieran, adierazpen sinbolikoa zen adimen artifizialaren eredua. Nola eboluzionatu du irizpideak?
Orain, sare neuronalen bidetik ari dira lanean. Lehenengo neurona artifiziala 1940ko hamarkadan sortu zuten; lehen sare neuronala, 1951n; eta lehen pertzeptroia, 1961ean. Pertzeptroia elaboratuagoa zen, eta gai zen irudiak errekonozitzeko —oso oinarrizkoa zen, dena den: horma batean ipinitako letra erraldoi bat errekonozitu zezakeen, ez besterik—. Frank Rosenblatt, pertzeptroiaren asmatzailea, oso gazte hil zen, eta inork ez zion haren bideari jarraitu. Ez zen oso egingarria ere: pertzeptroiak gela oso bat okupatzen zuen. XXI. mendera arte ez da lortu sare neuronal bat entrenatzeko gai diren ordenagailuak sortzea, eta algoritmo eta hurbilketa jakin batzuk sortu dira: backpropagation, transformer-ak, Googleren Attention is all you need... Horrek aldatu du paradigma. Adimen artifizial sinbolikoa oso ondo dago, oraindik erabiltzen da, baina orain gai gara Rosenblattek egindakoa berreskuratzeko eta ondo garatzeko: orain geruza askotako sareak entrenatzeko balio duten algoritmoak ditugu; Rosenblattena geruza bakarreko sarea zen, berehala agertzen ziren akatsak.
«XXI. mendera arte ez da lortu sare neuronal bat entrenatzeko gai diren ordenagailuak sortzea»
Internet eta han pilatuta dauden datu mordoa mugarria izan dira adimen artifizialak bere kabuz ikasteko prozesuan?
Uste dut hein batean sistema adituek ez zutela arrakastarik izan, datuak eskuz sartu behar zirelako. 1985 inguruan, Cambpell zopa konpainiako Aldo Cimino behargina erretiratzear zegoen. Cimino zopak esterilizatzeaz arduratzen zen, eta zekien guztia ordenagailu batean gorde zezala proposatu zioten. Orduko arazoa zera zen: norbait behar zutela datu horiek ordenagailuan banan-banan sartzeko, baita datuok emateko prest zegoen norbait ere. Orain, sareari esker, askoz errazagoa da.
Asko hitz egiten da adimen artifizialaren arriskuez. Zu, ordea, baikorra zara. Zergatik?
Nekatuta nago distopia helduko dela eta mundua bukatuko dela dioten mezuez. XIX. mendean gauza oso zoroak amestu zituzten; dena zuten deskubritzeko, dena zen posible. Baina amestu zutena errealitate bihurtu zen: haiei esker daukagu elektrizitatea, autoak, atomoaren inguruko ezagutza... Baikortasun hark XX. mendearen erdira arte iraun zuen. Hiroshima oso kolpe handia izan zen, Gerra Hotza ere bai...
Zientziak ez du zertan beti erabilgarria izan, ezta errentagarria ere. Amets eginarazi behar dizu. Korronteen gerran [XIX. mendearen bukaeran], George Westinghousek turbinak sortu zituen, segurtasun elementuak, trenentzako galgak... Oso asmakizun aspergarriak ziren, baina jende askoren bizitza salbatu zuten. Edisonek askoz gutxiago aldatu zuen mundua, baina itzelezko gauzak sortu zituen: gramofonoa, bonbillak... Mundu guztiak ezagutzen du Edison. Zenbatek ezagutzen dute Westinghouse?