Zientzian nahasitako klimaterioa

Hormonak izan litezke bidea, baina, oro har, elikadura eta ariketa fisikoa nahikoa izan ohi dira klimaterioko sintomak kontrolatzeko. Azken 70 urteetako literatura zientifikoa aztertu ostean ondorioztatu dutenez, gehiago ikertu beharra dago arta hobetzeko.

BERRIA.
amaia igartua aristondo
2023ko urriaren 4a
00:00
Entzun
Klimaterioarenohiko irudia da: 50 urte inguruko emakume bat, abanikoa eskuan, esku bat bekokian, gogaituta. «Sintoma basomotorrak dira ezagunenak: beroaldiak, izerdialdiak, takikardiak...», azaldu du Merche Fraca Bilboko Basurtuko ospitaleko Ginekologia arloko buru eta Bizkaiko Medikuen Elkargoaren presidenteordeak. Baina harago doa klimaterioaren sintomatologia, eta menopausia baino lehenago hasten da. «Emakume oso nagusiekin lotzen dugu [klimaterioa], baina 40 urteren inguruan abiatzen da, ugalkortasuna gutxitu eta aldaketa hormonalak hasten direnean».

Hileko obario zikloak desagertzen direnean, ez da erabat eteten hormona batzuen sintesia, baina nabarmen egiten du behera kopuruak; batez ere, estrogenoarenak. Beherakada horrek eragiten ditu sintomak: aurrena, hilerokoaren zikloa irregular bilakatzen da; gero, nahasmendu basomotorrak loratzen dira; eta, menopausia gertatutakoan —hau da, garai ugalkorra bukatzean, eta gutxienez urtebete igaro denean azken hilekotik—, aldaketa ohikoena baginaren lehortea izaten da, ehunen elastikotasunaren galeraren ondorioz. Luzeagoa da zerrenda, ondorioak psikologikoak eta metabolikoak ere izan baitaitezke, esaterako. Eta gorabeheratsuak ere badira, orobat. «Sintomak aldatzen doaz denbora igaro ahala», Fracaren esanetan.

Eraginak eragin, klimaterioa etapa fisiologikoa da, pubertaroa eta garai ugalkorra diren bezala, eta ez gaixotasuna, Fracak azpimarratu duenez. Alabaina, arta klinikoa onuragarria izan daiteke kasu batzuetan, baina, sarritan, ez da egokia izaten. Hala ondorioztatu du Australiako, Italiako eta AEBetako ikerlari talde batek, klimaterioaren inguruan azken 70 bat urteetan egindako ikerketak aztertu ondoren. Irailaren hasieran argitaratu zituzten ondorioak, The Cell aldizkarian: ikerlarien irudiko, prozesua ez da oraindik erabat ulertzen, eta gehiago ikertu behar da arta hobetzeko; izan ere, «errenta handiko herrialdeetako emakumeen %85ek ez dute hartzen sintomentzako tratamendu eraginkorra».

Azken hamarkadetan, irizpide medikoak nabarmen aldatu dira, Fracak xehatu duenez. «1980ko azken urteetan eta 1990eko hasierakoetan, menopausia gaixotasuntzat zuten. Jakinda estrogenoek efektu onuragarriak dituztela emakumeen fisiologian, andre denei ezarri zieten ordezkapenezko tratamendu hormonala. Eta prebentiboki artatzen hasi ginen, nahiz eta ebidentzia zientifikoa mugatua zen». 2000. urtean, ordea, bi berrikusketa sistematiko argitaratu ziren, non gezurtatu egiten zen prebentzioaren onura; areago, kaltegarria izan zitekeela ikusi zen.

Sintoma adina bide

Gaur egun, «hutsune» bat sumatzen du Fracak. «Auzitan jartzen ari gara aurreko ikerketen diseinua. Oraingoz, nik ez dut ezagutzen ebidentzia zientifiko sendoa duen tratamendurik». Nolabaiteko adostasuna dago: oro har, sintomak tratatzen dira, eta soilik bizi kalitateari eragiten diotenean. «Iritzi ezberdinak daude, ordea. Lankide batzuek patologikoagoa ikusten dute garai hori. Nik uste dut etapa fisiologikoak ez direla gehiegi medikalizatu behar; emakumeekin hala egin izan da, eta uste dut ez dugula berriro egin behar. Baina tratamendua deabrutzea ere ez da zuzena».

Ginekologoak azaldu duenez, beroaldietarako ebidentzia zientifikoa duen tratamendu bakarra hormonala da: estrogenoak arautzen dira klimaterio aurreko kopurura heltzeko. Dena den, emakume askok ez dute tratamendurik behar izango, azpimarratu duenez. Eta, era berean, sintomei hainbat ertzetatik hel dakieke. Nutrizioak, esaterako, lagun dezake eraginak arintzen eta arriskuak txikitzen, Iruñeako GUT Nutricion zentroko Silvia Uriarteren hitzei erreparatuta. «Beti ez da beharrezkoa medikazioa edota suplementazioa. Pertsonaren arabera, elikadurarekin bakarrik trata litezke sintomak». Oro har, nutrizio, ariketa fisiko eta atseden egokia baliatuta, bizi kalitatea hobetu liteke klimaterioaren garaian. «Bizitzaren herena da», nabarmendu du Uriartek.

Nolanahi ere, modu indibidualizatuan kudeatu behar da klimaterioa, nutrizionistaren arabera. «Beti azaltzen diegu emakumeei zer gertatzen ari zaien. Eta sintomen arabera ematen ditugu elikadura gomendioak, ez baitago emakume guztientzat balio duen elikadura mota jakinik». Helduleku batzuk badaude, halere. Horietako bat, hezurren osasuna. «Arrisku nagusietako bat osteoporosia da; hau da, hezurren dentsitatearen galera. Hori saihesteko, garrantzitsua da behar adina kaltzio hartzea, eta D bitamina maila egokia izatea». Kaltziorako, hala nola esnekiak eta hosto berdeko barazkiak gomendatzen ditu, eta, D bitamina elikagaietatik ere eskuratu daitekeen arren, gogoratu du %80 eguzkia hartuta sintetizatzen dela. Pisuarekin egiten diren ariketak ere gomendatu ditu, hezurren dentsitatearen galera ez ezik, muskuluarena ere prebenitzeko.

Arrisku kardiobaskularra da beste gakoetako bat, esan duenez. «Gantzaren banaketa aldatu egiten da, eta gehiago pilatzen hasten da sabelaldean. Erraietako gantz horrek arrisku kardiobaskularra handitu dezake. LDL motako kolesterola —txarra— ere igo egiten da». Pilaketa ahalik eta gutxiena izateko, elikadurak ere lagun dezake, baina bidea ez da gantzak saihestea. «Dena gaingabetua hartzen dugunean, bitamina lipodisolbagarri asko galtzen ari gara». Nutrizionistaren hitzetan, kalitate txarreko gantza saihestea da bidea, hala nola produktu ultraprozesatuena, eta iturri osasungarrietara jotzea: kasurako, oliba olioa, fruitu lehorrak, arrain urdinak, haziak... «Gantza kontsumitzeagatik ez dugu gantza irabaziko», ohartarazi du.

Hormona dantza ez da estrogenoarekin bukatzen, nolanahi ere. «Era berean, grelina gehitu egiten da klimaterioan, asetasun sentsazioaren hormona. Kopuru bera janda, ez da berdin asetzen. Beraz, anoak moldatu behar dira, asetzeko, baina ekarpen kalorikoa handitu gabe».

Heldulekuak helduleku, oraindik asko ikertzea falta dela uste du Uriartek ere. «Aldaketa hormonalen eta elikaduraren arteko harremana orain dela hamar-hogei urte hasi zen aztertzen». Ebidentzia aldakorra da: orain gutxi deitoratutako jaki batek ekarpenak egin ditzake bat-batean, edo arriskutsua zen nutriente bat osasungarri bilakatu da aztertu ostean. Fitoestrogenoen adibidea jarri du nutrizionistak. «Lehen uste zen emakumeek fitoestrogenoak mugatu behar zituztela, minbizia eragin zezaketelako. Azken ikerketek, ordea, frogatu dute sojaren isoflabonek hilezkortasuna murriztu dezaketela». Baina onuragarriak al dira, zehazki, klimateriorako? The Cell-en publikatutako azterketan, ezetz ondorioztatu dute. «Fitoestrogenoei buruzko berrikusketa sistematikoen arabera, ez dituzte sintoma basomotorrak arintzen», ikerlarien berbetan.

Sexua, fisikoaz harago

Ebidentziaren eskasiari ez ezik, mitoei ere aurre egin behar diete profesionalek. «Ikusten ari gara gero eta informazio gehiago dagoela sare sozialetan eta Interneten. Mito asko sortzen ari dira, oinarri zientifikorik gabekoak, eta jendeak sinetsi egiten ditu komeni zaionaren arabera», nabarmendu du Uriartek. Nutrizionisten lana ere bada, hortaz, usteok gezurtatzea, baina, ostera ere, ikerketa, batzuetan, ez da berme. «Sonarik handienekoa ikertzen da, baina uste dugu ez dela zentratzen esparru jakinetan».

Estigmak ere oztopatzen du jarduna, orobat, klimaterioak sexualitateari eragiten baitio. «Medikuntzan, emakumeon sexualitatea —bai klimaterioa, baita bestelako ziklo eta prozesu naturalak ere—, eredu androzentrikotik eta erreproduktibotik landu da, eta ez da aztertu izan gure ondoeza nondik datorren», Maider Garcia de Bikuña Gasteizko Emaize zentroko sexologoaren iritziz. Desioari dagokionez, aldaketa hormonala ez da hain erabakigarria, azaldu duenez, aldagai asko gurutzatzen baitira, hala fisikoak nola sozialak. Baina baginako mukosa sikatzen denez —gorputzeko mukosa guztiak bezala—, gerta liteke koitoa eta estimulazio zuzena desatsegina suertatzea, sexologoaren esanetan. «Sexu harremanak baztertzea ekar lezake, eskema koitozentristan oinarritutakoak badira. Beste batzuek, aldiz, koitoa alboratu eta beste modu batzuetan gozatzen dute, gogotsu daude, orgasmoak sentitzen dituzte...».

Haren ustez, lagungarria da askotariko joko erotikoak aintzat hartzea. Sexologiak ekarpena egin lezake horretan. «Pertsonon dimentsio sexudunaz ohartarazten du, aurreiritziak lantzen ditu, zikloa ezagutarazi, garai hori onartzeko gakoak eman, zaintza propioa eta erotika aberasteko bidea egin... Klimaterioak aukera berriak eskaintzen ditu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.