Arrauna gaur egungo parametroetan ikusgarriago eta lehiakorrago egiterik ez dagoela iritzita, neurketa zientifikoak aplikatu, eta horien araberako irtenbideak aurkitzearen aldekoa da Jon Lasa ingeniaria(Orio, Gipuzkoa, 1984). Arraunaren eta zientziaren arteko uztarketa hori lanbide bilakatu, eta Branka Composites enpresa sortu zuen. Arraun taldeekin elkarlanean aritzen dira, eta Branka izeneko trainerua sortu zuten iaz.
Zientzia gai al da, gaur egun, estropada bat baldintzatzeko?
Sentsazioen eta intuizioen araberako arraunketa izan da, batez ere, orain artekoa, eta subjektibotasun horretatik gauza askok ihes egiten dute. Puntu batera iritsi gara, zeinetan jada ematen duen hobekuntza gehiago egitea ezinezkoa dela. Zientziak, ordea, lagun dezake horretan. Pertzepzio pertsonaletatik aldendu, eta errendimendua hobetzeko aukera handia eskaintzen du.
Arraun mundua prest al dago berrikuntza zientifiko eta teknologikoei atea irekitzeko?
Tostako arraunketa eta aulki mugikorra desberdindu behar dira. Tostako arraunketakoak itxiago egon ohi dira halako berrikuntzei. Badaude dogma batzuk hor egonkortuta, eta badirudi hortik aldentzeak beldurra ematen diela. Aldiz, zientziak leku handiagoa du aulki mugikorrean; Olinpiar Jokoetan, esaterako, zientifikoki azterketa asko egiten dituzte. Traineruetan gutxiago, nahiz eta aldea dagoen talde batetik bestera. Hala ere, suma daiteke badatorrela; ezin da eragotzi.
Eta ba al da elkarlanik ingeniarien eta arraun taldeen artean?
Zerbitzu hori eskaintzen dugu guk, optimizazio eta analisi protokolo batzuen bitartez. Ari gara arraun taldeekin kolaboratzen. Horietako batzuk, Oriokoa kasurako, aspaldi hasi ziren ikuspegi zientifikoa lantzen, baina beste asko horretatik oso urrun daude oraindik. Zientziak kalte egiten ez duen ustetik abiatuta, errendimendua hobetzeko aholkularitza eskaintzen dugu.
Errendimendua hobetzeko neurri zientifikoak hartuta, arraunlariak ala ikusleak, zein lirateke onuradun nagusiak?
Optimizazioak berekin dakar askotan ikusgarritasuna, errekorrak hausten direlako, abiadura gehiago hartzen delako eta abar. Arrauneko araudia betetzera mugatuta gaude, hala ere. Aldatuko balitz, askoz azkarragoak diren ontziak egiteko aukera legoke, baina araudi aldaketa horrek eramango lituzke taldeak inbertsio ekonomiko handi bat egitera, eta ulertzen dugu hori ez dela posible. Hala ere, talde guztiek optimizazio horren bila jotzen badute, lehia ere estutu egingo da. Lehiakortasun horrek erakargarriago egingo luke kirola.
Lehiakortasun testuinguru horretan, hala ere, ahalmen ekonomiko gehien duena ez al litzateke nagusituko?
Taldeek askoz ere gehiago inbertitzen dute materialean, neurketa zientifikoak egiteko tresnerian baino. Sekulako potentzialtasuna duen neurketarako aparatu batek 3.000 euro balio duen arren, edozein klub xumek dirutza bideratzen du arraun joko berriak erostera, adibidez. Zientziaren aldeko apustu hori egitea inbertsio bat da.
Zergatik ez da inbertitzen orduan?
Bestelako interes batzuk ere badaude. Norbaitek arraunketa mota bat urte askotan defendatu badu, edonori ez zaio gustatzen aparatu batek kontrakoa esatea. Aulki mugikorrean, adibidez, Olinpiar Jokoetan, finalen ondoren neurri guztiak publikatu egiten dira; traineruetan pentsaezina litzateke. Sekretismo eta protekzionismo handia dago arraunean. Eurena defendatzen dute, baina ez zaie interesatzen subjektibotasun horretatik ateratzea.
Horrelako kirol fisiko batean positiboa al da objektibotasuna?
Kalterik ez du inoiz egiten. Aparatuek neurtutakoak huts txikiren bat izan dezake, baina erreala da; ezin da ukatu. Beste kontu bat da neurtutako hori interpretatzen jakitea, eta horrekin zerbait egin ahal izatea. Entrenatzaileek gustuko izaten dute sentsazioetatik tiratzea, baina, zientziari esker, sentsazio horiek neurketa objektiboekin lot daitezke. Aurrerapauso handia litzateke.
Branka izeneko trainerua sortu zenuten. Zein ezaugarri ditu?
Taldeetan diru askorik ez dagoenez eta araudia itxia denez, erabilera askotarako trainerua egin nahi izan genuen, ur lasaietako erresistentzia izango duena, baina itsasoan olatuak hartzeko ere balioko duena. Bestalde, ikusita gaur egungo traineru gehienak gizonezkoengan pentsatuta diseinatu direla eta emakumezkoen ergonomiarentzat baldarregiak direla, emakumezkoek eroso arraun egingo duten traineru bat egiten saiatu gara. Ziabogetan azkartasuna lortzen ere saiatu gara.
ATZEKOZ AURRERA. Jon Lasa. Itsas ingeniaria
«Zientziaren aldeko apustua egitea inbertsio bat da»
Sentsazioak eta intuizioak garrantzitsuak izan dira beti arraun entrenamenduetan. Lasak uste du gaur egun, horiek alboratu gabe, datu objektiboekin eta zientziarekin lot daitezkeela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu