Posible al da espazio berean tximeletak, gazteluak, zaldiak, XV. mendeko pintura flamenkoa, 1992ko Bartzelonako Olinpiar Jokoak, perretxikoak, trenak, elizak, galzorian diren animaliak eta Hollywood egotea? —Horra ideia, opari, Jeronimo Bosch garaikideren baten atseginen baratze abangoardista baterako.— Bada, bai, posible da; larunbatero, gainera. Getxoko (Bizkaia) kultur etxera 11:00etatik 13:00etara joatea besterik ez dago elementu horiek denak topatzeko; hori bai, zigiluetan.
«Itxaron, uste dut perretxiko jakin horren zigilu bat errepikatuta daukadala...». «Aizu! Jakin duzu Bilboko filatelia dendan mikologiari buruzko sorta bat dagoela?». «Tira, nik halakorik ez dinat. Aizan, ba al dun Xabierko gaztelua? Errepikatuta zeukanat». Eta abar, eta abar. Horixe da giroa Getxoko Filatelia Elkartea biltzen denero. Larunbatero izaten dute hitzordua, eta nor bere bildumekin joaten da beren zain edukitzen duten aretora. Pasaiako portuko lonjan nola, hala ibiltzen dira batetik bestera, batarekin eta bestearekin, zigiluak negoziatzen, partekatzen, oparitzen eta ikertzen. Mahai luzeak beteta, eta zer esanik ez armairuak. Zigiluak ez dituzte gutunetan itsasten, baina haiek zigiluari itsatsiak bizi dira.

Atzoko egunez itsatsi zuten, duela 185 urte, historiako lehen zigilua gutun azal batean. Erresuma Batuan sortu zuen Rowland Hill irakasle eta politikariak lehen zigilu hura, Penny beltz gisa ezaguna, Victoria erreginaren erretratuarekin —asmatzailea gerora ohore guztiekin ehortzi zuten Westminsterreko abadian—. «Korrespondentzia kobratzea kontrolatu ahal izateko sortu zuten zigilua, kostua neurtu ahal izateko. Lehenago, gutuna entregatzean kontrolatzen zuten, eta horrek arazoak sortzen zituen jaso zuenak dirurik ez bazuen, edo ez bazuen ordaindu nahi», azaldu du Mikel Ugaldek, Getxoko Filatelia Elkarteko idazkariak.
Hamar urte geroago hasi ziren Europa osoan zigiluak inprimatzen, eta handik mundu osora hedatu ziren. Harekin batera sortu zen filatelia, hau da, zigilu bildumak egiteko zaletasuna. «Zigiluen, postalen eta zigilu marken bildumek osatzen dute filatelia», azaldu du Jose Antonio Guerrerok, elkarteko presidenteak.
Gai adina zigilu
Bildumak denetarikoak izan ohi dira. Batetik, ohikoa da estatu bateko posta zerbitzuek inprimatutako zigiluen bildumak izatea, baina baita denetariko gaiei buruzkoak ere. «Batzuei herrialdeen bildumak egitea gustatzen zaie; beste batzuei, gaiei buruzkoak. Jende batek gutunen bildumak egiten ditu, edo zentsura markenak. Karlistaldiko zigiluen eta gutunen bildumak egiten dituztenak ere badira. Jende batek gerretakoak bakarrik egiten ditu», azaldu du Ugaldek.
Clemente Lobato kideak, adibidez, zinemari buruzko bildumak egiten ditu: «Orain mugimendu zinematografikoei buruzkoak egiten ari naiz. Eginak ditudan beste batzuk hauek dira: zinema eta literatura, genero zinematografikoak, Oscar sariak, zinema jaialdiak, eta zinema eta kirola ere bai. Zinemarekin lotutako zigilu guztiak erosten ditut: fotograma txikiak, aktoreen argazkiak, konpositorea, gidoilaria... Zeelanda Berrian eta Estatu Batuetan ere erosita nago, pentsa!».
«Filatelia kulturaz oharkabean hornitzeko modu bat da. Mundu digital honetan, gainera, ondo dator gauzak eskuarekin ukitzea»
MIKEL UGALDEGetxoko Filatelia Elkarteko idazkaria
Elkarteko presidenteak, berriz, zaldiak erakusten dituzten zigiluen bilduma egiten du: «Zaldiak historiaurrean ere bazeuden. Orduan, historiaurreari zuzendutako zigiluak edo gutunak izan behar dituzu. Horrek, adibidez, Santillana del Marrera eraman zaitzake [Espainia], Altamirako kobak ikustera. Mugitzea dakarkizu, eta kultura ikastea».

Ugaldek XV. mendeko pintura flamenkoa dakarten zigiluak ditu, eta gehienak Internet bidez lortzen ditu: «Lehenago, filatelietara [dendak] joan behar izaten zenuen, edo bidaiatu egin behar izaten zenuen». Edonola ere, oraindik izaten ditu «euforia momentuak» Interneten murgilduta ere: «Pintura flamenkoko nire bildumako aleak topatzea ez da erraza, eta, Interneten bilatzen, Portugalgo pieza bat aurkitu nuen; ez nekien bazegoenik ere. Prado museoan dagoen Errege magoen adorazioa zoragarri bat zeukan. Ikusi nuenean, txundituta geratu nintzen, eta berehala jo nuen erostera».
Beren bildumez hitz egiten ari diren bitartean, haien kide gehienek zigilu artean arakatzen segitzen dute. «Perretxikoen zigiluak bilatzen ari dira», azaldu du Guerrerok. «Izan ere, kide batek Portugaleten [Bizkaia] erakusketa bat egingo du urrian, perretxikoen zigiluekin. Elkarri laguntzen diogu geure bildumak hobetzen. Badakigunez bakoitzak zer daukan, beti azaltzen zaizkigu gauzak hortik, eta ekartzen ditugu», erantsi du Ugaldek. «Denok ari gara laguntzen, geure bildumetan begiratzen ea perretxikorik ote dugun», nabarmendu du Guerrerok.
«Erakusketak egiteari utzi diogu. Ez da diruagatik, baizik eta ez dugulako lokalik, pertsonalik...»
JOSE ANTONIO GUERREROGetxoko Filatelia Elkarteko presidentea
Duela bi urte arte, erakusketak antolatu izan dituzte Getxoko Filatelia Elkartekoek. «Erakusketak egiteari utzi diogu. Ez da diruagatik, baizik eta ez dugulako lokalik, pertsonalik...», hasi da Guerrero. «Ezta bizkarrik ere dena kargatzen ibiltzeko. Markoek asko pisatzen dute, eta ez dugu adinik horretan aritzeko», segitu du Ugaldek; izan ere, gehienak erretiroa hartutakoak dira. «Hara, hemen da diruzaina!».
Veronica Carvajo sartu da aretoan, elkarteko diruzaina. Haren ingurura hurreratu dira beste bi andre: Maria Angeles Angulo eta Inmaculada Diez. «Emakumeak ere bagaude, e!», zehaztu du, jator, Angulok. «Entretenitzen gaitu, eta horrela beti dugu zeregin bat. Nik monasterioen eta elizen bilduma egiten dut, eta asko ikasten da! Ni propio joan izan naiz lekuetara, eliza jakin bateko zigilu marka lortzeko. Cordobara [Espainia] joan behar dut, han zigilu berezi bat baitut zain», azaldu du Carvajok.
«Nik monasterioen eta elizen bilduma egiten dut, eta asko ikasten da! Ni propio joan izan naiz lekuetara, eliza jakin bateko zigilu marka lortzeko»
VERONICA CARVAJOGetxoko Filatelia Elkarteko diruzaina
«Horko gizon horrek, Manuelek, gazteluenak ditu, eta gaztelu horiek denak bisitatu ditu», azaldu du Angulok. Berak ere aspaldi ezagutu zituen zigiluak: «Ezkondu aurretik, senarrak beti zigiluak oparitzen zizkidan. Sekulako amorrua ematen zidan... Zigiluak orduan garestiak ziren, eta esaten genuen inbertsio bat zela». Tximeleten zigiluen bilduma egiten du: «Ikusteko polita da, baina ez bildumagileentzat. Bildumagileek beste gauza batzuei ematen diete balioa; nik, berriz, koloreei. Horri ez zaio balio handirik ematen. Zigilu zaharrak garestiagoak dira, beste gai batzuk dituzte... Detaile guztiei ematen diete garrantzia: zigilu markari, koloreari... Gehien balio dutenak zigilu marka dutenak dira, zaharrenak».
Ez zupatu, arren
Zigiluak ondo zaintzeak garrantzi handia duela nabarmendu du Diezek: «Zigilu zaharrak ez dira zupatzen. Ontzi batera ura bota, zigilua han jarri, eta egun batez edukitzen dugu uretan, itsasgarri guztia kendu dadin. Gatz pixka bat ere botatzen diogu, kolorea gal ez dezan. Zapi zuri baten gainean jartzen dugu, lehortzeko. Gero, dagokion lekuan jartzen dugu. Lana da, e!».

«Gehienak erretiroa hartutakoak gara», segitu du Angulok, «mutiko hori izan ezik. Jator askoa... Aitonak bultzatu zuen etortzera, eta, hura hil ostean ere, hona etortzen segitzen du. Interes handia dauka... Oso polita da hori». Mutil horrek 20 urte ditu, eta Kerman Gobela du izena: «Ni numismatikatik hasi nintzen, txanponen bilduma egitetik. Etxeko loreontzi baten azpian txanpon zahar bat aurkitu nuen, horituta. Garbitu genuen, eta 1997ko bost pezeta ziren. Hortik hasi nintzen, eta, gero, nire aititagatik, hemengo batzuk ezagutzen zituelako. Zigiluen munduan sartu ninduen, eta bilduma egiten hasi nintzen».
Trenen zigiluak ditu gogokoen: «Kulturagatik eta historiagatik egiten ditut bildumak. Oso interesgarriak dira, eta asko ikasten duzu zigiluetatik. Zigilu bakoitzak pertsonaia bat edo gertakari bat erakusten du, eta hori ikertuz asko ikasten duzu».
«Zigilu bakoitzak pertsonaia bat edo gertakari bat erakusten du, eta hori ikertuz asko ikasten duzu»
KERMAN GOBELAGetxoko Filatelia Elkarteko kidea
Are, filatelia afizio bat ez ezik, historiaren zientzia laguntzaile bat ere bada hainbat herrialdetan, Ugaldek azaldu duenez. «Hainbat unibertsitatetan ikasten dute. Portugalen, esaterako, Historia eta Filatelia Akademia dute». Horregatik, filateliara zaletzera bultzatu ditu herritarrak: «Filatelia kulturaz oharkabean hornitzeko modu bat da. Gauzak hartuz joaten zara, irakurtzen duzu horri buruz, ikertzen duzu, gustatzen zaizu, eta konturatu gabe, modu dibertigarrian, jakintza pilatuz joaten zara gustuko dituzun eta denetariko gaiei buruz. Mundu digital honetan, gainera, ondo dator gauzak eskuarekin ukitzea. Askok uste dugu hobea dela dirua zigiluetan gastatzea, Athleticen kide izaten baino».