Zikloa itxiko dute igandean

Hala Bedi irratiko 'Celosamente gordea' saioa igandean amaituko da, zortzi urteko bide oparo eta irudimentsuaren ostean. Arrosa sareko hamar irratik ere eman dute urteotan.

urtzi urkizu
2015eko ekainaren 24a
00:00
Entzun
Hasiera duen guztiak du amaiera. Berriro hasierara. Izenburu hori jarri diote azkeneko atalari. Zikloa itxiko duenari. Igandean egingo dute azkeneko Celosamente gordea Manex Agirrek eta Gaizka Amondarainek Hala Bedi irratian. Zortzi denboraldi egin dituzte irratiko sormenean, literaturarekin, musikarekin eta soinuekin jolasean. Esperimentatzen. Baina gordetzera doa orain, celosamente.

Susa aldizkarian saioaren izenburu bereko ipuin bat argitaratu zuten 1986ko azaroan, ezizenez, zientzia-fikzioari eskainitako zenbakian; euskara eta gaztelania nahasten zituen testuak. Bap! musika taldeak kanta bihurtu zuen gero. Zuria beltzez diskoan argitaratua (Basati Diskak, 1992). «Testu eder batetik abiatutako kantu eder bati zor diogu izena», diote esatariek.

Sormenean aske aritzeko aukera eman die irratiak urteotan saioaren gidariei. Baina ez dute literatur saio bat egin nahi izan. Literatura eta musika nahi zutena esateko baliatu baizik. «Hala Bedi bezalako irrati libre batean aritzeak, gainera, askatasun osoa eman digu nahi genuena nahi genuen moduan egiteko», aitortu dute.

«Estilistikoki nahiago izan dugu iradokitzea esatea baino, galderak planteatzea erantzunak ematea baino. Gauzak esateko beste modu bat akaso», dio Agirrek. «Saioek hartu dute horrelako ordu bateko bidaia kutsu bat; hasieratik amaierara hariari eusten eta hariarekin jolasten saiatu gara, baita tentsioarekin eta intentsitatearekin ere, barruak mugituko zituen zerbait egiteko asmoarekin. Horretarako eskura genituen baliabideak aprobetxatuz». Baliabide horien artean erabili dituzte zaratak, soinuak, kantuak eta Interneten aurkitutako audioak, besteak beste.

Astero gai bat aukeratzen zuten, gehienetan gaurkotasunarekin lotutakoa. Gertatzen zenaren irakurketa propioa egiten zuten, iradokiz. «Interesgarria iruditzen zitzaigun zerbaiten inguruan idazten genituen gure testuak, eta gero musika edo bestelako elementuekin nahasten genituen», azaldu du Agirrek. Emisiora iritsi aurretik, laborategi lan bat egin dute. Lehenbizi, testuak grabatzen zituzten haien ahotsean, eta gero nahastu abesti eta bestelako audioekin. Amondarainek nabarmendu du funtsezkoak izan direla Soinumapa.net audioentzat eta Armiarma.com testuentzat.

Interneten entzungai

Amondarainen iritziz, irratia berezia da sormenari bide emateko. «Gaur egun irudiaren gizartean bizi gara, eta irudirik gabeko proiektuak hankamotz gelditzen direla ematen du. Baina irratiak berak mantendu du xarma moduko bat irudiaren mundu honetan». Haren ustez, norbaitek tesi bat egin beharko luke irratiaren indar horren inguruan.

Urteek aurrera egin ahala saioa egiten «gero eta gehiago disfrutatzen» dutela aitortu dute bi esatariek. Hazten joan da saioa. Horren erakusgarri, Arrosa sareko irrati askotan eman dute.

Arrosa sarean bertan dauden irratien bi saio Celosamente gordea-ren sormen esperimentazioaren bidetik doazela uste du Amondarainek: Bilbo Hiria irratiko Eremuz kanpo —zinemari buruzko programa da— eta Eguzki irratiko Alejandria-Woodstock-Jarauta saioa. «Bestelako irratsaio bat egiten saiatzen dira, ukitu pertsonalarekin».

Nahiz eta aurten ez duten halakorik egin, aurreko bi denboraldietan hilean behin idazleak eta itzultzaileak gonbidatu zituzten Celosamente gordea-n, testuak irakurtzera. Grabazioak musikarekin nahasten zituzten gero. Nor dugun guarda zuen izena atalak.

Irratsaioa uhinetatik desagertuko da igande honetan. Baina Celosamente gordea-ren azkeneko urteotako atalak saioaren blogean entzun daitezke: www.celosamentegordea.tumblr.com. Aurrerantzean ere bertan izango dira entzungai. «Gure entzuleetako asko Internet bidezkoak izan dira», diote esatariek.

Amondarainek irratian saioak egiten jarraituko du. Agirrek kolaboratzen ere bai. Estudioetatik at, Ardoa eta odola emanaldia eskaini zuten maiatzaren 30ean Literaturian, Joseba B. Lenoir eta Napoka Iriako lagunekin. Udazkenean berriz eskaintzeko asmoa dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.