Zilbor hestea moztu ezinean

Rafael Cobosek, 'La isla mínima' film laudatuaren gidoigileak, 'El hijo zurdo' estreinatu du Movistarren, Canneseries jaialdian sari bat irabazi eta gero

MOVISTAR PLUS.
Mikel Yarza Artola.
2023ko apirilaren 29a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Sevilla, Espainiako Poliziaren polizia etxe bat. Gaua da, eta kanpoaldean ez da giro: euria ari du barra-barra. Aterpean ere, inor ez dago eroso. Emakume bat noraezean dabil, adin txikiko semeak eta bere lagun batek gazte marokoar bat jipoitu ostean. 17 urteko mutiko sumindua autoritatearen atzaparretatik libratu eta korrika desagertuko da. Ama nahastuta dago, eta bere buruari galdetzen dio ea semea, besarkatu bezain laster, martxan zegoen autotik errepidera jauzi egin eta ihesera jo duen pertsona hori, bere betiko seme Lorenzo ote den.

Alberto Rodriguezen La isla mínima eta El hombre de las mil caras filmetako gidoi sarituak idatzi ostean, Rafael Cobos sevillarrak La Peste telesaila sortu zuen harekin elkarlanean. Sei urte geroago, El hijo zurdo plazaratu du, pantaila txikirako bakarka gidatu duen lehen lana. 20 eta 25 minutu arteko atalak ditu, laburrak baina oso dramatikoak eta ausardia formal handikoak. Horren adibideetako bat 16:9 eta 4:3 formatuen artean egindako jauzi aske eta sinbolikoak.

Maria Leon aktore protagonistak depresioaren kontrako botikek itotako amaren rola jokatu du, eta haren begi tristeen bidez ikusi du hiri bihozgabea pantailaren beste aldean dagoenak. Kamerak emakumeari gertutik jarraitzen dio une oro; plano gehientsuenak haren aurpegira itsatsita daude, oso itxiak dira, laburrak, eta kolpez amaitzen dira, zoriontsu izateko haren ahaleginak bezala.

Besoa igeltsuz josita eta autoa zartaduraz beteta, Lola bakarrik sentitzen da. Senar ohia, enpresaria, izugarri lanpetuta bizi da beti, eta ez du ez denborarik eta ez borondaterik seme gatazkatsuari zer gertatzen ari zaion ulertzeko. Haren lehentasuna hiriko alkate bilakatzea da, eta bilera batetik bestera dabil atsedenik hartu gabe, botere gune giltzarrietako botoak ziurtatu nahian.

Irudien indarra

Finean, istorioaren ardatza hautsitako familia bat da, eta, haren erretratua osatzeko, telesailak ekonomia narratiboa baliatu du. Sortzaileek apenas behar izan duten elkarrizketarik afera emozional eta psikologiko guztiak adierazteko. Irudien bidez eman dute pertsonaia bakoitzaren nortasunari buruzko informazio mordoa, eta hamaika norabidetan elikatu dute argumentua.

Etxe aberats batean bizi ordez, Lorenzo semeak nahiago du bere lagun kaskamotz erradikalekin ibili, eta elkarbizitza unitate horren hutsunea muturreko indarkeriaren bidez azaleratuko du. Alde horretatik, Ane (David Perez Sañudo, 2020) eta Te doy mis ojos (Iciar Bollain, 2003) filmek badute oihartzunik Cobosen nobedadean. Telesailaren pasarte bortitzenek indar bereziz dardararaziko dituzte pantaila eta ikuslearen barrenak; musikak, berriz, arnasa emango dio kontakizun tragikoari. Tartean dira flamenko, trap eta reggaeton doinu andaluziarrak.

Askatasun egarriz bizi arren zilbor hestea moztu ezin duten ama-semeen inguruko istorio bat da hau, hezkuntza, kultura eta gizarte alorreko gabezien inguruko kontakizun bat. Diktadura garaiak mugarteko lurraldeetan eta gorputzetan utzitako arrasto ilunaren lekuko. Hala bildu zuen Rosario Izquierdok ere telesail hau inspiratu duen El hijo zurdo eleberrian.

'EL HIJO ZURDO'
Sortzailea: Rafael Cobos.
Aktoreak: Maria Leon, Tamara Casellas, German Rueda, Hugo Welzel, Numa Paredes.
Herrialdea: Espainia.
Urtea: 2023.
Non ikusi: Movistar Plus.
Atal bakoitzaren iraupena: 25 minutu.
Generoa: drama, thrillerra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.