Komunikazioa. Ekografiak

Zilborra eta mozorroak

Jokin Labaien.
2011ko martxoaren 30a
00:00
Entzun
Gure zilborrari —eta badakigu Euskal Herrian zein dugun zilborraren erdigunetzat—begiratzeko daukagun joera horrek eraginda, uste genuen itzalaldi analogikoa iraganeko kontua zela. Atzo eman zen, ordea, gure zazpi probintzietatik hirutan. Pairatuko dira hutsarteak, izango dira arazoak eta igoko dira salmentak, kaosaren logikak bultzatutako gizarte mota honetan.

Galdera bat nuen aurrez, zer gertatuko ote den ETB jarraitzen duten euskaldun horiekin. Izango ote duten aukerarik emankizunak ikusten jarraitzeko. Igandeko BERRIAk eman zidan erantzuna. Hala nahi dutenek Fransat operadorearen bidez ikusi ahal izango dute, 130. katean. Horretarako, Euskararen Erakunde Publikoaren webgunera jotzea edo antenistarekin harremanetan jartzea nahikoa da. ETBren afera, gainera, Kontseilu Nagusiaren eskuetan omen da, une honetan, eta litekeena da hilabete batzuen buruan ETB3 ere Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan ikustea.

Eta harritu egin naiz. Izan ere, gure zilborrak geruza desberdinak dauzka tamalez. Gehienetan, mezu istoriko, sinboliko eta malenkoniatsuetatik harago jotzen dugunean, zilborraren erdigunea Arabak, Bizkaiak eta Gipuzkoak osatzen dute; urrunxeago kokatzen da Nafarroa; eta erdigunetik urrun xamar Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoa. Gai batzuei dagokienez, premisa objektiboak eta subjektiboak izan daitezke horretarako. Subjektiboak zuritu ezinezkoak dira. Egozentrismotik abiatzen dira. Beste norbait baino gehiago edo garrantzitsuago garela uste izatetik. Eta horrek bat egin baino gehiago banatzen gaitu. Eta, hala ere, objektiboa da kasu honetan ETB zein lurraldetan kokatzen den. Eta zein lurralderekin duen harreman gehiago. Eta praktikan zeinekin partekatzen duen legedi bat, inposatua ala ez. Eta, beraz, zeinetan eragiteko izango duen erraztasun gehiago ala gutxiago. Horregatik harritzen naiz. Ikusi baitut, ustez zilborretik urrun xamar dauden horietan ikusi ahal izango dena ez dela hurbilxeago ikusteko aukerarik izango. Asko dira horra eraman gaituzten arrazoiak, gehienak politikoak badira ere; arazo ekonomiko moduan mozorrotu nahi izan badizkigute ere. Bai baitatoz hauteskundeak zilborrera eta ingurura. Balio baitzezakeen batzuei lepoa mozteko bezainbeste bestetzuei domina jartzeko, arazo ekonomiko moduan mozorrotu nahi izan badute ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.