Zintzarri hotsen maratoia

Inoizko jendetsuena izan da aurtengo New Yorkeko maratoia: 45.344 lasterkarik parte hartu dute proba ezagunean

New York
2010eko azaroaren 9a
00:00
Entzun
Hiruretan ordulariak ordubetez atzeratu behar izan ziren AEBetan igande goizaldean. Maratoian parte hartu zuten gehienak orduan agertu ziren hasiera lekura, baina izango zen ordularia atzeratzea ahaztu eta uste baino lehenago iritsi zenik. Gaitzerdi, ordulariari hainbeste begiratzen zaion kirol honetan.

Inoizko parte-hartzerik handiena izan zuen aurtengo New Yorkeko maratoiak: 45.344 lagun atera ziren lasterka, 42 kilometro eta 195 metroak egiteko. Horiei guztiei animoak ematera bi milioi pertsona inguratu ziren bide bazterrera, eta 315 milioi telebista ikusle mundu guztian barrena.

Goiz hasi zen eguna korrikalari gehienentzat. Staten Islanden jarrita zegoen lasterketa hasierara iristeko denbora behar da New Yorken. Zenbaitzuek lau bat ordu behar izan zituzten puntu horretaraino iristeko. Maratoia hasi aurretik nekatuta zeuden batzuk.

Antolatzaileek emandako datuen arabera, 18.000 lagunek hartu zuten Manhattandik Staten Islanderako ferrya -05:30etik 08:30era etenik gabe ibili zen maratoilariz beteta-. Autobusarena zen bigarren aukera: 350 autobus atera ziren Manhattandik, 12.000 lasterkarirekin. Beste 40 autobus, berriz, ondoan dagoenNew Jersey estatutik: 1.800 korrikalari, guztira. Limusina alokatu zuten lagunarteak ere izan ziren.

Hotz egiten zuela zioten hainbat korrikalarik, eta aurretik zuten erronkan pentsatzeak zenbaitzuei sortzen zien urduritasunak hotz sentsazioa areagotu egin zien. Giroa epeltzeko eta berotzeko, prest zeuden eguzkia eta maratoiaren ibilbidera atera ziren milaka eta milaka ikusleak.

Korrikalarien familiarteko eta lagunak ziren asko. Txartelak eskuan hartu, eta aurrera, Michael, aurrera, edo ez gelditu, Tracie, azkarrago zioten txartelak etenik gabe ikus zitezkeen errepide bazterretan. Ingelesez gehienak, baina hamaika hizkuntzatan ere bai. Izan ere, New Yorkeko maratoira munduko bazter guztietako parte-hartzaileak etorri ohi dira, eta hori bistakoa zen jarraitzaileek bizkarretik zintzilik zeramatzaten banderei erreparatuz gero.

Korrikalarien animorako zeuden jarraitzaileak, eta horiek animatzeko musika taldeak edozein txokotan: rocka, pop-a, soula, musika esperimentala, tradizionala... Propio jarritako oholtzatan edo kantaldi inprobisatuetan, musika nonahi.

Hiriko bost auzoetatik

1970ean egin zen lehendabiziko New Yorkeko maratoia, eta hasierako edizioak Central Park ezagunari bueltak emanez egin zituzten. 1976. urtetik, New York hiriko bost auzoak zeharkatzen ditu: Staten Island, Brooklyn, Queens, Bronx eta Manhattan.

Korrikalari bakoitza paretik pasatzean, txalo eta oihu egiteko prest edo zintzarria astinduz Central Parken azkeneko metroak egiteko indarrak emanez, adin guztietako jendea elkartu zen. Zintzarriaren soinua izan zen azkeneko kilometro eta erdian nagusi, kolore askotako milaka zintzarrirena. Maratoilari gehienek irribarrez egin zituzten azkeneko metroak, une hori gozatu eta betirako buruan gorde nahiko balute bezala.

Gurpil aulkietakoak izan ziren iristen lehenak: David Weir gizonezkoetan eta Tatyana Mcfadden emakumezkoetan. Eskuko bizikletak ondoren: Dane Pilon eta Helen Hines. Eta korrikalari profesionalak atzetik: Edna Kiplagat keniarra izan zen azkarrena emakumezkoetan ( 2:28:20), etaGebre Gebremariam etiopiarra gizonezkoetan (2:08:14). Txalo zaparrada itzela jaso zuten guztiek. Izarrak maratoia bukatzen duten guztiak baitira. Ezinean, azken urratsa justu-justu eginaz iritsi zirenak ere bai.

Edison Peña Txilen 69 egunezSan Jose meategian harrapatuta egondako meatzaria izan da aurtengo gonbidatuetako bat: lur azpian zela hainbat kilometro korrika egiten zituelako, antolatzaileek ikusle gisa etortzeko gonbita egin zioten, eta berak korrika egin nahi zuela erantzun. Esan eta egin. Bost ordu eta 50 minutu behar izan zituen ibilbidea osatzeko, eta jendeak gehien txalotu zuen lasterkarietako bat izan zen Peña.

Euskal Herriko korrikalariak ere izan dira maratoian. Gehienak anonimoak, eta haietako bakoitzak bere ingurukoekin partekatuko du izandako esperientzia. Beste zenbaitzuk ezagunagoak: Martin Fiz, esaterako. Gasteiztarra izan zen helmugara iristen lehendabiziko euskal korrikalaria: 80. postuan sailkatu zen, 2:35:19-ko denborarekin. Joseba Beloki txirrindulari ohiak, berriz, 510. postuan bukatu zuen lasterketa, 2:53:57ko denbora eginda.

Etenik gabekoa izan zen korrikalari uholdea. Gauak harrapatu, eta maratoia bukatutzat eman zuten arte. Errekuperatzeko beharrezko edariak hartu, masajeren bat edo beste jaso, eta norberak bere etxe edo hoteleko bidea hartu zuen: batzuek lagunak edo familiakoak zituzten zain autoekin, baina gehienek taxi horiak geratu behar izan zituzten, edo metroa hartu. Eta pazientziarekin hartu behar. New York ez baita berez korrika ibiltzeko hiria. Hurrengo maratoia 2011ko azaroaren 6an izango da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.