Kontserbatzea. Hori da, ustez, museo batek duen zeregina. Tolosako (Gipuzkoa) Topic txotxongiloen museoan, ordea, guztiz bestelako helburua duen proiektua dago ikusgai. Endekapenaren Edertasuna du izena proiektuak, eta hiru txotxongiloren hondatze prozesua dokumentatzea du helburu. Bakoitza soka banatik zintzilik, guztiz desegiten diren arte utziko dituzte txotxongiloak, naturaren baldintzen menpe.
Herbehereetako Speeltheater konpainiak jarri du martxan proiektua. Konpainia modura lan egiteari utzi zion iaz, eta txotxongiloak munduko museo ezberdinetan banatzea erabaki zuten. Beste batzuen artean, Tolosako Topic museoa aukeratu zuten. «Hona etorri ziren, txotxongiloak uztera, eta, bide batez, museoa ezagutzera», adierazi du Idoia Otegi museoko zuzendariak. «Espazio honek atentzioa eman zien, eta bertan txotxongiloekin instalazio bat jartzea proposatu ziguten», esan du, museoko barne patioari begira.
Otegik, noski, baiezkoa eman zion proposamenari. Hala, zaku telaz eta artilez egindako hiru txotxongilo daude orain, lehen hutsik zegoen espazioan. The Star Maker ikuskizunaren zati izan ziren Tolosan dauden hiru txotxongiloak. «Film italiar batean oinarritutako ikuskizuna zen The Star Maker, Italiako herrietan jendeari iruzur egiten ibiltzen zen film zuzendari baten ingurukoa», adierazi du Otegik. Horregatik da hain egokia txotxongiloak zintzilikatu dituzten espazioa: «Italiako herriak gogorarazten ditu leku honek». Txotxongiloak soka lodi batzuekin zintzilikatuta egoteak ere badu arrazoi bat: ikuskizunean ere halaxe egoten ziren.
Tolosan bezala, Speeltheater konpainiak munduko beste bost lekutan ere jarriko ditu The sSar Maker ikuskizuneko txotxongiloak, nola hondatzen diren ikusteko: Lurmutur Hirian (Hegoafrika), Warderen (Herbehereak), Londresen, Arizonan eta Washingtonen (AEB). «Txotxongiloak kanpoan daude, eta, noski, klima oso ezberdina da Tolosan eta aukeratutako gainontzeko hirietan; modu ezberdinean hondatuko dira leku bakoitzean», adierazi du Otegik.
Jendearen iritzia jasoko dute
Proiektuarekin «oso pozik» dago Otegi, eta tristura ematen dio azkenean hondatu egingo direla pentsatzeak. Horixe da, ordea, proiektuaren funtsa. Jarri zituztenetik, txotxongiloak aldatu dira apur bat dagoeneko. «Moja jantzia duena, esaterako, argaldu egin da; dieta egin duela esaten dugu gure artean. Beste bat, berriz, buelta emanda dago, haizeak mugituta; hori haserre dagoela esaten dugu», adierazi du Otegik, txantxetan.
Aldian behin, txotxongiloei argazkiak aterako dizkiete Topic museoko langileek, eta Speeltheater konpainiari pasako diote hondatze prozesuaren informazio guztia. «Beste herrialdeetan gauza bera egingo dute, eta dokumentazio guztia batuko dute», adierazi du Otegik. Gainera, ateratako argazkiez gain, jendearen iritzia eta sentipenak ere jasoko dituzte Topicen.
Bisitarien iritziak jasotzeko, fitxa bat prestatu dute; erakusketa ikusten dutenek, fitxa bete dezakete, beren sentipenekin. «Hasierako sentipenak eta amaierakoak ez dira berdinak izango, txotxongiloak gero eta hondatuagoak egongo direlako», adierazi du June Gerrikok, museoko pedagogia saileko langileak. Gerriko izango da txotxongiloen hondatzea dokumentatuko duena, eta harrituta dago, txotxongiloak uste baino gehiago irauten ari direlako.
Bestalde, blog bat ere sortu dute: www.labellezadeladecadencia.blogspot.com. Blog horretan jarriko dituzte txotxongiloei ateratako argazkiak, jendeak iruzkinak egin ditzan. «Iruzkin horiekin ere jakingo dugu jendeak zer pentsatzen duen», adierazi du Gerrikok.
Orain arte jasotako iritziak denetarikoak izan dira, Otegiren esanetan. «Lehengoan artista batzuk etorri ziren, eta txundituta geratu ziren; oso ideia ona iruditu zitzaien». Beste batzuei, ordea, «oso arraroa» iruditzen zaie. «Azken finean, arte erakusketa bat da; asko gustatzea gerta daiteke, edo batere ez».
Erakusketa ikusi nahi duenak, Tolosako Topic museora joan besterik ez du. Txotxongilo bilduma zabala ikusteko aukera izango du hara biltzen denak. Hori bai, inork ez daki noiz arte egongo diren zintzilik dauden hiru txotxongiloak. Naturaren esku dago.
Zintzilik, naturak hondatu arte
Endekapenaren Edertasuna proiektua martxan dago Tolosako Topic museoan; zaku telaz eta artilez egindako hiru txotxongilo jarri dituzte aire zabalean, eta desegin arte utziko dituzte.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu