Donostiako Gros auzoko zipotzak

Zipotzak, 25 urtez gazte

Haur danborrada eta herri bazkaria izango dira nagusi gaur Donostiako Gros auzoko Zipotz jaietako egitarauan. Asteburu osoan ere ekitaldi ugari izanen dira auzoan bertan.

Iazko zipotzetako Gazte Eguneko herri bazkari. ZIPOTZ JAIEN FLICKR-A.
Donostia
2015eko uztailaren 17a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Donostiako Gros auzoko Zipotz jaietan Gazte Eguna dute gaurkoa. Haur danborradarekin batera, kuadrillen bazkari herrikoia da egitarauko proposamen azpimarragarrienetariko bat. Berrehun pertsona inguru bilduko dira mahaiaren bueltan: hamabi kuadrilla gutxi gorabehera, Eider Etxebeste, kuadrilletako arduradunaren hitzetan.

Duela 25 urte, jaiak sortzearekin batera, ekin zioten Gros auzokoek herri bazkaria antolatzeari jaietako ostiralean. Hasieran, kuadrillen lantaldeko pertsona batzuek prestatzen zuten bazkaltzera zetozenentzako janaria. Ostera, orain hiru urte, ekitaldira bertaratzen zen «jendetzarentzako» bazkaria prestatzen aritu ezin zirela ikusi zuten, gehiegi zela eta. Orduan ekin zioten egungo bazkari ereduari: 13:00etan Txofre plazan biltzen dira kuadrillak, bazkaria hasi baina ordu bat lehenago, bakoitzak bere bazkaria presta dezan. «Batzuek janaria etxetik prest ekartzen dute, besteek parrila... Guk mahaiak eta edaria jartzen ditugu». Hala ere, animatzen den edonori etortzeko eskatu diote kuadrillen lantaldekoek: «Norbaitek janaririk ez badu ere, daukanak banatu ohi du berea». Doakoa da mahaira inguratzea. Eguneko ekitaldirik «jendetsuena» kuadrillen kalejira izango da Elektro txarangaren emanaldiarekin; bazkalostea girotuko dute Gazte Asanbladako kide musikariek.

Haur danborrada, 17:30ean hasiko da. Hiru eta hamar urte bitarte inguruko 40-50 haur inguruk parte hartzen dute danborradan, Jai Batzordeko kide den haur danborradako arduradunak dioenez. Bi alditan entseatu dute jada Zurriola Ikastolatik irtengo diren parte hartzaileek. Ibilbidean, Txofre plazan egingo dute geldialdia pieza batzuk jotzeko, eta ondoren, Biteri plazaraino arituko dira. Bertan izanen dituzte zain Zipotz eta Legami, Zipotz jaietako protagonistak, baita ondo merezitako askaria ere.

Bi horiek izanen dira eguneko ekitaldirik garrantzitsuenak. Hala ere, gaur bertan eta asteburua bukatu arte, askotariko planak izanen dira Gros auzoko Zipotz jaietan. Kirolari dagokionez, gaur, 17:30ean pala eta pilota finala jokatuko dute Saguesko plazan. Bihar, 12:00etan areto futboleko txapelketaren finala izanen da Manteo kiroldegian, eta skate eslalom txapelketa ere jokatuko da Saguesko plazan. Igandean, 11:30ean, herri kirolak izanen dira ikusgai Katalunia plazan.

Rocketik danbor hotsetara

Musikazaleek ere ez dute izanen aspertzeko betarik. Kontzertu eskaintza zabala du Gros auzoko jaietako egitarauak. Liher eta Karton bakarlariak arituko dira, gaur, Txofre plazan, 21:00etan. 22:00etan ere kontzertuak ikusteko aukera izanen da bi lekutan: The Flaming Shaker taldea arituko da, batetik, Nafarroa Beherea plazan, eta, bestetik, Katalunia plazan kontzertua emango dute Glory Hole, ON eta Rock Kam Broom taldeek —horren kasuan, bertsioak joaz kamioi baten gainean—. Bihar, 20:00etan, trikipoteoa aterako da Saguestik. 22:00etan, Julen Morgado, Ana Maria Sanchez, Lide Hernando eta Asier Jimenez bakarlarien emanaldia izanen da, Nafarroa Beherea plazan, eta, ordu berean, Katalunia plazan, Physis Versus Nomos Band eta 3gabe2 talde donostiarrak eta Arabako Errioxako En Tol Sarmiento taldeek amaituko dute biharko egitaraua. Jaiak bukatzeko, berriz, Ingo al Deu? taldeak erromeria joko du Katalunia plazan.

Bihar, helduen danborradak hartuko dio lekukoa haurren gaurko danborradari. Zurriola Ikastolan ekingo dio danbor hotsari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.