Arrate Irratian herri kirol emanaldiei 30 urtez ahotsa jarri ostean, hilaren amaieran erretiratuko da Ziriako Ortiz de Zarate esataria (Eibar, Gipuzkoa, 1928). Baditu 84 urteeta «bajatuta» dagoela adierazi dio BERRIAri. «Ez dut eguna finkatu, baina San Jose egunaren ostean izango da. Hor bueltan».
Lehenengoz mikroa Ermuan hartu zuen Ortiz de Zaratek, jaialdi handi batean. Han ziren Amuriza eta Azpillaga bertsolariak, Laja eta Landakanda trikitilariak. «Ziriako, tortillari baino buelta ederragoan eman zenion zuk jaialdiari!», esan zion behin baino gehiagotan geroztik Landakandak.
80ko hamarkadaren hasieran, herri kirol emanaldietan aurkezpen lanetan aritzen zen Ortiz de Zarate, eta Arrate Irratiko arduradunak ezagutzen zituen. «Une pozgarriak eta tristeak izan ditut urteotan, denetarik». Eta ez da Bizkaian eta Gipuzkoan herririk bera hizlari egon gabekorik. «Hiru jaialdi egindako egunak asko izan ditut. Eta batzuetan lau ere bai». Egun berean Gasteizen hasi, gero Urnietara joan eta Ispasterren amaitutakoa da bera. «Jaialdi guztietan ongi ez nintzen egongo, baina denak estimatzen ditut».
«Pozik» dago esatari beteranoa urteotan egindako lanarekin. «Herri kiroletako jendearekin eta komunikabideetako lagunekin ondo konpondu naiz. Eta Arrate Irratiko jendearekin ere harreman oso ona izan dut». Asko maite du Arrate Irratia, eta, ezezkorik ematen ez badiote, urtean elkarrizketa pare bat egitera joan nahi du. «Arratek asko eman dit niri. Egun ikaragarri onak pasatzea, eta Euskal Herria ongi ezagutzea».
Haren erretiroarekin herri kiroletako jaialdien ahots propio bat isilduko da.
Komunikazioa
Ziriako Ortiz de Zarate esataria hilaren amaieran erretiratuko da
Eibarko Arrate Irratian azkeneko 30 urteetan herri kirolen berri ematen aritu da esatari beteranoa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu