Donostiako Aste Nagusia. Irutxulo baino gehiago

Zirimiri gogaikarria

Arratsalde eta gau partean, euskal dantzek eta erromeriek hartzen dute Konstituzio plaza Aste Nagusian. Goizean, berriz, turisten bisitaleku eta banatzaileen lan esparru izaten da danborren eta upelen tenplua.

Turista goiztiarrenek banatzaileen furgonetei izkin egin behar izaten diete Konstituzio plazan. XABIER MARTIN.
xabier martin
Donostia
2011ko abuztuaren 18a
00:00
Entzun
Ez diezaiola inork bere buruari gezurrik esan: zirimiria gogaikarria da udan —onddoentzako ona den arren—, eta Donostiari ez dio mesederik egiten Aste Nagusian. Goiz lanbrotsu horietako batean nagi jaikitzen dira turistak nahiz donostiarrak. Lanerako pronto daudenak beti banatzaileak dira. Konstituzio plazako terrazetan edariak eta janariak egun osoan ahitu ez daitezen jo eta su dihardute goizean. Ez alferrik, 11:30ean furgoneta eta kamioi txiki guztiak plazatik atera behar dituzte. «Udaltzaingoak txilibituari eraginez gero, di-da garbitzen da hau», dio garagardoa partitzen ari den ilehori batek.

Argazkia bitxia da gero: goiztiarrenak —alemanak, frantsesak, nederlandarrak eta belgikarrak, esaterako— erdi galdurik dabiltza oraindik erabat jarri gabe dauden terrazetan eseri nahian. Haientzat berandu da oso gosaltzen hasteko, eguerdia gainean baita, baina bertakoak kafearekin eta croissantarekin ari direnez... «Zergatik ez dugu pintxo berde horiekin probatuko?», pentsatu du bikotekideari argazki bat atera berri dion neska batek, eta hor ari da kafesnearekin eta gilda batekin aldi batean.

Goiza lasai doa Konstituzio plazan. Bermutaren orduan animatzen hasi da, katalanak eta madrildarrak iristean. Haiek ez dira erraz erortzen plazan taberna tipikorik bada tipikoenaren eskaintzan: «Surtido de pintxos especiales: 10 tapas 30 euros» (Pintxo bereziak: 10 pintxo 30 euro). Sabela betetzeko gai izango ote dira behintzat mokadu berezi horiek...

Indigenak eta turistak

Banatzaileen furgoneten artean argazkiak ateratzen dituztenak ere ez dira gutxi. Talde bat azaldu da Astelena tabernaren kantoi aldean. Konstituzio plazan zezenketak egiten zirela eta horregatik balkoietan zenbakiak margoturik daudela azaltzen die gidariak Espainiako hegoaldeko gaztelaniaz. Coca-Cola banatzen ari den kamioi baten gidariari kamioia apur bat mugituko ote duen galdetu dio emakume batek... Morroia ez dago txantxetarako, eta tabernaren sarrera aldera abiatu da edari amerikarraren kaxa batzuekin.

Taldeak plaza gurutzatu du terrazei kasu handirik egin gabe. Parez pare topatu dute San Sebastian egunez Gaztelubideko danborradak hartzen duen taula nagusia. Upelen tenpluan dantza egiten da abuztuan. Arratsean Arkaitz dantza taldea ariko da, eta gauean, berriz, indigenek—arin-arina eta fandangoaren oinarriak menderatzen dituztenak— ikuskizun paregabea eskainiko diete turistei Agurtzane eta Jon Elustodok animatutako erromerian.

Eguerdi aldera, ordea, musika Konstituzio plazara doazen kaleetatik dator bakarrik. Ez da gauza handia gainera: Bulebarrean dauden Ande inguruetako musikariak, Parte Zaharreko edozein kaletan jartzen diren akordeoi jotzaile, txalapartari, biolin jotzaile eta beste jotzaile hainbat. Baina, Konstituzio plazan musika ez, edariak eta janaria dira protagonistak. Ambrosio, Tamboril, Astelena, Tximista, Txurrut... Pintxoa ia hiru euroan ematen duten tabernak ez dira falta, eta haien terrazak betetzen ari dira emeki-emeki. Arkupeak laguntzen du esertzeko erabakia hartzen, zirimiriaren mehatxua egun osorako baita.

Ataritik atera eta alboko liburu dendak kalean salgai dituen Donostiako posta txartel tipikoei izkin egin behar die goizero Guadalupek. «Oso ikusiak dauzkat», dio. Leihotik begiratzea nahikoa du argazki tipiko bat ikusteko. Neke ukitua ere nabari zaio. Plaza aldera so egin gabe Chivite arrandegian sartu da. «Gure etxean egunero bazkaltzen dugu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.