Zirkuaren akrobazia legalak

Berriz ere, Espainiako Hezkuntza Artistikoen Legetik kanpo geratu da zirkua. Horrek ondorioak ditu Hego Euskal Herriko zirku eskolentzat: titulazioa ez da ofiziala, eta zirku ikasketak egin dituzten profesionalek ezin dute hezkuntza publikoan irakatsi.

Emakume bat aireko akrobaziak egiten, Gernika-Lumoko Txitatoki zirku eskolan, joan den ostegun iluntzeko klasean. ARITZ LOIOLA / FOKU
Emakume bat aireko akrobaziak egiten, Gernika-Lumoko Txitatoki zirku eskolan, joan den ostegun iluntzeko klasean. ARITZ LOIOLA / FOKU
amaia igartua aristondo
2024ko martxoaren 19a
05:00
Entzun

Ahaleginak ahalegin, zapuztu egin dira asmoak atzera: Hezkuntza Artistikoen Lege berri bat ondu du Espainiako Gobernuak berrogei urteren ondoren, baina oraingoan ere kanpoan geratu da zirkua, baita beste diziplina artistiko batzuk ere —esaterako, magia eta txotxongiloen antzerkia—. Joan den ostegunean onartu zuten legea Espainiako Kongresuan, eta Senatuaren oniritzia baino ez zaio falta orain indarrean sartzeko. Legearen abarorik gabe, oso bestelakoa da Euskal Herriko zirku eskolen egoera: izan ere, Hegoaldean ez dago zirku titulazio ofizialik, eta egitasmo pribatuak dira eskola oro; Iparraldean, aldiz, badaude zirku eskola publikoak —azpiegitura eta irakasle publikodunak—, eta gobernuak ezarria du curriculum pedagogikoa, Elsa Pamparacuatro Gernika-Lumoko (Bizkaia) Txitatoki zirku eskolako kideak azaldu duenez.

Hain justu, lege berriaren prozedura gertutik aztertu du Pamparacuatrok, Espainiako FEECSE zirku eskolen federazioaren, FEFPAC zirkuko formakuntza profesionaleko federazioaren, eta Circored zirkuko profesionalen elkarteen federazioaren bozeramailea izan baita, eta Musikaren eta Arte Eszenikoen Plataforma Profesionalaren izenean ere negoziatu baitu. Esplikatu duenez, LOMLOE Espainiako azken Hezkuntza Legea izan da aldaketarako hauspoa —2020an onartu zuten—. «Batxilergo artistikoak daudenez, legeak dio beste lege batekin arautu behar direla hezkuntza artistikoak. Eta epe bat ezarri zuen: 2025a baino lehenago egin beharra zegoen». Artistaren Estatutuak azken bultzada eman zion: 2023an onartu zen, eta, Pamparacuatroren arabera, «argi ikusi zen guztiz beharrezkoa zela Hezkuntza Artistikoen legea».

Kostata ondu da, dena den. Aurreko legegintzaldian burutzea zen asmoa, baina, hauteskundeak aurreratu zituztenez, prozedura eten egin zen behin-behinean. Gobernu berria iazko azaroan osatu zuten, eta berehala heldu zioten legeari, egindako txosten guztiak berrerabili ahal izateko, Pamparacuatroren esanetan. Bozeramaile gisa, alderdiekin biltzea izan da haren egitekoa. «Zirkua zer den kontatu nien, batzuetan ez baitugu argi jada ez dela txikitan ezagutu genuen hori, baizik eta arte eszeniko bat dela, gero eta indar handiagoa duena». Zirkua zuzenketa baten bidez sartu nahi zuten —hala gertatu da, esate baterako, sormen idazketarekin—, eta, hasieran, itxaropentsuak izan ziren, oro har, alderdien erreakzioak.

«Goi mailako ikasketak egiten ditugu, baina, zirkuko erdi gradu bat egiten badut, gero ezin naiz unibertsitatera joan; ezin dugu masterrik egin, eta ezin dugu irakatsi»

ELSA PAMPARACUATROGernika-Lumoko Txitatoki zirku eskolako kidea

PSOE aurka agertu zen prozedura osoan zehar, ordea: kontrakotasuna adierazi zien hauteskundeen aurreko bilera sortan, eta iritzia berretsi zuen negoziazioak berrekin zituztenean. «PSOEko ordezkariek esan ziguten zirkuak ez duela ez ibilbiderik, ez ezarpenik», argitu du Pamparacuatrok, eta berehala gezurtatu ditu argudioak, zirku eskola eta konpainia mordo bat dagoela nabarmenduta —kasurako, EZE Euskal Zirku Elkarteak bere katalogoan jasoa duenez, Bizkaian zortzi eskola daude, lau Gipuzkoan eta bat Araban; eta Nafarroan, pare bat hamarkadatako ibilbidea egina du dagoeneko Oreka zirku eskolak, esate baterako—. «Nola esan dezakete ez dugula ibilbiderik? Demostratu nien eskolak ditugula hezkuntzako maila guztietan, eta aitortza behar dugula bakarrik», berretsi du Txitatokiko kideak.

Baina, azalpen horietatik harago, Pamparacuatrok oraindik ez daki zergatik utzi duten zirkua legetik kanpo, hainbat bertsio eta zurrumurru heldu baitzaizkio; PSOEko ordezkarien azalpen hori baino ez du, eta ez zaio «arrazoizkoa» begitantzen. «Esan izan balidate zirkua sartzeko sekulako dirutza beharko zela, ulertuko nuen. Hau ere proposatu nien: zuzenketaren ordez, sar zezatela legean zirkuko arteen atala, eta zehaztu zezatela xedapen gehigarrietan lantalde bat sortuko zutela zirkuko arteen ikasketak txertatzen hasteko». Baina horri ere uko egin zioten PSOEkoek. Azkenean, alderdiak zuzenketa transakzional bat sartu zuen legean —«beste alderdiak konbentzitzea lortu zuen», penatu da Pamparacuatro—, autonomia erkidegoei aukera emateko diziplina berriak sar zitezela eskatzeko; bide horrek, ordea, tramiteak luzatuko lituzke.

Alde egitea, alternatiba

Baina zein dira legean egotearen onurak? Hasteko eta behin, zirku ikasketak burutzen dituztenek titulu ofizial bat edukiko lukete. Prestigio kontu bat ere bada, baina, batez ere, babesa emango liekete profesionalei. Eta balioa, haien ikasketei. «Europan, adibidez, badago titulazio ofizial bat. Baina kanpoan ikasi dutenak hona bueltatzen direnean, tituluak ez du baliorik, ezin dute baliozkotu», esplikatu du Txitatokiko kideak. Eta, era berean, zirkuko ezein tituluk, hala hemen nola kanpoan erdietsitakoak, ez die balio beste ikasketa batzuetara jauzi egiteko. «Goi mailako ikasketak egiten ditugu, baina, zirkuko erdi gradu bat egiten badut, gero ezin naiz unibertsitatera joan; ezin dugu masterrik egin, eta ezin dugu irakatsi. Adibidez, batxiler artistikoetan, zirkuko inork ezin du klaserik eman». Hori horrela, zirkua irakasten denetan, beste diziplina batekin uztartzen da, titulu ofizial bat edukitzeko, bederen. Adibide bat eman du Pamparacuatrok: Madrilen, zirkuko unibertsitate gradu bat dago, baina, berez, dantza titulazio bat da.

Emakume bat buruz behera, Gernika-Lumoko Txitatoki zirku eskolako klase batean, joan den ostegun iluntzean. ARITZ LOIOLA / FOKU
Emakume bat buruz behera, Gernika-Lumoko Txitatoki zirku eskolako klase batean, joan den ostegun iluntzean. ARITZ LOIOLA / FOKU

Egoera paradoxikoa da, Ines Delgado Bilboko Zirkozaurre elkartearen eta Haztegia proiektuaren kultura kudeatzailearen berbei erreparatuta. «Hemen txikitatik ikas ditzakezu zirkuko hainbat diziplina; baina, momentu batean, argi baduzu zirkuko profesionala izan nahi duzula, ez dago modurik». Delgadoren arabera, diziplina batzuk oinarrizkoak dira —akrobaziak, airekoak, malabarrak, bertikalak...—, baina horietako batzuetan sakontzeko goi mailako beste eskola batera joan beharra dago, haiek ezin dutelako espezializazioa eskaini. Portugalera, Tolosara (Okzitania), Erresuma Batura eta abarrera jotzen dute, eta, sarritan, ez dira itzultzen. «Niretzat, hori da arazorik larriena: han geratzen badira, hemengo sektorearentzat zailagoa da aurrera egitea».

Oinarrizko ezagutza horretan, ordea, nahiko bateratua da irizpidea, nahiz eta legez araututa ez egon curriculum pedagogiko bat. Europa mailako sare zabal baten parte dira, eta Europan adostutako metodologia da haien programa pedagogikoa ontzeko eredua, Delgadok esan duenez.

Diru kontua ere bada

Lanari ere eragiten dio, halaber. Artistak ez baitaude sartuta Incual Espainiako Konpetentzien Institutu Nazionalaren katalogoan, Pamparacuatrok nabarmendu duenez. «Hau da, ezin ditugu gure laneko konpetentziak demostratu. Ez daukagu gure ezagutzak homologatuko dituen soslai artistikorik». Ezin dute bermatu, ofizialki, zertan trebatu diren. Hortaz, konpainia batean lan egin dezakete, baina oztopo gehiago dituzte irakaskuntzara jauzi egiteko, Delgadoren esanetan. «Titulazio barik, ezin da hezkuntza publikoan irakatsi», esate baterako.

«Gustatuko litzaiguke zirkuko ikasketetarako sarbidea demokratizatzea, baina oraingoz ez da posible»

INES DELGADOBilboko Zirkozaurre elkartearen eta Haztegia proiektuaren kultura kudeatzailea

Horrek ate batzuk zarratu dizkie, baina beste batzuk gehiegi irekitzen ditu. Izan ere, egoerak bide ematen dio intrusismoari, Pamparacuatrok ohartarazi duenez. «Gaur egun, yogako titulazioa daukan pertsona batek edota sarean zirkuko diziplina baten bideoak ikusi dituenak klaseak eman ditzake. Eta guk ikasten ditugu bi, hiru edo lau urte goi mailako eskola batean, titulazio bat edukitzeko eta gai izateko metodologia eta pedagogia batzuk irakasteko, eta, ez dagoenez titulu ofizialik, berdin dio». Hau da, akrobaziaz apenas dakien batek akrobazia eman dezake, esate baterako, horrek dituen ondorioekin. «Zirkua oso polita da, baina baita oso arriskutsua ere, eta, ondo egiten ez bada, segurtasun neurriak hartzen ez badira, istripu bat gerta liteke».

Ez da bazterreko kezka bat, zirkuak eskaera handia baitauka. Batetik, asko eskatzen baitute askotariko ikuskizunetan eta emanaldietan; eta, bestetik, andana bat direlako hura ikasi nahi dutenak, hala zirku eskoletan, nola hezkuntza arautuan. «Konturatu dira motrizitatea pila bat lantzen duela, indarra, oreka... Onura pila bat dakarrela», nabarmendu du Pamparacuatrok. Haur Hezkuntzarako eta Lehen Hezkuntzarako eskatzen dute gehienbat, baina Bigarren Hezkuntzan ere hasia da bidea egiten. «Eskaera pila bat dira, ezin ditugunak bete, ez dugulako irakasle trebatu nahikorik, eta eskolek ez dauzkatelako beren azpiegiturak prest».

Zirkozaurre elkarteko kideak antzezten, 'Harreman' ikuskizunaren estreinaldian, Leioako 2023ko Umore Azokan. ZIRKOZAURRE
Zirkozaurre elkarteko kideak antzezten, 'Harreman' ikuskizunaren estreinaldian, Leioako 2023ko Umore Azokan. ZIRKOZAURRE

Legetik kanpo egoteak finantzaketari ere eragiten baitio; eta, ondorioz, zirku eskolen baliabideei. Orain, negozio pribatuak dira Hego Euskal Herriko zirku eskola guztiak, eta, hala, euren gain hartu behar dituzte behar guztiak: irakastea, bai, baina baita ere kudeaketa lanak. «[Txitatoki] eskolako gestioan sartu nintzenetik, ez dut zirkua egiten. Egoitzarekin egon behar naiz jo eta ke, ezin ditut beste gauza batzuk egin. Adibidez, musika eskola batean hodi bat apurtzen bada, udalak konpontzen du; nire zirku eskolan hodi bat apurtzen bada, nik bilatu behar dut dena». Publikotasunak «babesa» ematen duela azpimarratu du Pamparacuatrok: izan ere, Hego Euskal Herriko zirku eskolek ekonomikoki bideragarriak izan behar dute desagertu nahi ez badute.

Delgadok esplikatu duenez, gaur-gaurkoz soilik Kultura arlotik lor ditzakete diru laguntzak, baina ez Hezkuntzatik. «Diru gutxiago da», azpimarratu du. Eta, Pamparacuatrok bezala, publikotasuna defendatu du. «Legea onar zezatela itxaroten ari ginen, gure asmoa delako titulu ofizial bat eskaintzea. Baina orain arte ezin izan dugu egin, zailagoa baita». Gainera, ikasketak pribatuak izango liratekeenez, matrikula ere nabarmen puztuko litzateke: kurtsoak 3.000 euro balioko luke, Delgadok zehaztu duenez. «Gustatuko litzaiguke zirkuko ikasketetarako sarbidea demokratizatzea, baina oraingoz ez da posible».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.