ETBk lehen emanaldiak hasi eta denbora gutxira, ETBko Dokumentazio eta Artxibo arduradun lana hartu zuen oposizio bitartez Iñaki Agirregomoskortak (Bilbo, 1955). 1993tik 1998ra ere EITBko artxiboko zuzendaria izan zen. Gero, Euskaltelen egin zuen lan, erretiroa hartu arte. ETBren sorrerari buruzko dokumentazioa zuen gordea, baina Jose Luis Orella lankide ohiak gomendatu zion aurrekariak lantzeko. «Horretan hasi nintzen, eta liburuaren idazketa ETBko lehen emankizunekin bukatu nuen».
1980ko hamarkadaren lehen urteetan EITB sortzeko lanean aritu zirenetako batzuk hilda daude, baina beste asko bizirik daude. Nolako elkarrizketak egin dituzu haiekin libururako?
Iñigo Agirre EAJko diputatu eta legebiltzarkide ohiarekin izandako elkarrizketa oso aberatsa izan zen, informazio asko eman zidan. Gotzon Olarte euskal kontseilu orokorraren kultura sailburuarekin izandako elkarrizketa ere oso baliagarria izan zen.
Artxibategietan ere aritu zara urpekaritza egiten, ezta?
Hiru iturritatik baliatu naiz: Eusko Jaurlaritzaren hasierako dokumentazioa [digitalizatu egin du]; aurrez aurreko elkarrizketetan, batek bestearengana eraman nau; eta taula kronologikoak egiteko, egunkari digitalak begiratzen aritu naiz.
EITBren sorrera prozesutik zer iruditu zaizu deigarriena?
Zirraragarriena izan zen zegoen borondate irmoa EITB sortzeko, nahiz eta bidean makina bat arazo topatu. RTVEko zuzendaritzaren aldetik traba asko egon ziren, batez ere Fernando Castedo zuzendariarengandik.
RTVEk ez zituen gauzak erraz jarri orduan, ezta?
Zailtasun asko izan ziren EITB sortu aurretik. PSOE Espainiako Gobernura iritsi zenean, errazagoa izan zen. Kontua da Madrilen nahi zutela ETB estatu mailako markoan egotea, RTVEren legearen barne. UHF [gaur egungo La2] estatu osoan hedatu nahi zuten kate autonomikoak abiarazi aurretik, eta hedapen hori ikaragarri luzatzen ari zen.
Liburuan ageri da hirugarren edota laugarren kanala lortzeko borroka. Zer desberdintasun zegoen bien artean?
Karlos Garaikoetxearen eta Adolfo Suarezen artean harremanak egon ziren, eta marko bat ezarri zen. Horren arabera, trantsizio epe bat egongo zen eta Telenorten euskarazko programazioa ekoitziko zuten egunero. Baina hori ez zen betetzen, eta ez zen bete. Autonomia estatutuan artikulu batean jasotzen zen erkidegoak izango zuela aukera bere hedabide propioak izateko. Madrilek ez zuen ahalmen hori garatzea nahi, eta, ETB sortuz gero, haien hirugarren kanala izatea nahi zuten. Horregatik ekin zioten laugarren kanalaren bideari. Baina hirugarren kanala legeztatu zen azkenean, eta TV3 ere sortu zuten.
Formakuntzan zer garrantzi izan zuten Studio Hamburgek eta Xabier Elorriagak?
Izugarria. Alemaniako Studio Hamburg bidelaguna izan zen prozesu guztian. Juan Jose Azurza funtsezko pertsona izan zen, eta Studio Hamburgekin harreman estuak izan zituzten. Bestetik, Xabier Elorriaga ere funtsezkoa izan zen ikastaroen irakasle moduan. ETBko zuzendaria izan zedin nahi zuten, baina nahiago izan zuen bere ibilbidearekin jarraitu.
Liburuan jaso duzunez, oso denbora gutxi pasatu zen Iurretako (Bizkaia) obrak hasi eta ETBk emanaldiei ekin arte.
Bai, horretan funtsezkoak izan ziren Karlos Garaikoetxea eta Ramon Labaien politika arloan, eta bi ingeniari: Juan Jose Azurza eta Josu Zubiaur. Obra aurrera eraman zuena Zubiaur izan zen.
Labaienek nahi zuen ETB batez ere euskaraz izatea, eta gaztelania salbuespena izatea.
Bai, baina hizkuntz bakarrean soilik ezin zen. Amatiño-eta konturatu ziren albistegiak ordu batean euskara hutsean (iluntzean) behar zuela, eta bestean (eguerdian) gaztelaniaz. Jose Maria Gorordo EITBko zuzendari izendatu zuten 1985ean, eta hark antolatu zuen ETB2.
Nola ikusten duzu ETBren etorkizuna?
Zaila. Uste dut ezin dela lehiatu denekin, eta ETBk argi izan behar du norengana iritsi nahi duen.
Iñaki Agirregomoskorta. EITBko artxiboko zuzendari ohia
«Zirraragarriena izan zen borondate irmoa zegoela EITB sortzeko»
Alberdaniarekin argitaratu du 'Así nació la televisión del País Vasco' liburua. EITBren lehen emankizunak hasi aurretik, prozesu politiko eta tekniko guztia jaso du. Protagonistetako batzuk elkarrizketatu ditu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu